Joxe Mari Aranburu ekoizlearen babarruna izan da onena

Irati Saizar Artola 2022ko azaroaren 19a

Tolosako Babarrunaren ekoizleen XXVII. lehiaketaren lehen saria Oiartzunera joan da. Bigarren sariak Zumaiarako bidea hartu du, hainbestetan parte hartu duen Joxe Mari Aramendiren babarrunak jaso du; eta hirugarrena, Tolosan geratu da, Manuel Zubelzuren babarrunak lortu du.

Lehen aldiz lortu du Tolosako perla beltzaren lehen saria Oiartzungo Joxe Mari Aranburu Mitxeok, Bordatxo baserrian ekoizten duen babarrunarekin. Bigarren saria Joxe Mari Aramendi Urbieta zumaiarrarentzat izan da; Karakas baserrian ekoizten dute babarruna. Eta hirugarren saria Tolosako Montesku auzoan Manuel Zubelzuk ekoitzitako Zuka babarrunak jaso du.  

Txapela «ilusioarekin» jantzi du Aranburu irabazleak: «Hainbeste urtez lan egin eta beste ekoizleen artean nabarmentzeak ilusioa egiten du». Oiartzungo Bordatxo baserri ingurua dituen 5.000-6.000 metroko lursailetan ereiten du babarruna, eta aurten, eguraldiagatik urte «kaxkarra» izan badute ere, kostaldean ekoitzi dutenek zorte gehiago izan dutela aitortu du: «Beroa eta lehortea izan ditugu, lehorteak landareari ez dio behar bezala ernatzen utzi, eta beroak lorea galarazi du, beranduago loratu da aurten, ez du denbora izan leka behar bezala ernatzeko, eta horregatik ekoizle batzuek gutxiago izan dute. Kostalderago gaudenok, Joxe Mari Aramendi eta biok, kasu, euri gehiago izan dugu eta babarrun gehiago jaso dugu, baina hemen Tolosan asko nabaritu da». Jasotako sariak, hurrengo urteari begira, lanean jarraitzeko «indarra» emango dio.

Guztira, 26 ekoizlek hartu dute parte. 06:30ean hasi dira Felix Belaunzaran, Roberto Ruiz eta Peio Dohiarzabal sukaldariak babarrunak prestatzen, eta ura, gatza eta olioa soilik erabilita puntu-puntuan jarri dituzte epaimahaikideek dastatzeko. Puntuazioa jartzen aritu direnak honakoak izan dira: Pili Manterola Iribar jatetxetik, Enrique Fleischman Bailara jatetxetik, Lidia Olaizola Kaia jatetxetik, Esther Sanchez Elkano jatetxetik, Eli Belaunzaran Diario Vasco-ko kazetaria, Miriam Arandia Tolosako Babarrunaren kofradiatik eta Edurne Pastor Tolosako Azoka Laguna izateagatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!