Julen Alberdi finalerdietan izango da

Ataria 2022ko azaroaren 20a

Ogi Berri Txapelketan, Migel Soroaren Oroimenezkoan, elite mailako partida tanto batengatik irabazi zuen zizurkildarrak Aldaberekin batera, Canabal eta Aitor Elizegiren aurka.

Atzo arratsaldean jokatu ziren txapelketako final-laurdenak Beotibar frontoian. Elite mailako pilotariek txapelketako orain arteko partida onena jokatu zuten, ordu eta erdiz laurek sekulako maila emanez. Erremate izugarriak eta defentsa ikusgarria erakutsi zuten lau pilotariek.

Jaialdiko lehen partidan lehen mailakoek jokatu zuten, eta irabazleek sekulako buelta eman zioten markagailuari. Delafuente eta Lizeaga 10-1, 17-4 eta 21-14 joan ziren galtzen Irribarria eta Lozaren aurka, eta azkenean irabazi egin zuten partida.

Promesa mailan ez zen beste bi partidetan bezainbesteko emoziorik izan. Rekalde eta Belokik partida on bat jokatu zuten, nagusi izan ziren, eta Eñaut Lizeaga eta Canseco bikoari 22-11 irabazi zieten.

Argazkiak: Rober Yañiz

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!