Babarrunaren Festan, oinak bustita bada ere

Irati Saizar Artola 2022ko aza. 19a, 16:17

Aterkipean, baina festaz gozatzeko aukera izan da, goizean zehar, Tolosako plaza eta txoko askotan. Eta festa gosez denak gauera arte izango du zertaz gozatua.

Eguraldiak ez du askorik lagundu Babarrunaren Festan, baina, hala ere, ez da eten festarik. Aterkiarekin, aterpea zegoenetan hura itxita, hankak erdi bustirik, baina barruak babarrun beroez goxatuta, beste modu batera pasatu dute herritarrek gaurko goiza.

Tolosako txoko ezberdinetan bazen zer ikusia eta zer dastatua. Alondegian, XXXIV. Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoa egin dute, Gure Kaiolak antolatuta. Bakoitzak bere karpa izan du, euritatik babestu eta nahieran babarrunak prestatzeko. Goizean zehar, pintxo solidarioa dastatzeko aukera ere izan da Alondegian, Gure Kaiolaren eskutik. Irabaziak KelleSensa GKE senegaldarrarentzat izan dira. Eta tripa betetzen jarraitu nahi zuenak eguerdian Trainguloan izan du aukera, Tolosako Babarrunaren Kofradiaren eskutik, Tolosako babarruna jateko aukera izan baita.

Trianguloan, XXVII. Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketa egin dute batetik, baina babarrunaren azoka bereziak ere hartu bere lekua, hainbat postu karparen azpian jarriz. Karpa hori eta postuen arteko pasilloa aprobetxatu behar izan dute, Udaberri eta Uztaritzeko Izartxo taldekoek dantza egin eta kalejirari hasiera emateko. Eta aterpez aterpe ibili dira, ahal zuten moduan, jende artean, oin bustiak dantzan jartzen. Triangulotik Zerkausira egin dute lehen tartea, eta handik Berdura Plazako aterpera joan dira jarraian. Plaza Berriko kioskoa ere hartu dute gero, dantzan eta umore onez, eguraldiari gain hartzeko.

Eta eguraldiak baldintzatuta geratu da, baita ere, Ferialekutik atera gabe, Tolosako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa. Hala ere, deia egin zaie haur eta gaztetxoei bertara gerturatzeko, eta han tarte alai pasatzeko aukera izan dute. Bentazaharreko Mutiko Alaiek taldea ere ez da isilik egon, eta euskal kantuak zuzenean jotzen aritu dira, goizean zehar, esaterako, Gaztelako atearen azpian, inguruan jendetza aterkiaren azpian kantuan zutela.

Eta bazkalordurako, elkarte eta tabernak goraino bete dira, babarrun jateak egiteko. Horretarako giro aproposa, benetan. Eta festan jarraitzeko, 18:00etan, Maria Luisa Agirre Doktorearen Plazatik abiatuta, Andoni Egaña eta Amaia Agirre bertsolariak izango dira, kalejiran. 19:30ean, Kalean txarangak Tolosako bazterrak alaituko ditu, eguraldiak gehiago laguntzen badu, eta 23:00etan, Plaza Berrian, Gozategik kontzertua eskainiko du. Ordubete beranduago, Jainekin txaranga ibiliko da kalez kale.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!