Euskal Herriko Kopa eta Espainiako Bigarren Mailako Kopa Tolosan

Ataria 2022ko azaroaren 22a

Asteburuan, azaroaren 26an eta 27an, Tolosako Usabal Kiroldegian Euskal Herriko Kopa eta Espainiako Bigarren Mailako Kopa izango dira jokoan. Beraz, bi txapelketa desberdinetan lehiatzeko aukera izango da.

Guztira emakumezko zortzi talde eta gizonezko zortzi talde lehiatuko dira, eta sailkapena ere hala izango da, emakumeena batetik eta gizonena bestetik.

Asteburu osoan zehar egutegiko proba guztiak igeri egingo ditu talde bakoitzak, proba bakoitzeko bi igerilarik parte hartuz. Hauez gain, bakoitzak bost errelebotan parte hartzeko aukera ere izango du. Talde bakoitza gehienez 14 igerilariz osatua egon daiteke.

Probak goizean 10:00etan eta arratsaldean 17:00etan hasiko dira, eta Tolosaldea IKT taldeak 25 igerilari ingururekin aurkeztuko da lehiaketara.

Aurtengo berrikuntza da Euskal Herriko Kopa jokoan izateaz gain Espainiako Lehen Mailako Kopara igotzeko sailkapena ere lehiaketa horretan jokatuko dela. Beraz, eskualdeko taldea motibazio bikoitzarekin eta oso gogotsu lehiatuko da asteburuan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!