Elkarrizketa

"Gure burua definitzeko modu berezi bat gizarteratu nahi dut”

Rebeka Calvo Gonzalez 2022ko aza. 10a, 11:59

Jon Maia Galtzaundik antoltatutako Sormenetik saioan.

Jon Maiaren Kantu bat gara emanaldia hartuko du Tolosako Leidorrek bihar, 19:00etatik aurrera. 30 urte bete ditu idazle eta bertsolari urretxuarrak hainbat musikari eta musika talderi abestien letrak idazten hasi zenetik eta ibilbide hori borobildu nahi izan du proiektu honekin.

Disko-liburu bat da Kantu bat gara, eta baita gonbidatu bereziekin osatzen duen kontzertua ere. 30 urte horietan sortutako hainbat abestiren bertsioak eskaintzen dituzte oholtzan. Galtzaundi euskara taldeak antolatutako emanaldirako sarrerak eskuragarri daude oraindik, eta Atarikideek eta Galtzaundikideek prezio baxuagoan eskuratu ahalko dituzte. Bihar bertan Leidorreko leihatilan ere izango da sarrerak erosteko aukera.

Urtarrilean hasi zenuten Kantu bat gara-ren bira, nola joan da?
Buruan asmo bat duzunean zalantza asko sortzen dira. Ni bertsotan ibiltzen naiz, idazten dut, dokumentalak egin... baina behin ere ez dut nire izenean ekimen propiorik sortu. Zalantza asko izan ditut, baina urtarriletik hona emanaldi asko izan ditugu eta oso kontentu nago; urtea ondo joan da, disko-liburua ondo saldu da, emanaldi ugari eman ditugu... Urtea bukatzerako 30 emanalditik gora emango ditugu. Urte bukaera gerturatzen ari da, abenduaren 28an ospakizun berezia egingo dugu Donostiako Kursaalean eta horri begira ari gara lanean. Zaila zen aldez aurretik aurreikustea Kantu bat gara hain ondo joango zenik.

Emanaldi guztiak dira desberdinak, gonbidatuak izaten dituzu.
Bizpahiru gonbidatu izaten ditut eta kantuekin eraiki dugun kontzertu hau osatu eta aberasteko gonbidatuari eskatzen dioguna da berak kantuaren bueltan hausnarketa pertsonala egin dezala. Esaterako Miñan liburuan oinarritzen den abestian beti izaten dugu kolaborazio bat. Horrek beti ematen dio izaera berezia kontzertu bakoitzari.

30 urte kantak idazten hasi zinela, zein izan zen lehen kanta?
Ez nago oso ziur, baina badago kanta bat ez zena publikatu eta hori izan zen lehena. Zumaiako talde bati idatzi nion herriko festetan parrandan genbiltzala ahozapi batean. Felipiñen historia izena zuen eta oraindik ere aktiboan dagoen talde bati idatzi nion, Aje taldeari. 1989an edo izan zen hori. Liburuaren prologoa aldatu behar izan nuen, Negu Gorriak taldearekin hasi nintzela idatzi bainuen hasieran eta gero konturatu nintzen Aje taldearena izan zela lehen kantua. Baina letragile bezala bai esan dezakedala Negu Gorriak-ekin hasi nintzela, eta lehen kanta Lehenbiziko bala edo Gora Herria izan zen.

Eta baduzu kanta kuttunik?
Liburuan abesti kuttunak sartu nituen, behar bada ezagunenak daude, baina baita gehiago ere. Norberarentzat oso bereziak diren kantuak bildu ditut; bereziak azpian duten istorio sekretuarengatik, edo idatzi nitueneko momentuarengatik, norberaren bizitzaren parte jakin bat kontatzen dutelako... Gariri idatzitako batzuk, Mikel Urdangarinekin egindakoak, Pirritx eta Porrotxekin idatzitakoak, Benito Lertxundiri azken lau diskoetan egindakoak... bereziak dira niretzat.

Inoiz pentsatu al zenuen Benito Lertxundiri edo Gariri abestiak idatziko zenizkiola?
Behin ere ez nuen pentsatu horretara iritsiko nintzenik. 15 urterekin logelan sartuta abestiak entzuten nituenean ez nuen pentsatzen Fermini (Muguruza) abestiak idatziko nizkiola, edo Benito Lertxundiri. Kortatu, Hertzaintzak mila aldiz entzun ditut, eta ez nuen pentsatzen horiek nik idatzitako ezer abestuko zutenik. Oso kuttunak dira guztiak. Opari bat da horrelako jendeak zuk idatzitako kantuak abestea.

Nola izaten da lan hori?
Denetarik izaten da. Batzuk gai jartzaile lanak egiten dituzte eta horren inguruan idatzi behar izan dut. Ferminekin (Muguruza) adibidez, horrela izan zen, bere etxean eman nituen bizpahiru egun, zeren inguruan idaztea nahi zuen esan zidan eta nik idatzi nituen. Beste batzuetan eskatzen dutena testu bat da, eta testu horren gainean egiten dute lan haiek. Normalena izaten da musika pasatzea, letrarik gabe, kantakera batekin bakarrik, eta hori betetzea letra batekin.

Bitxia da. Eurentzat kantuak idatzi dituzu eta orain kantu horiek bertsionatzen dituzu oholtzan.
Hasieran erreparo pixka bat ematen zidan, ez baitaukat nire burua abeslaritzat. Ez naiz iristen abeslari horien mailara. Baina saiatu naiz bigarren bizitza bat ematen kantu horiei, eta bertsio batzuk egiten euren gustukoak, eta esango nuke lortu dugula maila handiko bertsioak egitea. Hiru musikariren artean egin dituzte; Gorka Hermoso, Natxo Soto eta Peio Ramirez. Beraiek egin dituzte musikak eta ez dira edozein bertsio, maila handiko konposizioak dira.

Hasieran bururatu zitzaidan abestiak bere horretan jartzea, gustuko 15 kanta hartu, eta besterik gabe jartzea, baina gero pentsatu nuen horrek ez zeukala zentzu handirik esateko kantu horiek nik idatzi ditudala. Horregatik pentsatu nuen bertsioak egitea.

30 urte, komunitate txiki bat sortu duzu...
Azken Gaztea sarietan egon nintzen, eskatu zidatelako testu bat idazteko Iñigo Muguruzari, eta han nengoela Kursaaleko gelatan, gauzak zenbat aldatu diren ikusi nuen. Negu Gorriak edo Hertzainak-ekin duela 30 urte kantatzen nuenetik, panorama zenbat aldatu den ikusi nuen; gaiak, estetika, gauzak egiteko modua, nola profesionalizatu den guztia... 30 urte bizitza oso bat da kasik, eta komunitate bat osatzen duzu, elkarlan asko egin ditut musikari eta musika talde askorekin, harreman asko egin ditut, lagun asko egin ditut. Musikak oso momentu bereziak eman dizkit, eta oso emanaldi bereziak eta une majikoak bizi izan ditut. Eta gaur egun ETS, Kai Nakai edo Pello Reparaz bezalako musikariekin harremanak egiten jarraitzen dut, eta oso gustura nago. Musikagintzaren garapen oso bat ikusteko aukera izan dut.

Zergatik Kantu bat gara izenburua?
Nik hau ez dut egin 30 urte horien ospakizun modura soilik. Egiten ditudan gauza gehienetan dokumentalak, liburuak edo dena delakoak, saiatzen naiz ekarpen bat egiten bizi naizen gizartean eta bizi naizen garaian, eta nik nahi nuena zen Kantu bat gara kontzeptua sortu, behar bada itxuraz pixka bat kursia izan daitekeena, baina niretzat oso sakona dena, gure burua definitzeko modu berezi bat nahi dudala gizarteratu, alegia. Kontzertuak topagune bat da dira, ideia baten bueltako topaguneak; euskal kultura komunitate txikia gara, baina oso handia den zerbaiten parte gara, milaka urtetatik datorren zerbaiten parte gara. Hori da kantua. Kantua existentzia baten proiekzio bezala hartzen dut nik, milaka urte dituen existentzia baten proiekzio bezala. Noiz hasi ote zen gizakia lur honetan kantatzen? Eta bitarte horretan denetarik izan gara. Normalean gure burua definitzen dugu honelako kontzeptuekin; nazio bat gara, estatu bat izan nahi dugu, errepublika bat gara, edo autonomia bat gara... oso modu hotz, administratibo eta juridikotan definitzen dugu gure burua. Baina forma juridiko horien guztien azpitik edo gainetik badago zerbait beti izan garena, forma horiek guztiak desagertu izan direnean ere izan garena, eta hori da kantua. Gure kantua jendeetatik dator, milaka urtetatik dator, ez da inoiz ixildu, lurpeko erreka bat bezala iritsi da, eta horrek aurrera jarraitzen badu, guk ere jarraituko dugu bizirik, edozein forma daukagula ere. Eta hori da ideia; hori kantuen eta ospakizunen bidez konpartitu nahi dut. Emozio asko dituen emanaldia da.

Eta zertan zabiltza orain?
Abenduak 28ko emanaldia prestatzen ari gara, elkartasun emanaldia izango da. Irungo Harrera Sarea eta Donostiako Kaleko Afari Solidarioak lagunduko ditugu biltzen dugun diruarekin. Horri begira kantu berri bat prestatu dugu eta asteburuan bideoklipa grabatu dugu. Kontzertua baino lehen kaleratuko dugu. Bi aste barru dokumental bat estreinatuko dut, Castellanoek izenekoa, Azpeitira bizitzera etorritako Frankoren garaiko emigranteei buruzkoa. Muntaketa lanetan nabil orain.

Ez zarela geldirik egoten...
Hasi beharko nuke, baina egia esanda, jada esan dezaket ez direla boladak, bizitzeko modua dela. Engantxatu egiten du gainera, aurten 50 urte bete ditut, eta poza ematen didan gauzetako bat da adin honetara iristea gauza asko egiteko aukerarekin. Kantu bat gara-k autokonfiantza handia eman dit zentzu honetan. Nire ekoizpena da, erabat nik eraman dut, eta hori 50 urterekin egin izanak poz handia ematen dit, gauza asko egiteko gai naizela erakutsi didalako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!