ELKARRIZKETA

«Kotxeek bezala, aktoreok azterketa teknikoa pasa behar dugu urtero»

Imanol Garcia Landa 2022ko aza. 20a, 07:59

Joseba Usabiaga Amondarain aktorea Gure Zirkuan. I.G.L.

Joseba Usabiaga Amondarainen (Tolosa, 1981) azken lan nagusia El Vasco pelikula izan da, baina egunerokotasunean Gure Zirkua da bere oinarria.

Hemeretzi urte zituela hasi zen aktore lanak egiten 'Goenkale' telesailean, eta ordudanik ez da geratu. Hogei urte baino gehiago daramatza interpretazioaren munduan tolosarrak eta aurrera begira lan horretan jarraitu nahiko luke.

Azken lanetik hasiko gara, 'El Vasco' pelikulatik. Zer moduzko harrera izaten ari da?

Ona, espero genuena. Bagenekien zer egiten ari ginen. Argentinan geundenean banekien komedia bat zela. Ez da superprodukzio bat, baina ondo egindako lan bat da, ondo zaindutako planoak daude, eta ondo kontatutako istorio bat. Hortik abiatuta, uste dut emaitza ona izan dela, eta espero genuen eta nahi genuen erantzuna jaso da.

Kritikei kasurik egiten diezu?

Ez diet kasurik egiten, ez onei ezta txarrei ere. Hori aspaldi ikasi nuen, dena erlatibizatu egin behar da. Hitz politak normalean asko ez dira egiak izaten; «oso lan ona» eta horrelakoak. Eta kritika txarrak normalean beste perspektiba batetik etortzen dira. Kritika egin behar duenak egiten du, baina ez du ezer horren kontra; kritika egiten du, askotan egiteagatik. Zer edo zer txarra jartzearren eta eduki pixka bat izatearren, gaur kritika txarra egingo duela erabakitzen du, baina egin behar duelako, ez hori pentsatzen duelako. Hori kazetari batek aspaldi esan zidan eta egia da.



Oraindik ikusi ez dutenei, nola 'salduko' zenieke?

Hemen inguruan pelikulak egin du bere bidea. Hiru astez egon zen herri gehienetan, eta gero beste pelikula batzuk sartzen dira karteldegian. Pandemiarekin-eta pelikula asko atzeratuta zeuden eta astero hamabost-hogei pelikula sartzen dira. Ordu eta erdiko une atsegin bat pasa nahi duenak horretarako aukera du El Vasco pelikularekin. Gainera, diasporaren inguruan hitz egiten du, memoria historikoaz ere hitz egiten du, nola belaunaldiz belaunaldi gure kulturak gauza asko mantentzen dituen hemendik kanpora, baina beste batzuk galdu egiten diren, eta galdu egingo direla. Eta hori dena memoria galtzen duen pertsona baten bitartez kontatzen da, Itziar Aizpuruk jorratzen duen rolarekin. Ingurukoek esan didatena da momentu atsegin bat pasa dutela, hunkitu egin direla, barre egin dutela, eta azken finean hori zen helburua. Eta hor nonbait topatzen baduzu, ikusi ezazu, ez zarelako damutuko.

 

«Nire bizitzan antsietate gehien izan dudan garaia 'Handia' grabatzen izan zen»



Kritika batean irakurri dut, pantaila berde gutxiago behar direla; hau da, efektu berezirik gabeko pelikula gehiago, 'El Vasco' bezalako pelikula gehiago.

Egia da oraindik arrakasta dutenak pantaila berdeak erabiltzen dituztenak direla, Ameriketako Estatu Batuetan-edo egiten direnak; arrakasta gehiago dute gurea bezalako pelikula xumeak baino. Handiapelikula El Vasco baino hiru aldiz gehiago kostatu zen: ia lau milioi euro eta honek 1,3 milioi euro. Horrek zer esan nahi du? Ba efekturik ez duela, askoz sinpleagoa dela, planoak ondo zaindutakoak direla... Dirua azkenean efektuetan joaten da, soinuan, arropetan joaten da, eta garai batekoa bada zer esanik ez, zaldiak, tiroak... Hor joaten da dirua. Guk orain egin dugun pelikula askoz xumeagoa da, eta erantzuna nahiz eta ona izan, eta jendeak esan, hau ere behar dugu, arrakasta dutenak oraindik kanpotik datozenak dira.

Zer izan du pelikula honek berezia aurrekoekin alderatuta?

Pare bat ezberdintasun izan ditu. Nagusiena etxetik kanpo, Argentinan, bi hilabetez egon behar izan nuela. Eta etxetik kanpo grabatzea beti ere gogorragoa da. Egun libreak ere han pasa behar dituzu, eta hemen bazaude, etxean pasatzen dituzu eta lotara etxera joaten zara. Etxetik urrun egotearen nostalgia hori sumatu dugu, bai nik, bai zuzendariak eta baita Euskal Herritik joan ziren besteak ere. Bestalde, presio gutxiago sentitu dut Handia pelikulan baino. Nire bizitzan antsietate gehien izan dudan garaia Handia grabatzen izan zen. Lo hartzeko Lorazepan egunero hartzen nuen. Estres handia sentitu nuen, presio handia, eta orain ez dut hori sentitu. Agian urte batzuk pasa direlako, eta beste patxada batekin hartzen dudalako. Zu protagonista zara eta zuri zerbait gertatzen bazaizu, lantalde handi bat erori egiten da zure erruz. Ahotsa joaten bazait edo istripu bat izan eta eskaileratik behera erortzen banaiz eta hanka hautsi, filmaketa erori egiten da. Presio hori dena zure gain hartzen duzu, eta Handia pelikulan horrela egin nuen.

'Hil arte bizi' antzezlanaren artxiboko irudia. JOSE IGNACIO UNANUE


Zinemaldia bizitzeko aukera izan duzu, beste behin.

Aurtengoan jolas moduan hartu dut. Hiru-lau aldiz egon naiz Zinemaldian, atal ezberdinetan. Atal ofizialean Handia pelikularekin, Pikadero-rekin zuzendari berrien atalean, eta orain Zinemiran. Atal ezberdinak dira eta aurten, bai zuzendariak eta bai beste guztiok ere esaten genuen ondo pasatzeko geundela. Aurten ez dut inolako presiorik izan. Jolas bat eta opari bat bezala hartu dut. Aktore moduan, gehiegizko arreta izaten dugu, alfonbra gorria jarri digute bertatik pasatzeko, eta ez dakit zergatik; festetara gonbidatu gaituzte, eta ez dakit zergatik. Ni hortik atera eta hurrengo egunean Gure Zirkuan nago, lokatzetan, eta zeure buruari esaten diozu errealitatea eguneroko hori dela, eta ez bestea.

Tolosan eta Villabonan izan zara, pelikula ikusi ondoren zinemazaleekin solasaldian. Zer-nolako esperientzia izaten da hori?

Lan bat egiten dugunean nahi izaten duzu jendeak lan hori ikustea. Eta jendea areto batera joaten bada, errespetuz, jende hori ondo tratatu beharra dago; eta niri esaten badidate ea joango ote naizen Tolosara pelikula aurkeztera, edo Villabonara, edo beste herri batera, ahal dudan heinean joango naiz. Beste sentsazio bat da, askoz ere gertuagokoa. Hemen, Tolosan, herriko eta inguruko jende asko ikusi nuen, eta haiekin partekatu nuen pantaila handian ikusi zutena, grabaketa nolakoa izan zen, zein azaltzen den pelikulan... Jendeak eskertzen du eta ni oso pozik joaten naiz.

'Handia' pelikula grabatzen Joseba Usabiaga, artxiboko irudian. ITZEA URKIZU


Kritikekin alderatuz, jendeak bertan esaten dizuna gehiago hartzen duzu kontuan?

Bai, noski. Zinemaldian estreinaldia ikaragarri ona izan zen, sekulako erantzuna, baina informazio hori erlatibizatu behar izaten da. Jendea oso alde dago, predisposizio oso onarekin, eta Tolosara etortzen zarenean, lagunak eta ingurukoak beste predisposizio batekin etortzen dira. Kritika txarrak ere berdin hartu behar dira. Jarreraren arabera asko aldatzen da pertzepzioa, eta horregatik diot, pelikula aldeko jarrerarekin joaten bazara, ondo pasako duzula.

 

«Ni pribilegiatua sentitzen naiz; ehuneko ehunean oso jende gutxi bizi da honetatik»



Zer bide geratzen zaio orain 'El Vasco' pelikulari? Argentinan eskaini dute?

Ez, Argentinan ez da eman, eta hurrengo urtera arte ez da emango. Ez dakit otsailean edo martxoan izango den, hori banatzailearen arabera izango da. Eta hemengo ibilbidea bukatzen denean, oraindik zenbait herri falta direlako, ziur aski plataforma batera joango dela. Gaur egun, hobea da kaxoi batean izatea baino plataforma bati uztea monetizatzeko. Hor egon dadila jendeak ikus dezan; mila pertsonek ikusten badute hobea da zerok ikustea baino.
'El Vasco' pelikulako fotograma. ATARIA


Komedia dramatiko bezala definitu duzu.

Bai. Gidoian komediagoa ematen zuen, baina gero grabatzen ari ginen heinean ikusi nuen zuzendariak drama puntu bat gehitu nahi ziola, batez ere bukaera aldean. Behin pantaila handian ikusi dudanean, % 50ean komedia dela. Aurreneko erdia komedia da eta beste erdiak drama aldetik jotzen du gehiago. Beraz, jendeak barre egiten du eta hunkitu egiten da.

Pelikuletan batez ere drama generoan aritu zara, baina alde komikotik egin zinen ezaguna.

Azkenaldian pantaila handian egin dudana dramatik du gehiago. Egia da zirkuan egiten duguna komedia dela, eta alde horretatik oreka badago. Aktore bezala hasierako hamaika urteak Goenkale-ko Tximista pertsonaia izan nintzen, eta tartean helduentzat antzerkia egiten nuen Iker Galartzarekin: Erreleboa, Bota patsa, Ate joka, Hil arte bizi... Horiek denak komediak ziren, komedia eroak gainera. Beraz, dena komedia egiten nuen, 2015a arte. Hor Pikadero eskaini zidaten eta bertan ikasi nuen kodea aldatzen. Izan ere, kode ezberdinak dira komedia eta drama. Eta film hori grabatzen eman nituen bi hilabeteak oso ondo etorri zitzaizkidan beste erregistro batzuetan lan egin ahal izateko. Gero Handia etorri zen, eta hori bai zela benetako drama. Eta hor ere eroso sentitzen naiz. Drama egitea askoz zuhurragoa da, askoz baxuagoa. Oso gutxi egin behar da, eta hor ere eroso sentitzen naiz. Azkeneko honetan, nahiz eta komedia izan, nik ez dut komedia egiten; Eduardo Blancok egiten du komedia gehiena, eta nik behaketa komedia esaten zaiona egiten dut. Aktore asko sailkatu egiten dituzte edo komedian edo draman, eta nik zortez bi esparruak asko ukitu ditut.


Zer da zailagoa, komedia edo drama egitea?

Komedia zailagoa da eta askoz ere arriskutsuagoa. Pelikula dramatiko bat egin nahi baduzu, eta plano bat jartzen baduzu amona bat edo ume bat negarrez, askoz errazagoa da jendea ukitzea pantaila handian. Komedia batean jendea barre eginaraztea ez da erraza eta barregarri geratzeko arriskua du. Pelikula txar gehienak komedia egin nahi izan zutenak dira. Draman ez da hainbeste gertatzen.

Ikasketarik ez duzu egin aktore bezala. Zenbat urterekin hasi zinen Goenkale-n Tximistaren paperean?

Hemeretzi urterekin hasi nintzen. Aurretik, hamazazpi urte nituela, Poxpolo eta Konpainiarekin hasi nintzen. Iker Galartza, Iñaki Odriozola zena, eta beste lagun batzuk hasi ginen. Eskola berean geunden, Eskolapioetan. Areto nagusi bat zuten eta urtero Gabonetako antzerkia antolatzen zen eta guk izena ematen genuen. Hasieran Ikerrek eta Iñakik egin zuten Poxpolo eta Mokolo, eta ni eta besteren bat haiekin batera esketxak egiten genituen. Nik hamasei urte eta haiek hemezortzi-hemeretzi zituzten. Horrela abiatu ginen, hasieran Eskolapioetan eta gero ondoko eskoletara joaten ginen, eta pixkana herriz herri joaten ginen. Gero, hemeretzi urterekin Goenkale-ko hautaproba batera aurkeztu nintzen eta hor hamaika urte egin nituen. Egun 41 urte ditut eta zortez honetan jarraitzen dut.


'Bota patsa' antzezlana, artxiboko irudia. ATARIA


Ez duzu izan gogorik aktore ikasketaren bat egiteko?

Gogoa ikaragarri, baina zortez egunean lau-bost ordu klasera joateko ez dut denborarik izan. Gogoa bai, ikusten dudalako ikasten dutenek nik ez dudan teknika dutela. Urteen poderioz teknika asko ikasi egin behar izan ditut, baina nire kasa, irakurtzen edo ikasi duen jendeak niri esplikatuz. Goenkale-n, hamaika urtetan, egunero eginez ikasten nuen. Zortez ez zait lanik falta izan, eta ez dut uste adinik dudanik eskola batean sartzeko.

Praktikatuz ikasi duzu; seinale ona da lana izaten jarraitzea.

Bai, eta ea hemendik bost urtera horrela jarraitzen dugun. Guk, kotxeek bezala, urtero pasatzen dugu azterketa teknikoa: urte hau ondo joan bada, ba beste urte bat jarraituko dugu. Bi urte txar ateraz gero, beste zerbait pentsatzen hasi beharko dut. Zortez, ez zait hori pasa.

Telebistan lan egiteko eskaintzarik iristen zaizu?

La linea invisble eta El internado telesailetan agentearen bitartez izan zen. Aktore gehienok agenteekin lan egiten dugu, batzuk Euskal Herri mailan, eta beste batzuk Espainian. Nik badut Espainian agente bat; bere garaian neure burua aurkeztu nion, baietz esan zidan, eta berak pixka bat mugitu egiten zaitu. Telesail horien hautaprobetara joateko berak abisatu zidan, aukera izan nuen, eta joan egin nintzen. Oso zaila da Espainian zuzendari batek zuri zuzenean deitzea; hemen Euskal Herrian gehiago gertatzen da hori, denak ezagutzen baikara. Hemendik kanpo ez.

Musika ere landu duzu, Konbenio del Metal taldearekin. Proiektu hori bukatu da?

Ez, ez da bukatu. Asteazkenero elkartzen gara, soinu pixka bat egiteko. Pandemiarekin bai gu eta bai denak geratu egin ginen, baina orain asteazkenero elkartzen gara. Lagun talde bat gara, eta ez dugu baztertzen Gabonetan edo inauterien inguruan berriro instrumentuak ateratzea lokaletik eta jendearen aurrean jotzea 40-45 minutuko errepertorioa. Ez gara onak, ni ez naiz abeslari ona, eta besteak ere beraien instrumentuekin ez dira onak. Baina denok ondo pasatzen dugu eta gure onena ematen dugu.



Kirola ere egin izan duzu, besteak beste, mendi lasterketetan parte hartzen.

Bai, baina zahartuta nago. Donostiako maratoia ari nintzen prestatzen, baina lesio bat izan dut, eta gorputzak esan dit gelditzeko. Kirola gustatzen zait eta egingo dut. Mendi lasterketak urtero bi edo hiru egiten ditut, zirkuak ez didalako denbora asko uzten. Zirkua asteburuetan izan ohi da eta ez dit uzten lasterketetan parte hartzen. Gustatzen zait gorputza prestatzea, baina 40 urtetik gora ditut eta nabaritzen da ez ditudala 25.

Kirol egiteaz gain, T3T mendi lasterketaren antolakuntza taldean zaude.

2015ean sortu zen, eta orduan buru-belarri aritzen ginen mendi lasterketak egiten. Hor aritzen ginen lagunak lasterketatxo bat antolatzea pentsatu genuen, inguruko hiru mendi nagusienak hartzen zituen ibilbide bat eginez. Pixkana hazten joan zen, eta beste lasterketa bat antolatu genuen bi mendirekin. Gaur egun 800 lasterkari ateratzen dira urtero, eta arrakasta nahiko handia du. Hasierako zortzi pertsonak jarraitzen dugu antolatzen, eta zortez ondo doakigu.

Gure Zirkua atera da hainbatetan elkarrizketan. Hori da zure egiteko nagusia?

Oinarria bai behintzat. Hori da egunerokoan jaten ematen diguna. Lan gogorra da, muntaia eta desmuntatzea daudelako, emanaldiak... Ezin duzu afari bat egin larunbat batean, ezin planik egin. Gogorra da, baina ikasi egin behar duzu bizitza egiten astean zehar. Oinarria zirkua da, eta gero egin ditzaket El Vasco bezalako pelikulak. Oso harro nago proiektu horretaz, eta Handia ere egin nuen zirkua martxan zegoela. Egin ditut eta parte hartuko dut beste proiektu batzuetan ahal badut. Ez nik bakarrik, Ikerrek [Galartza] eta Ekainek [Ibarguren] ere aktore lanetan beste lan batzuk egiten dituzte. Ikerrek Irabazi arte egin du azkenaldian. Saiatzen gara beste gauza batzuk egiten, ona baita beste pertsona batzuekin lan egitea.

Iker Galartza ondoan izan duzu zure ibilbidean.

Bai, hasi ginetik. Nik Iker ezagutzen dut hamar urte nituenetik, baina lanean nik hamasei urte nituela eta berak hogei zituela. Elkarrekin jarraitzen dugu hogeita bost urte geroago eta beste hogeita bost urte jarraitzen baditugu, erretiroa hartuta egongo gara. Zortez ondo konpondu izan gara, eta oso gutxitan eztabaidatu dugu. Biok badakigu zer nahi dugun, eta antzerkia egiteko gure modua oso antzekoa da. Esketxak prestatzeko garaian ez dugu asko eztabaidatzen. Oso enpatikoak gara biok: nik ulertzen dut berak beste gauza batzuk egin nahi izatea eta berak ulertzen du ere nik beste gauza batzuk egitea; ez daukagu inolako inbidiarik.

Nondik dator Gure Zirkuaren arrakasta?

Hasiera hartan jendeak ziurgabetasun asko zituen. Funtzionatu zezakeela bagenekien: gu Poxpolo eta Konpainiatik gentozen eta plazan egiten genuena karpa batean egingo genuen, beste diziplina batzuekin eta musika zuzenean. Zirkua da, azkenean ordu eta erdiko zuzeneko ikuskizun on bat da, baina ez dira bakarrik zirkuko diziplinak ikusten. Magia ona ikusten da, esketx onak ikusten dira, musika oso ona zuzenean... Eta arrakasta izan du hori dena duelako, eta jendeak ahoz aho asko zabaldu duelako. Hasieran jendeak pentsatzen zuen umeentzat zela, baina gero eta heldu gehiago etortzen dira, gero eta kuadrilla gehiago, badakitelako hori ez dela umeentzat soilik. Are eta gehiago, uste dut orokortasunean helduei zuzenduagoa dagoela. Umeek esketxak asko disfrutatzen dituzte, baina airezko eta indarrezko ariketak heldu batek askoz gehiago disfrutatzen ditu.

Urte askotarako proiektua da?

Bukaera ez diogu jarri eta ez diogu jarri nahi. Jendeak du azkeneko hitza. Gu saiatuko gara jendea karpara eramaten. Zortez, jendeak erantzuten du; aurtengo ia ekitaldi eta emanaldi guztiak bete egin ditugu, eta azken hiru hilabeteetako sarrerak agortu egin dira. Jendeak erantzuten duen heinean jarraituko dugu.

Proiektu berririk baduzu?

Aterako da zerbait 2023an. Ez dugu ezer itxita, baina El Vasco grabatu baino hiru hilabete lehenago berdina galdetu izan bazenidan berdina erantzungo nizun. Sinatuta badut ere, ez dut ezer esaten. Halere, 2023an ia ziur nago ez dudala pelikularik egingo, ez dudala telesailik egingo eta zirkuan serioski murgilduko naizela.

Zer esango zenioke aktore izan nahi duen gazte bati?

Jendea hurbiltzen zait hori galdetuz, eta nik denei esaten diet hau ez dela erraza. Ni pribilegiatu bat sentitzen naiz. Ehuneko ehunean oso jende gutxi bizi da honetatik. Hasi nahi duen norbaiti esango nioke aurrena ikasteko. Hemen inguruan badaude eskolak, ez duzu zertan Madrilera joan. Hasi antzerkia egiten eta ea konpentsatzen dizun esfortzu horrek. Guk zenbat urte pasa ote genituen hamazazpi eta hemezortzi urterekin herrietara joan, eta muntatzen eta desmuntatzen arituz. Pixkanaka hasten zoaz, baina hasiera guztiak gogorrak dira. Nik orain 41 urte ditut, eta lehen esan bezala, azterketa teknikoa urtero pasa behar dut. Egia da koltxoi bat badugula, baina bi urtetan zirkua bukatzen bada, eta antzerkirik edo telesailik ez bazait ateratzen, beste zerbait pentsatu beharko dut. Eta etorkizunean harrotasunez hitz egingo nuke: ni 42 urtera arte aktore izan nintzen eta orain tailer batean egiten dut lan.

 

MOTZEAN...

Zinema, telebista edo antzerkia?

Hori ez galdetu, ama edo aita nahiago duzun galdetzea bezalakoa da. Ezpata eta pareta artean egongo banintz, antzerkia esan dezaket, baina hori ere bada gogorrena.

Antzerkian harreman zuzena duzu ikus-entzuleekin.

Erantzuna berehalakoa da, ez dizu alferkeriarik ematen egitea, eta zinema eta telebista grabatzea batzuetan aspergarria da. Baina gero pelikularen emaitza politagoa da. Bakoitzak bere alde onak eta txarrak ditu.

Drama ala komedia?

Komedia, baina arriskutsuagoa da. Halere, komedia on bat egitea gustuko dut beti.

Aktore bat?

Asko daude eta erreferente bezala ditudanak badaude. Euskal Herrian asko daude, baina Euskal Herritik kanpo Brad Pitt eta Casey Affleck aktoreek egiten dutena oso kontuan hartzen dut. Begiradak eta espresioak asko imitatu izan ditut. Handia eta El Vasco pelikuletan erabilitako espresio asko aktore horietatik kopiatutakoak dira.

Telesail bat?

El principe de Bel Air. Ez dakit zenbat aldiz ikusi izan ditudan telesail horien kapituluak. Azkenaldian ez naiz oso telesail zalea.

Pelikula bat?

Oso klasikoa da esatea, baina El Padrino.

Antzezlan bat?

Asko daude onak iruditu zaizkidanak. Gaztea nintzenean, Ama begira zazu ikusi nuen, eta ikaragarria iruditu zitzaidan. Hor hasi nintzen esaten: nik hori egin nahi dut. Inflexio puntu bat izan zen, gero VHS formatuan atera zuten eta askotan ikusten nuen. Kutxidazu bidea Ixabel ikusi nuen ere gaztea nintzenean eta asko gustatu zitzaidan. Azken honekin ere esaten nuen nik hori egin nahi nuela.

Zeri ematen diozu garrantzia zerbait lehen aldiz ikusten duzunean?

Pertsonaiei eta transmititzen duten horri. Ez du zertan komedia edo drama izan behar. Pertsonaia oso fisikoak asko gustatzen zaizkit, baina ni ez naiz gai ikusten hori egiteko. Teknika behar da eta ni ez naiz gai adibidez Eneko Sagardoik egiten dituen pertsonaia horiek egiteko. Eraldatu egiten da eta teknika handia du espresioak azkar aldatzeko. Nik horrelako pertsonaia bat ikusten dudanean, ona dela esaten dut.

Zer falta zaizu egiteko?

Baina ez dut-eta ezer egin oraindik! Hiru-lau gauza bakarrik egin ditut. Milaka gauza gustatuko litzaidake egitea. Produkzio handiko pelikula batean parte hartzea gustatuko litzaidake, baina ez dut horrelakoetan parte hartuko. Musikalak beti gustatu izan zaizkit, nahiz nik ez dudan oso ondo abesten. Zortez oso proiektu politetan parte hartu izan dut, eta zuzendari oso onak ezagutzen ditut, eta eskua eman izan didate, eta noizbait horiekin lan egin nahiko nuke baina ez dut behin ere egingo, bere esku ez daudelako erabaki horiek. Juan Antonio Bayona eta Pedro Almodovar ezagutu ditut, zoriondu naute, baina badakit ez dudala beraiekin lan egingo.

Eta zergatik uste duzu hori?

Ez dut erabateko ziurtasunik, baina pertzepzio bat da. Zu bezalako mila aktore daudelako, eta hobeak.

Ez dugu horrela bukatuko elkarrizketa...

Nahi baduzu ezabatu, baina pertzepzio bat da. Ez naiz oso anbiziotsua. Orain zazpi urte esango nizun ez nuela inoiz pelikula handi batean parte hartuko, eta gero Handia-n parte hartu dut eta protagonista izanik. Orain dela bi urte esango nizun ez nuela berriro beste pelikularik egingo, eta orain El Vasco egin dut. Sorpresak politak izaten dira. Nik esaten badut esperantza dudala Almodovarrekin edo Bayonarekin lan egiteko, eta gero ez bada gertatzen, frustrazioa sortzen da, eta hori ez da ona. Nahiago dut esatea ez dudala lanik egingo, eta etortzen bada hobe.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!