Xarles Iturbe izango da Tolosako EAJ alderdiko alkategaia udal hauteskundeetan

Ataria 2022ko aza. 10a, 17:44

«Ilusioz eta emozio handiz hartzen dut ardura berri hau, ez baitzait ohore handiagorik bururatzen tolosar batentzat», adierazi du lehen hitzetan. Olatz Peon gaur egungo alkateak esan du «herriak merezi duen gidaria dela».

Lanbidez, ingeniari industriala da Iturbe. 20 urtez, ingeniaritzari, garapenerako nazioarteko lankidetzari eta lehen sektoreari lotutako erakunde eta enpresa ezberdinetan jardun du lanean. Egun, merkataritza, azokak eta turismo zinegotzi arduraduna da; urte hasieran hartu zuen ardura. «Ilusioz eta emozio handiz hartzen dut ardura berri hau, ez baitzait ohore handiagorik bururatzen tolosar batentzat», adierazi du lehen hitzetan.

Herrigintzan eta alderdiaren baloreetan sinisten duela esan du. «Sinisten dut emandako hitzaren balioan, eta sinisten dut orain arte Eusko Alderdi Jeltzaleak herri honi eskaini dion bide-orrian, defendatzen dugun hiri ereduan, elkarlanaren premian eta pausoz pausoko lan isilaren garrantzian», gaineratu du.

Ekonomikoki oparoa den herria behar dutela nabarmendu du alkategaiak. «Bere nortasunaz harro dagoen komunitate bat eta neurri berdinean abegitsua eta eskuzabala dena, munduari irekia dagoena. Tolosar guztien ongizateaz arduratzen den herri bat, inor bide bazterrean utzi gabe. Eta nola ez, euskaltzalea, kulturalki bizia, eta XXI. mendeak mahai gaineratzen dizkigun, berdintasunaren, aldaketa klimatikoaren eta jasangarritasunaren erronkei sendotasunez erantzuten asmatu behar duena».

Tolosak berezkoa duen altxor bat duela esan du Iturbek: «Gure txikitasunean, elkarlanera ohituta gaude. Ehun sozial sendo bat dugu, eta komunitate sena oso barneratuta daukagu. Zentzu horretan, harro nago tolosarra izateaz, eta bat egiten dut balio bereizgarri horiekin guztiekin».

Amaitzeko, bide horretan, bere onena eskaintzen saiatuko dela hitz eman die herritarrei. «Orain arte bezala, entzuketa nekaezina, talde lana eta emandako hitzari errespetua izango dira nire eta gure jardunaren ipar-orratzak, udal politikagintzaren hobe beharrez, ideia eta eredu desberdinei bizkarrik eman gabe, geurea dotoreziaz eta umiltasunez defendatzen, behar eta lehentasunak betiere herrian ipinita», azaldu du.

Esku aldatzea

Orain 8 urte hartu zuen Iturberen konpromiso bera Olatz Peonek, orain arteko alkateak. «Ardura handiarekin, baina aldi berean, ilusio handiarekin hartu nuen kargua», adierazi du. «Tolosa hobekien gidatuko duen pertsona da Xarles, herriak merezi duen gidaria. Tolosa eta udal kudeaketa ondo ezagutzen ditu, eta gaur egun, herriko ekonomiari behar duen bultzada emateko gogoz ari da lanean», gaineratu du alderdiko alkategaiari buruz.

Horrez gain, nabarmendu daitezkeen balio eta ezaugarri pertsonalak dituela esan du egungo alkateak. «Hala nola, gertutasuna, umiltasuna, baikortasuna eta gehienbat, lanerako kemena. Talde lanean aritzeko gaitasuna ere badu, entzuten daki, eta ezinbestekoa den beste gauza bat du: herria maite du. Tolosarrok eguneroko bizitzan ditugun kezkak eta arazoak ezin hobeto ezagutzen ditu. Tolosa bizi duen herritarra da».

Erronka honi heltzeagatik eskerrak eman dizkio Peonek. «Agertu duzun prestutasunagatik, zure konpromisoagatik, eta beti erraztasunak emateagatik. Taldea gidatzeko eta herri honek dituen erronkei aurre egiteko hautagairik egokiena da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!