Eragile askoren artean antolatu dute aurtengo Babarrunaren Festa

Jon Miranda Labaien 2022ko aza. 15a, 20:00

Ekoizleen lana ezagutarazteko egingo dira azoka berezia eta bi lehiaketa larunbatean Tolosan; iazkorekin alderatuta aurtengo uztan %60ko galera izan dela jakinarazi dute ekoizleek.

Tolosako Babarrunaren ekoizleen lanari aitortza egitea da Babarrunaren Festaren helburu nagusia, eta Euskal Jaiarekin bat eginda, ospakizunerako tartea ere izan nahi du. «Uztarketa hori izan da festaren arrakastarako giltzarri nagusienetako bat, eta hori eragile askoren arteko elkarlanari esker lortu da», esan du Xarles Iturbe Tolosako Merkataritza, Feriak eta Turismo saileko zinegotziak.

Elikadura katean ekoizleak ezinbestekoak direla aipatu du Iturbek larunbateko jaia aurkezteko ekitaldian eta haien lana eskertu du. Tolosako Babarrunaren elkartearen izenean hitz egin du Joxe Mari Aranburuk eta esan du iazkoarekin alderatuta aurtengo uztan %60ko galera espero dutela ekoizleek: «Gauzak nola diren, iaz pandemiagatik ezin izan genuen festa egin eta izugarrizko uzta jaso genuen. Aurten, alderantziz, uste baino gutxiago jaso dugu. Uda bero eta lehor honek eragin oso negatiboa izan du eta jaso beharrekoaren erdia baino gutxiago jaso dugu. Dena den, aurtengo babarrunaren kalitatea oso ona da». Aranburuk aurreratu du azkenaldian ekoizpen kostuek gora egin dutela, eta ondorioz, igo egin behar izan dutela aurtengo babarrunaren prezioa.

Tolosako Babarrunaren elkartean 35 bazkidek hartzen dute parte eta aurten 21 hektarea landatu dituzte. Sektoreak duen garrantzian jarri du arreta Iturbek eta eskualdean duen pisuagatik, etorkizunera begira lanean jarraitzeko beharra azpimarratu du: «Helburu eta jomuga horrekin abiatu da Eliker zentroa Tolosako Udalarekin elkarlanean eta lanean ari da buru belarri». Elkarteko ekoizleen aleak, probatu eta erosteko aukera izango da larunbatean Tolosako azoka berezian. Trianguloan jarriko dira postuak 09:00etatik 14:00etara eta Tolosako Babarrunaren Kofradiak dozenaka plater banatuko ditu eguerdian plaza inguruan. Ohikoa bihurtu den moduan bazkal orduan, herriko elkarte eta tabernetan babarrun jateak egingo dira.

Bi lehiaketa egun bakarrean

Tolosako Babarrunaren XXVII. Ekoizleen lehiaketan aurten 23 ekoizlek aurkeztuko dituzte euren aleak. 06:30ean Roberto Ruiz eta beste hainbat sukaldari lanean hasiko dira babarrunak prestatzen. Babarrun Kofradiako Miriam Arandiak, Kaia jatetxeko Lidia Olaizolak, Bailara jatetxeko Enrique Fleischmannek, Iribar jatetxeko Pili Manterolak, Eli Belauntzaran kazetariak eta zozketa bidez hautatutako Azoka Lagunak komunitateko kide batek osatuko dute epaimahaia. 12:45erako emango dituzte hiru babarrun onenen izenak.

Gure Kaiola elkarteak ere, urteroko ohitura berrituz, XXXIV. Babarrunaren lehiaketa gastronomikoa egingo du larunbatean Alondegian. Joseba Martin elkarte gastronomikoko lehendakariak azaldu duenez, aurretik beti igandeetan antolatu izan duten lehiaketa aurten larunbatera aldatu dute, «gainerako eragileekin bat egiteko helburuz». 22 bikotek hartuko dute parte lehiaketan eta 08:00etan hasiko dira babarruna prestatzen. Iazko ekoizleen lehiaketako irabazlearenak, Sebas Gartziarenak izango dira prestatu beharreko babarrunak. Ama jatetxeko Javi Rivero eta Gorka Rico, Arzak jatetxeko Lander Cornagok eta Orioko San Martin erretegiko Angela Basabek osatuko dute epaimahaia eta euren ebazpenaren berri, ekoizleen lehiaketako sari banaketarekin batera emango dute, eguerdian, Trianguloan.

Sukaldaritza lehiaketak irauten duen bitartean pintxo solidarioak prestatu eta salduko ditu Gure Kaiola elkarteak Alondegian, 10:00etatik aurrera. Irabaziak Senegalgo KelleSensa GKEarentzat izango dira. «Gartziarena, hain zuzen, erakunde horren sortzaile eta kolaboratzaileetako bat da, eta diru hori, martxan dituzten garapen proiektuak finantzatzeko erabiliko da», esan du Martinek.

Askotariko Euskal Jaia

Larunbatean, egun osoan zehar musikaz eta dantzaz gozatzeko aukera izango da kultur talde ugariren eskutik. Besteak beste, Udaberri dantza taldeak, Uztaritzeko Izartxo taldeak, Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldeak, Isidro Larrañaga musika eskolako trikitilariek, Erraldoi eta Buruhandien konpartsak, Andoni Egaña eta Amaia Agirre bertsolariek, Gozategik eta Kalean eta Jainekin txarangek hartuko dute parte Euskal Jaian. Irati Artutxa Babarrunaren Kofradiako kideak soinean euskal jantziak eramateko deia luzatu die tolosarrei eta inguratzen direnei.

Tolosako Erraldoi eta Buruhandien konpartsak kultur dibulgaziorako jolasak sortu ditu eta larunbatean aurkeztuko dituela iragarri du Artutxak. «Konpartsa osatzen duten erraldoietako bakoitzarekin, eta beste hainbat buruhandirekin, puzzle bana sortu dute. Pertsonaia bakoitza Tolosako ezaugarriren batekin lotu du dute eta, esate baterako, Neskatila Babarrunaren Festarekin eta Euskal Jaiarekin lotu dute». Horregatik erabaki dute aurkezpena larunbat honetan egitea. Puzzleak Xirimiri txokolategian eta Leitza kaleko Edel liburu dendan izango dira salgai.

Babarrunaren Kofradiak iragarri du liburu bat osatu duela babarrunaren sustraiak eta tradizioak ezagutzeko, eta hura ekoizten duten pertsonei aurpegiak jartzeko. Lana abenduaren 16an aurkeztuko dute. Joseba Urretabizkaiak egin ditu argazkiak eta Alvaro Bermejo kazetariak dozenaka pertsonaren testigantzak jaso ditu. 

Merkataritza, Feriak eta Turismo saileko zinegotziak aipatu duenez egun bateko egitaraua izango da, «indarrak batzeko» balioko duena . «Gure herriaren ikur nagusienetako bat da perla beltza, gure nortasun eta paisaiaren zati garrantzitsu bat. Tolosaren bereizgarri», esanez amaitu du Iturbek.

BABARRUNAREN FESTA 2022

  • Azaroak 19, larunbata
    • 06:30. XXVII. Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketaren hasiera.
    • 08:00. XXXIV. Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoaren hasiera Alondegian, Gure Kaiola elkarteak antolatuta.
    • 09:00 - 14:00. Azoka berezia.
    • 10:00. Pintxo solidarioa dastatzeko aukera Gure Kaiolaren eskutik. Irabaziak KelleSensa GKE senegaldarrarentzat.
    • 11:00. Trianguloan Udaberri eta Uztaritzeko Izartxo taldearen eskutik ikuskizuna, eta ondoren kalejira. Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldearen eskutik, euskal kantuak zuzenean, eta Isidro Larrañga musika eskolako trikitilariak kalez kale.
    • 11:15. Tolosako Erraldoi eta Buruhandien konpartsa Trianguloan.
    • 12:00. Tolosako Babarrunaren Kofradiaren eskutik, Tolosako babarruna jateko aukera.
    • 12:45. Trianguloan ekoizleen lehiaketako eta lehiaketa gastonomikoko irabazleei sari emate ekitaldia.
    • 14:30. Tolosako elkarte eta tabernetan babarrun jatea.
    • 18:00. Maria Luisa Agirre Doktorearen plazatik bertsolariak abiatuko dira kalejiran: Andoni Egaña eta Amaia Agirre.
    • 19:30. Kalean txaranga.
    • 23:00. Gozategiren kontzertua.
    • 00:00. Jainekin txaranga.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!