Tolosako Olentzaroren Basoa bisitatzeko sarrerak eskuragarri egongo dira azaroaren 26tik aurrera

Ataria 2022ko aza. 17a, 16:58

Iaz bezala, Elosegi parkean kokatuko dute eta bisitak abenduaren 16tik 22ra izango dira, arratsaldez; gehienez 20 laguneko taldetan banatuta egingo dira.

Gabonak ate joka ditugu dagoeneko eta Tolosako Udala lanean ari da herritarrei Gabonetako ekintza egitaraua antolatzeko. Eskaintza horren barruan kokatzen da, Zumardia Elkarteak, udalaren laguntzarekin antolatzen duen Olentzaroren Basoa.

Udala eta Zumardia Elkartea hasi dira, elkarlanean, Elosegi Parkea atontzen, aurten ere, egitura eta argiztapen xumez jantziz. Eguberriaren zentzua berreskuratzea du helburu ekimenak eta bisitaldiko kontakizunean, eguzkiak neguko solstizioan duen lekua izango da ardatz nagusia; honi loturik, usadio zaharrak gogoratuko dituzte eta, aldi berean, garai haietan bereziki emakumeek egiten zituzten lanen garrantzia bistaratuko dute. Ez da Olentzerorik egongo, baina bertan dauden elementuek, etengabe, milaka begi dituela gogoraraziko diete bisitariei. «Haur, heldu, zahar zein gazte, kriseilua eskutan hartu eta goazen Olentzaroan murgiltzera. Basoan izango gaituzue zuen zain», esan dute antolatzaileek.

Olentzaroren Basoa abenduaren 16tik 22ra bitartean bisitatu ahal izango da. Arratsaldeko 17:30ean ekingo zaie ibilaldiei eta gehienez 20 lagunez osatutako taldeak sartuko dira 20 minutuero. Azken hitzordua 20:10ean izango da.

Bertan parte hartzeko izena eman nahi duenak azaroaren 26an eta 27an izango du horretarako aukera, aurrez aurre, Tolosako Antxon Bandres bidaiarien txokoan (Andre Maria plaza, 5), eta azaroaren 28tik aurrera, online, Zumardia.eus webgunean. Aurrez aurreko izen-ematearen ordutegia ondorengoa izango da:

  • Azaroaren 26an:
    • 11:00etatik 13:00era.
    • 16:00etatik 19:00etara.
  • Azaroren 27an:
    • 11:00etatik 13:00era.

Aurtengoan, baina, aldaketa bat egon da eta sarrera ez da doakoa izango. 2 urtetik gorakoentzat 5 euroko kostua izango du eta irabaziak, batetik, Olentzaroren Basoa ekimena egonkortzera, eta bestetik, Tolosako Zutani Elkartearen (Gobernuz Kanpoko Erakundea) lana babestu eta bultzatzera bideratuko dira.

Zutanik pobrezia eta bazterkeria egoeran dauden herritarren alde egiten du lan eta elkartearen helburuen barruan, pobreziaren desagerpena, elikadura eskubidea bermatzea, justizia soziala eta egoera hori pairatzen dutenen gizarteratzea daude, hala nola, emakume etorkinena. Gainera, gai hauen inguruan herritarron sentsibilizazio lanetan dihardute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!