Iztuetak ezin izan du bere jokoa erakutsi giro aparta izan duen debutean

Imanol Garcia Landa 2022ko azaroaren 12a

Martxel Iztueta atzelari tolosarrak aurkia eta ifrentzua bizitu du profesional bezala egin duen debutean. Bere zaleek sekulako giroa jarri dute, baina Iztueta disgustuarekin geratu da egindako partidarekin.

Bere herrian, Tolosako Beotibar pilotalekuan egin du debuta Martxel Iztueta atzelariak Baiko pilota enpresarekin. Jende ugari zegoen frontoian, baina errebotean elkartu diren lagun eta zaleak bakarrik egonda ere giro aparta izango zen partidan. Uneoro animatu dute Iztueta, bere pilotakadak txalotuz eta bere aldeko kantuak abestuz.

Iztuetak gorriz jokatu du eta aurrelari Unai Laso izan du, eta aurkari Jon Ander Peña (hasiera batean Erik Jaka zegoen iragarrita) eta Aitor Aranguren. Urduri hasi zuen debutariak partida, eta lehen bi sakeei ezin izan zien erantzun egokia eman. Lasok asko lagundu zion, sakeak airez errestatuz, baina Iztuetak ez zuen nahi bezala asmatzen jokoan eta hainbat pilota galdu zituen. Tarteka pilotakada ederrak eman zituen, bere dohainak erakutsiz, baina ez zen bere eguna izan, eta azkenean 12-22 galdu zuten gorriek.

Partidaren bukaeran, batetik, penaz hitz egin du tolosarrak profesionaletan egin duen bere lehen partidaz: «Sekulako pena ematen dit, horrelako giroa izanik, ez nuena espero, eta horrela jokatzeak. Uste dut orain arte egin dudan partidarik txarrena izan dela». Halere, Iztueta aurrera begira jarri da segituan: «Ez diot buelta gehiegi emango. Gauza onekin geratuko naiz, familiakoak eta lagun pila bat etorri dira, eta horrek poza ematen du, eta beste guztia ahaztu egingo dugu. Hurrengo astean edo hemendik bi astetara partida berria dugunean, orduan espero dut ondo jokatzea».

Debutaren ondoren, familiakoekin eta lagunekin argazkiak atera zituen Iztuetak. Orain arte Tolosa Aurrera klubean izan da, eta bertako pilotariek sinatutako kamiseta jaso du oroigarri atzelari tolosarrak. Klubeko pilotariekin zein zuzendaritzako kideekin argazkiak ateratzeko aukera ere izan du Iztuetak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!