Ikasturtean zehar aniztasuna lantzen ari dira Orixe ikastetxean

Irati Saizar Artola 2022ko aza. 17a, 16:00

Batxilergoko lehen mailako ikasleak Erasmus+ programan murgilduta daude, eta belgikarrekin elkartrukea egiteaz gain, Tolosaldeko aniztasuna lantzen eta ezagutzen ari dira.

Erasmus+ programan parte hartzen ari da Tolosako Orixe ikastetxea beste urte batez. Belgikako Sint Aloysius ikastetxearekin elkartrukea egiten ari dira batxilergoko 1. mailako ikasleak, eta aurten, jorratzen ari diren gaia kultur aniztasunarena da.

Gai horren bueltan, Rainbow Nations proiektua ari dira lantzen. Arantxa Mendizabal Orixeko irakasleak azaldu duenez, Tolosaldean dagoen aniztasuna lantzeko eta gertuen dagoen errealitatea ezagutzeko asmoarekin ari dira lanketa egiten. «Tolosaldea bera geroz eta askotarikoagoa da, eta aniztasun hori ezagutu eta aberastasun gisa baloratzea ezinbestekoa da guztion artean gizarte inklusiboago bat eraikitzeko».

Errealitate hori ezagutzeko eta kontzientziak pizteko Tolosaldea Garatzen agentziarekin jarri dira harremanetan, eta bertako elkarte ezberdinekin lanketak egin dituzte. Esate baterako, SOS Arrazakeriakoek asteburu honetan izango den Bizilagunak proiektua azaldu diete. Aranburu jauregira ere joan dira Garabidek antolatutako hizkuntza aniztasunaren eta bertako hizkuntzen inguruko erakusketa ikustera. Bestetik, Divinas elkarteak Africa is not a country hitzaldia eskaini zien eskolan. Azkenik, Peñascal kooperatibakoek euren zentro eta proiektuen funtzionamendua azalduko diete belgikarrak elkartrukean Tolosara datozenean.

Horrela, ikasleek Rainbow Nations-en jatorria ikertu dute eta Hegoafrikako kasua aztertzen ari dira. «Ikasturtean zehar ikasleek aniztasunarekin zerikusia duten hitzaldi, erakusketa eta ekitaldi ezberdinetan parte hartuko dute bai Tolosan, eta baita Menen (Belgika) herrian ere». Proiektua borobiltzeko, aniztasun motaren bat lagundu edo sustatzeko erakunde edo entitate bat sortzen saiatuko dira, izan linguistikoa, erlijiosoa, sexuala edota etnikoa.

«Finean helburua aniztasunaz hausnartzea, baloratzea, errespetatzea eta lantzea da, eta etorkizuneko kultura, hiri eta eskola mota hauek sustatzea, kulturen mosaiko batean bizi baikara», esan du Orixeko irakasleak.

Belgikara elkartrukean

Urri amaieran, Belgikako Menen herrian izan ziren batxilergoko lehenengo mailako 18 ikasle eta 2 irakasle. Sint Aloysius ikastetxeko ikasleekin egin dute elkartrukea, eta otsailean izango dira belgikarrak Tolosan, inauterien ostean. 2017tik ikastetxe berarekin ari dira elkartrukea egiten. Mendizabalek esan du K-121 Erasmus+ deialdiari esker, ikasleek ez dutela ezer ordaindu Belgikara egindako bidaian.

Esperientzia «aberasgarria» izan dela dio, izan ere, ikasleek atzerriko hizkuntza erabiltzeaz gain, «beste kultura eta ohitura batzuk ezagutu dituzte eta elkarlanean proiektu eta lanketan aritu dira». Bestalde, Brujas, Gante, Kontrijk eta Menen herriak bisitatu dituzte eta erakunde ezberdinak ezagutzeko tartea hartu dute: «Misio edo joko bitartez, energia berriztagarriak, gobernuz kanpoko erakundeak, ekonomia zirkularra, komertzio justua, denda jasangarriak, material biodegradagarriak... bezalako toki eta praktikak ezagutu ditugu hiri horietan».

Elkartrukea baino gehiago

Orixe ikastetxeak ibilbide luzea du proiektu europarretan. Eta aurrera begira ere ibilbide horretan jarraitzeko asmoekin dira, izan ere, iazko ikasturtean Erasmus akreditazioa lortu zuen ikastetxeak, eta datozen zazpi urtetan hainbat proiektu gauzatzeko aukera izango dute.

Horrela, elkartrukeaz gain, DBH 3. mailako ikasleekin beste elkartruke bat egiteko moduan izango dira. Eta bada beste berrikuntza bat datorren ikasturtean martxan jarriko dutena: urtero, Orixeko bi ikaslek Europako beste ikastetxe batean gutxienez hilabete eta gehienez ikasturte bat pasatzeko aukera izango dute.

Mendizabalek esan du irakasleen prestakuntzarekin ere jarraituko dutela Europako hainbat herrialdetan egingo diren ikastaro trinko eta praktika onen behaketetan parte hartuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!