Tolosan ordubetez aurreratuko dute Gabonetako argien itzaltzea

Ataria 2022ko aza. 21a, 12:00

Mundu mailako egungo egoeraren eraginez argindarraren kostuak izandako gorakadagatik eta iraunkortasuna sustatzeko asmoz, Tolosako Udalak Eguberrietako argiteria pizteko ordutegia murrizteko erabakia hartu du. 

Abenduaren 2tik urtarrilaren 8ra piztuko dituzte Eguberrietako kaleko argiak, baina aurreko urteetan 23:00ak arte piztuta egoten baziren ere, aurten 22:00etan itzaliko dira. Hau da, kaleko gainerako argiekin batera piztuko dira, baina lehenago itzaliko dira. Egun esanguratsuetan ere, abenduak 24 eta 31 eta urtarrilak 6, kaleko argiak 22:00etan itzaliko dira, nahiz eta orain arte gau osoan zehar piztuta egoten ziren. 

Horrez gain, kale argiztapena Tolosa guztira zabaltzeko asmoz eta kostua arintzeko helburuarekin, aurten San Frantzisko kalean argiak hiru zuhaitzetatik behin jarri ordez, lau zuhaitzetik behin jarriko dira. Ondorioz, soberan geratzen diren argiak Larramendi auzoko parkean jarriko dira.

Urtez urte, kontsumoa jaisten

Udalak adierazi duenez «apustu irmoa» egiten jarraitzen du jasangarritasunaren alde, baita energiaren arloan ere. Bide horretan, energia eraginkortasuna eta energia kontsumoa murrizteko urrats garrantzitsuak eman ditu azken urteotan, hala nola, eguzki plaken instalazioa Ferialekuan, elektro-mugikortasuna udalaren flotan, Hiribus elektrikoa, hainbat energia auditoretza eta LED teknologiadun argien instalazioa.

Lanketa hori bere fruituak ematen ari da eta egindako pauso eta urrats guztiei esker, udalak azken hiru urteetan %9 murriztu du udal eraikinen kontsumoa eta %13 herriko argiteria publikoarena. Zehazki, 2019an, orduko 2.207.955 kilowatt kontsumitzetik, 2021ean, orduko 2.022.063 kilowatt kontsumitzera pasa da, eta 2022an, orain arte, orduko 1.163.579 kilowatt murriztu da. Murrizketa hauek ere eragina izan dute energiaren gastuan; 2019an, 374.294 eurokoa izan zen, eta 2022an, aldiz, 240.014 eurokoa. Kasu honetan, gastua murriztu den arren, kontsumoaren eta gastuaren arteko jaitsiera ez da berdina izan, egungo egoera dela eta, argindarraren prezioa nabarmen igo delako aurreko urteekin alderatuta. 

«Erakunde publiko gisa, Udalaren ardura da energia kontsumoarekiko eta gastuarekiko arduratsu jokatzea Tolosa jasangarriago bat eraikitzeko. Eta hori da, hain zuzen, gure apustu eta konpromisoa. Azken lau urteotan egindako lanek eraman gaituzte gaur egungo emaitza horiek lortzera eta bide berdinari helduta jarraituko dugu lanean herriari zein herritarrei etorkizun jasangarriago bat eskaintzeko», adierazi du Olatz Peon alkateak.

Trantsizio energetikoa lan ardatz gisa hartuta, udal gobernuak aurkeztutako 2023rako aurrekontu proposamenean 469.000 euroko inbertsioa dago aurreikusita energia eraginkortasunaren alde urratsak ematen jarraitzeko. Esaterako, eguzki plaka berriak jarriko dituzte Ferialekuan, eta baita Emeterio Arrese eraikinean. Horrez gain, Pablo Gorosabel eraikinean plaka fotovoltaikoak jartzeko aukera ere aztertuko dute.

LED argiteria herri osoan

Energia kontsumoa aurrezteko egindako beste lanetako bat izan da herriko argiteria LED teknologiadunera pasatzea, hau da, herriko kaleak argiztatzeko kontsumo baxuko argiak jartzea. Une honetan, Tolosako kale argiteriaren ia %90 LED teknologiaduna da eta datorren urteari begira, zifra hori %100 izatea aurreikusi dute. 

Bide horretan, datorren urtean telegestio sistema ezarri nahi du udalak, luminarien argiztapena kontrolatu eta monitorizatzeko, mantentze lanak errazteko eta gaueko ordu txikietan gehiegizko argiztapena saihesteko. Bestetik, udal eraikinetan LED teknologia jartzeko lanak ere abian daude: 2022an udaletxeko argien aldaketari ekingo zaie eta datorren urtera begira eraikin publiko gehienetan egingo da esku-hartzea.

Gaur gaurkoz, 2022an Uzturpe pilotalekuan eguzki plakak ezartzeko lanketan murgilduta dago udala, inguruko ikastetxeetan energia berriztagarria izateko, etorkizunera begira, Tolosaldea Lanbide Heziketako Institutu Integratuan, Samaniegon zein Orixen ere erabili ahal izatea aurreikusten dutena. Bestetik, aparkaleku publikoetan kotxe elektrikoentzako karga puntuak jartzeko azterketa ere esku artean du udalak dagoeneko.

Gainera, orain arte hiru udal eraikinetan erabili da Ferialekuan dagoeneko instalatuta dauden autokontsumorako plaka fotoboltaikoetan sortutako energia eta 11.203,53 euroko aurrezkia eragin du honek. Helburua da datozen hilabeteetan energia hori udaletxera, musika eskolara eta haur eskolara ere bideratzea, autokontsumo maila eta energia errentagarritasuna handitzeko. «Aipagarria da, jasangarritasunaren aldeko bidean, udalak argindarrari lotuta dituen kontratuen %100ak ziurtagiri berriztagarria dutela, eta, horrenbestez, ez dutela karbono dioxido isurpenik eragiten», adierazi du alkateak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!