Eskualdetik Julen Alberdik egin du bakarrik aurrera

Ataria 2022ko azaroaren 16a

Migel Soroa Oroimenezkoaren Ogi Berri Txapelketaren laugarren jardunaldia izan zen larunbatean jokoan Beotibar pilotalekuan, eta parte hartzen zuten eskualdeko pilotarietatik Julen Alberdi zizurkildarra izan da aurrera egin duen bakarra.

Lehenengo partidan, promesa mailakoan, markagailu ezin estuagoarekin irabazi zuen Xabier Rekalde (Txumulutxueta) eta Eneko Beloki (Gazteleku) bikoteak, 22-21 irabazi baitzion Oinatz Arrillaga (Ataun) eta Unai Albeniz (Tolosa Aurrera) bikoari. Atzelariak izan ziren neurketaren pisua eman zutenak, maila handia erakutsiz.

Bigarrengo partidan, 1. mailakoan, Ander Etxaniz (Bergara) eta Arkaitz Eskuza (Herriaren) bikoak 22-10 irabazi zioten Josu Olaetxea (Irurtzun) eta Mikel Etxeberria (Tolosa Aurrera) bikoari. Eskuza atzelariaren menpe egon zen partidaren norabidea.

Hirugarrengoan, elite mailakoan, lortu zuen garaipena Tolosa Aurrera elkarteko Alberdik. Obereneko Joseba Aldaverekin batera 22-10 irabazi zien Josu Igoa (Oberena) eta Jon Erasun zizurkildarrari (Behar Zana). Partidako protagonista Aldave izan zen; bi eskuekin aise aritu zen eta Erasun menperatu zuen atzeko koadroetan.

LARUNBATEAN, BESTE HIRU

Txapelketaren bosgarren jardunaldia izango da jokoan larunbat honetan. 16:30ean hasita, hiru partida jokatuko dira, eta oraingoan partiden ordena aldatzea erabaki dute antolakuntzakoek, elite mailakoa erdiko neurketa izateko. Beraz, lehenbizi 1. mailakoek jokatuko dute, eta partidan De La Fuente-Lizeaga eta Irribarria-Loza lehiatuko dira. Ondoren, elite mailakoen txanda izango da: Canabal-Elizegi eta Alberdi-Aldave. Azkenik, promesa mailakoek jokatuko dute: Lizeaga-Canseco eta Rekalde-Beloki.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!