Ikerketa onkologikoaren aldeko diru bilketa egingo dute Tolosan, larunbatean

Tolosaldeko Ataria 2022ko aza. 16a, 07:58

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak diru-bilketarako zortzi mahai jarriko ditu herriko puntu ezberdinetan, 09:30etik 13:30era.

Elkarteko boluntarioak Tolosako kaleetara aterako dira, gizarte osoak minbizia duten pertsonei babesa eskaintzeko helburuarekin. Hau guztia, ikertzaile, osasun-langile, boluntario, psikologo eta gizarte-langileekin konpromisoa hartu eta ikerketa onkologikorako dirua biltzen lagun dezaten.

Ekimena goizez izango da (9:30eatik 13:30eara) herriko 8 puntutan banatuta. Mahaiak honako gune hauetan egongo dira jarrita:

  • Trianguloa plaza
  • Apeaderoa
  • San Frantzisko eliza
  • Nafarroa etorbidea
  • Nafar zubia
  • Iurre auzoa
  • Berdura plaza
  • Larramendi auzoa

Gaur egun, 5 urterako gizonezkoen biziraupena %55,3koa da, eta emakumeena %61,7koa. Ikerketari esker, azken urteotan, biziraupen-indizeak 3,3 puntu igo dira gizonezkoetan, eta 2,6 emakumezkoetan, 2016. urteaz geroztik intzidentzia %7,2 hazi den ingurune batean. Datu horiek gorabehera, elkarteak aurrera egiten jarraitu nahi du, eta %70eko biziraupena lortzera iritsi nahi du 2030ean; hau da, minbizia duten hamar pertsonetatik zazpik bizirik irautea. «Gakoetako bat ikerketa-emaitzetarako sarbidean dauden ekitate ezak zuzentzea da, eta, horretarako, beharrezkoa da minbizi guztiak ikertzea, biziraupena handitzen jarraitzeko», esan dute.

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak, ikerketa onkologikoko hainbat proiekturi ematen dio laguntza. 2021ean 340.160 euro bideratu zituen minbiziaren ikerketan aurrera egiten jarraitzeko, pazientearengan arreta jarriz eta minbiziaren biziraupena handitzen jarraitzeko.

Elkarteak 874 bazkide eta 163 boluntario ditu Tolosaldean. 2021ean, arreta psikologikoko 224 saio eta arreta psikosozialeko 71 esku-hartze egin zituen. Halaber, ortopediako materialaren 26 mailegu eta 424 esku-hartze sozial egin zituen, eta 142 lagunek parte hartu zuten prebentzio-ekintzetan.

Doako zerbitzu guzti hauek, neurri batean, elkarteak jasotzen dituen dohaintzei esker eskaini ahal izan zituzten, eta, beraz, asteburuetako diru-bilketetan parte hartzeak aukera emango dio elkarteari paziente onkologikoei eta haien senideei laguntzen jarraitzeko. «Elkartetik eskerrak eman nahi dizkiegu boluntario guztiei, elkarteari ekitaldi hau eta beste hainbat prestatzen lagunduz egiten duten lanagatik», adierazi dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!