Abenduaren 10a, egutegian gorriz markatutako eguna izango da Tolosa CF klubeko ordezkarientzat. Egun horretan, mendeurreneko ospakizunekin jarraituko dute, eta besteak beste, Tolosako eta Realeko futbol jokalari beteranoen lagunarteko partida izango da Berazubi futbol zelaian. 16:30ean hasiko da partida eta sarrera doakoa izango da. Iaz, Realeko eta Osasunako jokalari beteranoen arteko partida antolatu zuten Berazubin jokatzeko, baina azkenean bertan behera utzi zuten; aurten, ordea, partida aurrera ateratzea espero dute.
Larunbat hori, gainera, «festa egun handia» izatea nahi dutela nabarmendu du Jon Aldazabal zuzendaritzako kideak. «Heldu zein gazteak ez ezik, haurrak ere gonbidatu nahi ditugu estadiora. Izan ere, eta eguraldiak laguntzen badu, Real Sociedad Fundazioaren bitartez, puzgarriak izango dira bertan. Eskerrak eman nahi dizkiogu Realari, batetik, gurekin izan duen portaeragatik, eta bestetik partida jokatzeko eta festa eguna antolatzen laguntzeko emandako erantzunagatik».
Futbol partida, ordea, ondoren etorriko denaren aperitiboa besterik ez da izango. Izan ere, afari herrikoi bat antolatu dute, klubeko zuzendaritzako kide, jokalari, prestatzaile, laguntzaile edota kolaboratzaile izan diren guztientzat, baita gaur egun direnentzat ere. Alondegia plazan izango da otordua. «Eskerrak emateko afaria izango da, eta beraz, jende ugari etortzea espero dugu. Gonbidapena mutilentzako eta neskentzako da». Afarirako txartelak 20 euroko kostua izango du, eta aurrerago zehaztuko dute non eta noiz erosi ahal izango diren. «Afarira joan behar duten guztiei Berazubin bertan biltzeko deia luzatuko diegu, bertan ezaugarri bat emango baitzaie. Gero, elkarrekin joango gara afarira».
Afarian sorpresak izango direla aurreratu du Aldazabalek: «Jokalari eta bestelako ordezkari asko pasa dira klubetik, eta iruditzen zait inoiz ez zaiela esker hitzik adierazi. Hortaz, eskertza ekitaldi bat egiteko garaia dela iruditzen zaigu. Badirudi ez dela aspaldiko denboraldi onena izaten ari, baina kontuan izan behar da, futbolean bakarrik, ia 700 jokalari ditugula maila desberdinetako taldeetan. Sasoiko gaude eta horrela lan egiten jarraituz gero, sasoikoago egongo gara. Abenduaren 10a, beraz, egun berezia izango da, Tolosa CF klubaz harro egoteko moduko eguna».
Besteak beste, Haritz Doyharzabal tolosarrak eta Tomas Orbegozo azpeitiarrak lagunarteko partidan jokatuko dute. Doyharzabalek tolosarren elastikoa jantziko du; Orbegozok, berriz, txuri-urdina. Realeko atzelari ohiak, 1981etik 1985era bitarte jokatu zuen Realean; tartean, talde gipuzkoarrak Alemaniako Hanburgoren aurka jokatu zuen eta realzaleek inoiz ahaztuko ez duten Europako Kopako finalerdietako kanporaketa jokatu zuen. Doyharzabalek deia luzatu die 32 urte baino gehiago dituzten Tolosa CFko jokalari ohiei, beraiekin batera partida jolastera joateko. «Talde polita osatu dugu, eta nahi duenak, futbolean minutu batzuk jolasteko aukera izango du. Jokalariak gogotsu daude berriro oinetakoak jantzi eta Berazubin jokatzeko», adierazi du.