Askotariko ekintzak antolatu dituzte Tolosan Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea ospatzeko

Ataria 2022ko aza. 21a, 15:55

Azaroaren 24tik 26ra bitarte, kosmetika, ipuin zein eskulanen tailerrak, konposta gunea eta liburu eta diskoen elkartasun azoka egingo dira Trianguloa plazan; ikastetxeetan, DBHko 1. eta 2. mailako ikasleek gaiaren inguruko lanketa berezia egingo dute.

Azaroaren 19tik 27ra Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea ospatzen da, kontsumo jasangarria eta ekonomia zirkularra bultzatu eta indartzea oinarri eta helburu hartuta. Hori dela eta, aurtengo edizioak zabor kopurua gutxitzearen beharra ikusaraztea eta gizarteratzea du ardatz eta helburu, horretarako hondakinen produkzioa murriztuz eta berrerabilera indartuz.

2021. urtean Tolosako biztanle bakoitzak batez beste 357,58 kilo hondakin sortu zuen. Jasangarritasunaren bidean, baina, kopuru hori murriztea eta hori lortzeko urratsak ematen jarraitzea da Tolosako Udalaren helburua. «Horretarako ezinbestekoa da gaiaren inguruan hausnarketa eragin eta herritarrak kontzientziatzea, guztion ardura baita hondakin gutxiago sortzea eta hori lortzeko bideak sustatzea», adierazi dute udaletik.

Hori horrela, udala erakunde publiko gisa lanean ari da Tolosa herri jasangarriagoa izateko. Oraingoan ere bat egin du Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen ospakizunarekin eta herritarren kontzientziazioa bultzatze aldera hainbat ekintza antolatu ditu azaroaren 24tik 26ra bitartean.

Elkartasun azoka

Azaroaren 24an, osteguna, eta 25ean, ostirala, berreskuratutako eta zaharberritutako liburu eta diskoen elkartasun postua jarriko du Kaleko Elkartasun eta Kultur Elkarteak Trianguloa plazan, 09:00etatik 20:00etara. Elkarte honek  kulturaren bidez bazterkeria ekonomikoa jasaten duten pertsonei ematen die laguntza eta salmentan jartzen dituzten produktuak erakunde publikoetatik edo pribatuengandik eta partikularrengandik jasotzen dituzten dohaintzak izaten dira.

Konposta gunea eta tailerrak

Etxeetan sortzen dugun hondakinen kopuru handi batek jatorri organikoa du eta hori energia eta konpost bihur daiteke, baliabide aprobetxagarria bilakatuz. Gaur egun, Tolosan auzo-konposta egiteko aukera dago hainbat auzotan kokaturiko gunetan: Amarotzen (2 gune), Larramendin, Arkauten, Zabalarretan, Allirin, San Estebanen eta Iurren.

Horri lotuta, azaroaren 26an konpostaren inguruko informazio puntu bat egongo da Trianguloa Plazan, 11:00etatik 13:00etara gune horiek duten garrantzia azpimarratzeko eta tolosarrei herrian dauden konpost guneak ezagutzera emateko eta erabiltzera animatzeko. Horrez gain, loreak ere oparituko dira, konposta erabiliz landatzeko. Auzo konposta egitera animatzen diren herritarrek auzokonposta@tolosa.eus helbidera idatzi dezakete, izena eman edo informazio gehigarria eskatzeko.

Horrekin batera, kosmetika, ipuin eta eskulanen tailerrak ere egingo dira Trianguloa plazan, ordu berean. Ipuin tailerrean, dadoen bitartez hondakinei buruzko ipuinak asmatuko dituzte partaideek, eta ondoren, zakar poltsan bukatzen duen hondakin bat erabilita eskulan tailerra egingo dute, guztia Intujai taldearen gidaritzapean. Tailer honetan parte hartzeko partaideek plastikozko botila bat eraman beharko dute, ahal bada, 1,5 litrokoa.

Kosmetika tailerrean, halaber, partaideek hortzetako pasta egingo dute; bien bitartean, material desberdinak ezagutuko dituzte eta etxean sortzen diren ontzi desberdinei irtenbidea emateko aukera izango dute. Bidatz Sasiain tolosarrak eskainiko du tailerra. Kasu honetan, partaide bakoitzak jogurt pote huts eta garbi bat eta kristalezko ontzi txiki bat (taparekin) eraman beharko du.

Lanketa berezia ikastetxeetan

Guzti horrekin batera, herriko ikastetxeetan, DBHko 1. eta 2. mailako ikasleek Zure platerean hasten da mundua ekintza landuko dute. Ordubete inguruko saioetan, ekoizpen zein kontsumo ereduen inguruko hausnarketa bultzatuko duen arazo-egoeraren lanketa burutuko dute eta gaian sakontzeko, irakaslegoarekin heziketa-baliabideak partekatzeko aprobetxatuko dute, EH kolektiboaren gidaritzapean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!