Badatoz mundu magikoarekin gozatzeko egunak Tolosara

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko aza. 15a, 07:59

40. Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia hilaren 19an hasi eta 27an bukatuko da, eta haur eta helduentzako saioak izango dira aukeran. 40 urte betetzen dituen jaialdiak Idoya Otegi omenduko du, urte askotan txotxongiloengatik egin duen lanarengatik.

Urte berezia da aurtengoa 40. Titirijai ospatuko baita. Zenbaki borobila, eta programazio aldetik ere «maila berekoa» izatea espero duela azaldu du Aitor Imaz Tolosako Ekinbide Etxeko lehendakariak. Berezia era berean, Topic zentroaren zuzendaritza bi kide berrik osatzen dutelako, eta aurten lehen aldiz antolatu dutelako txotxongiloen jaialdia Estitxu Zalduak eta Juanjo Herrerok. «Estitxuk eta biok erreleboa konfiantzarekin eta ilusioarekin hartu dugu, eta aurrera egiteko gogo handiarekin; guretzat titirijai beti erreferente bat izan da», azpimarratu du Herrerok.

Zoriontzeko eta txalotzeko modukoa da Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza politikako sailburuarentzat jaialdiak 40 urte bete izana. «Ekitaldiz ekitaldi norbait saiatu da jaialdia honaino ekartzen, eta horren atzean pertsona askoren konpromisoa dago». Belaunaldi bat baino gehiago pasa dela bai zuzendaritzatik, eta baita ikuskizunak ikustetik ere azpimarratu du zuzendaritzako kide berriei zorterik onena eta lankidetza eskainiz. Mari Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako zuzendari nagusiak ere TEEren lana goraipatu du, eta txotxongiloak gizarteratzen egin duten lana eskertu.

Olatz Peon Tolosako alkateak, bere aldetik, 40 urte daramatzagula txotxongiloez gozatzen, eta txotxongiloen hiriburu izaten nabarmendu du. «Historia luzea duen jaialdia da, eta hori guztia zor diogu hainbat eta hainbat pertsonek egindako lanari». Ilusio, amets eta ahaleginei esker iritsi direla 40 urteak betetzera esan du, eta Tolosako Ekinbide Etxeak abiatutako jaialdiari lotuta gogoan izan du Enkarni Genua: «Asko zor diogu berari ere».

Idoya Otegi izango da aurtengo omendua, eta urte guzti horietan egin duen lana goraipatu dute. Antolatzaileek txotxongiloen mundu magikoaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak.

 

40. NAZIOARTEKO TXOTXONGILO JAIALDIA

  • Azaroak 19, larunbata
    • 12:00 / 17:00. Ici et là. Cía La Main dôeuvres (Frantzia). Familia guztiari zuzendurik. Hitzik gabea. 45 minutu. Topic-eko Migel Arretxe aretoan.
    • 18:30. Leihoak, Tetaro Paraíso (Araba). 7 urtetik beherakoentzat. 40 minutu. Euskaraz. Topic antzokian.
  • Azaroak 20, igandea
    • 12:00 / 17:00. Ici et là. Cía La Main dôeuvres (Frantzia). Familia guztiari zuzendurik. Hitzik gabea. 45 minutu. Topic-eko Migel Arretxe aretoan.
    • 18:30. Gran Mamut. Markeliñe (Bizkaia). Familia guztiari zuzendurik. Hitzik gabea. 55 minutu. Topic antzokian.
    • 11:00/12:00/13:00/17:00/ 18:00. Kale ikuskizuna. Larun. Jokai (Nafarroa). Familiari zuzenduta. Hitzik gabea. 60 minutu. Zerkausian.
  • Azaroak 21, astelehena
    • 20:30. Kazu. Singe Diesel (Frantzia). 16 urtetik aurrera. Gaztelaniaz. 60 minutu. Topic antzokian.
  • Azaroak 22, asteartea
    • 20:30. Txotxongilolaria, bere bikoitza eta itzala. Toni Rumbau. (Herrialde katalanak). 18 urtetik aurrera. Gaztelaniaz. 50 minutu. Topic antzokian.
  • Azaroak 23, asteazkena
    • 20:30. Robot. David Zuazola. (Txile). 16 urtetik aurrera. Hitzik gabe. 60 minutu. Topic antzokian.
  • Azaroak 24, osteguna
    • 20:30. El tiempo de las tortugas. Dora Cantero. (Herrialde katalanak). 18 urtetik aurrera. Gaztelaniaz. 60 minutu. Topic antzokian.
  • Azaroak 25, ostirala
    • 20:30. La muerte de Don Cristobal. Pelele (Frantzia). 16 urtetik aurrerakoentzat. Gaztelaniaz. 50 minutu. Topic antzokian.
  • Azaroak 26, larunbata
    • 12:00/17:00. Gnoma. Pea green boat (Herrialde katalanak eta Ingalaterra). Familia guztiari zuzendurikoa izango da. Gaztelaniaz. Topic-eko Migel Arretxe aretoan.
    • 17:00. Gure kanoa. Zurrunka (Araba). Familia guztiari zuzendurik. Euskaraz. 65 minutu. Leidor antzokian.
    • 18:00. Bianco. Labú teatro (Herrialde katalanak). Familia guztiari zuzendurik. Hitzik gabea. 50 minutu. Topic antzokian.
    • 20:30. Jauja. Titiriteros de Binefar (Aragoi). Familia guztiari zuzendurikoa izango da. Gaztelaniaz. 60 minutu. Zerkausian.
  • Azaroak 27, igandea
    • 11:00/12:00/13:00/17:00/ 18:00. Kale ikuskizuna. Larun. Jokai (Nafarroa). Familiari zuzenduta. Hitzik gabea. 60 minutu. Zerkausian.
    • 12:00/17:00. Gnoma. Pea green boat (Herrialde katalanak eta Ingalaterra). Familia guztiari zuzendurik. Gaztelaniaz. Topic-eko Migel Arretxe aretoan.
    • 17:00. Gure kanoa. Zurrunka (Araba). Familia guztiari zuzendurik. Euskaraz. 65 minutu. Leidor antzokian.
    • 18:30. Gizon zoriontsuaren alkandora. Teatro paraiso (Araba). Familia guztiari zuzendurik. Euskaraz. 55 minutu. Topic antzokia.

 

OMENALDIA

  • Azaroak 26, larunbata. Idoya Otegi omenduko dute, 19:00etan, Topic antzokian, txotxongiloen munduan egin duen lan guztiarengatik. Otegi, Migel Arretxerekin batera, Titirijai Jaialdiaren sortzaileetako bat da.

JARDUNALDIAK

  • Azaroak 23. Txotxongiloa ezagutzarako eta eraldaketarako tresna gisa gatazken bihotza. 17:00etan, Topic zentroan. Parte hartzaileak: Karim Dakroub eta Dadi Pudumjee. Moderatzailea: Topni Rumbau.
  • Azaroak 24. Txotxongilo antzerkiaren barruko indarkeria edo, beste hitz batzuetan esanda, txotxongilo berberek sortutako indarkeria. Parte hartzaileak: Paz Taty, Eugenio Navarro eta Roberta Colomo. Moderatzailea: Toni Rumbau. 17:00etan, Topic zentroan.
  • Azaroak 25. Txotxongilo antzerkiaren inguruko kanpoko indarkeria. Parte hartzaileak: Adolfo Ayuso eta David Zuazola. Moderatzailea: Toni Rumbau. 17:00etan, Topic zentroan.

ERAKUSKETAK

  • Azaroak 19-27. Titirijairen 40. urteurrena dela eta, txotxongilo jaialdiaren edizio ezberdinerako eginiko kartelak jasotzen dituen kartel erakusketa. Topic-eko Anbigu aretoan.
  • Azaroak 26-27. Argien hiria. Gulliver Teatr, Unia Teatr Niemozliw eta David Zuazolak antolatutako tailerraren bidez, biztanleek bere hiriari buruz duten ikuspegiarekin material birziklatuz egindako hiri bat sortuko dute. Topic-eko Anbigu aretoan.
  • Azaroak 19-27. Topic eta Tolosa&Coren arteko lankidetza. Tolosako hainbat dendatan txotxongiloak ikusgai egongo dira.
  • Irailaren 30etik 2023ko otsailaren 28ra. Aldizkako erakusketa Titereszenaren barruan. Jordi Bertran, txotxongilolariaren 45 urte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!