Gure Zirkuak Tolosan emango dio amaiera bosgarren birari

Ataria 2022ko aza. 21a, 12:31

Euskal Herrian zehar 101 emanaldi egin ondoren, etxera itzuliko dira. Abenduaren 26tik urtarrilaren 8ra bitarte 12 emanaldi egingo dituzte eta sarrerak salgai daude jada Gurezirkua.eus webgunean.

Herri handi eta txikietan, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, eskualde euskaldunetan, eta gero eta euskaldun gehiago dituzten eskualdeetan; Gure Zirkuak hazten jarraitu du 2022an, maiatzaz geroztik egindako egonaldi bakoitzean.

«Zoragarria eta gogoangarria» izan da taldeko kideentzat 2022ko bira. «Taldearen bosgarren bira izateaz gain, karpa berriro jendez lepo bete baita aurten egindako 101 emanaldietako ia bakoitzean. Txaloak, barreak, oihuak eta emozioak. Guztiak hartu du beste dimentsio bat, beste indar bat, pandemia garaiko murrizketak atzean utzi eta zirkuaz bere osotasunean gozatu ahal izan duen karparen azpian».

Neguan atseden hartu aurretik, bosgarren birari amaiera emateko ordua iritsi zaie. «Eta zer hobe, beste urte batez, Gure Zirkuaren proiektuak sorterri izan duen herrira itzultzea baino».  Hala, Gure Zirkuak «ilusio handiz» iragarri du 12 emanaldi eskainiko dituela Tolosan. Sarrerak salgai daude jada Gurezirkua.eus webgunean. 

Egitaraua
  • Abenduaren 26an, astelehenean, 18:00etan.
  • Abenduaren 27an, asteartean, 18:00etan.
  • Abenduaren 28, asteazkenean, 18:00etan.
  • Abenduaren 29an, ostegunean, 18:00etan.
  • Abenduaren 30ean, ostiralean, 18:00etan eta 21:30ean.
  • Urtarrilaren 2an, astelehenean, 17:00etan.
  • Urtarrilaren 3an, asteartean, 17:00etan.
  • Urtarrilaren 4an, asteazkenean, 17:00etan.
  • Urtarrilaren 7an, larunbatean, 18:00etan eta 21:30ean.
  • Urtarrilaren 8an, igandean, 12:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!