Babarrun platerkada goxoena, Aramendi anai-arrebena

Irati Saizar Artola 2022ko azaroaren 19a

Gure Kaiola elkarteak antolatuta, XXXIV. Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoa ospatu da Alondegian, goizean zehar. 22 bikotek hartu dute parte eta irabazleak Juan Mari Aramendi eta Gema Aramendi anai-arrebak izan dira, seigarrenez.

Beste urte batez, goizean goizetik bor-bor jarri dituzte babarrunak 22 bikotek Gure Kaiola elkarteak antolatutako Babarrun Lehiaketa Gastronomikoan parte hartzeko. Aurten, Alondegia plazan aritu dira prestaketa lanak egiten. Horietatik hiru bikotek saria eskuratu dute. Seigarrenez jantzi dute txapela Albizturtik datozen Juan Mari eta Gema Aramendi anai-arrebek. Bigarren saria Ibarrako Alberto Zubelzu eta Bixente Artolarentzat izan da, eta hirugarren postuan geratu dira Legorretatik etorritako Migel Latienda eta Joxe Mujika.

Guztiek azken edizioko irabazlea izan zen Sebas Garziarenak Berastegin ekoiztutako babarruna prestatu behar izan dute, babarrun berdina zen beraz guztientzat. Bakoitzaren abileziak atera behar, plater goxoena prestatzeko. Halaxe esan dute Aramendi anai-arrebek, seigarrenez txapela jantzita: «Sekreturik handiena maitasunarekin egitea da, goxo-goxo. Gure gurasoek erakutsitako linean jarraitzen dugu».

Gemak bi urte eta Juan Marik lau urte zituenean gurasoek Albizturko Ostatua hartu zuten, eta han hezi ziren. 25 urte ingururekin hiru anai-arreben artean Donostian jatetxe bat jartzeko apustua egin zuten, Gasteiz jatetxean, eta hor jarraitzen dute, egunero-egunero, babarrunak prestatzen. Babarruna, ura, tipula pixka bat eta oliba olio onarekin prestatu dute gaurko platera, eta «mimoz» zaindu dute, «aldian behin mugituz». Era berean, Gure Kaiolak babarrunaren inguruan egin duen lana goraipatu nahi izan dute biek: «Tolosako babarrunak munduan zehar duen arrakasta ez zuen izango Gure Kaiola elkarteak lan hau hartu izan ez balu».

Hala, lehiaketa gastronomikoan parte hartu duten guztiak bazkaltzera gonbidatu ditu Gure Kaiola elkarteak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!