Bedaion izan da zer ikusi

Leyre Carrasco 2022ko azaroaren 13a

XIII. Azoka Berezia egin dute goizean Bedaion. Askotariko produktuak dastatu eta erosteko aukera izan da, eta baserriko animaliak ere plazaratu dituzte bertara. 

Giro aparta egon da gaur Bedaion, eta ez da eguraldiarengatik izan soilik. Herritar ugari animatu dira azokara gerturatzea, eta postuetan izan da zer ikusi, zer dastatu eta zer erosi. Herriko eta inguruko baserritarren produktuak eta artisauen lanak izan dira eskuragai. Tartean, hutsik egin ez duena Jakoba Errekondo izango da, Ilargia eta Landareak 2023 agenda, Bizi baratzea, eta Etxeko landareak eta sendabelarrek dakitena liburu sortarekin. Kezka eta jakin-minak asetzeko eta ezagutzak elkarbanatzeko aukera ere izan dute bere postura gerturatu direnak.

Gurbil Haundi, Belarmuga eta Larrañeta baserriko abereak ere izan dira ikusgai; behi, txekor, ardi, behor, txerri, untxi eta oiloak. Azokara gerturatu diren gaztetxoak luzean ibili dira jana ematen edota beraiekin jolasten. Gose zegoena arazorik ez du izan, Bedaioko Talogileak ere lanean jo eta su aritu baitira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!