Elkarrizketa

«Esperantza banuen profesional izateko, baina hain goiz ez nuen espero»

Imanol Garcia Landa 2022ko aza. 9a, 19:59

Martxel Iztueta atzelari tolosarrak bere kirol ibilbideko egun berezienetako bat bizituko du etzi; «ilusio handiarekin» hartu du debuta egiteko aukera.

Martxel Iztuetak (Tolosa, 2004) debuta egingo du ostiralean, azaroaren 11n, Baiko Pilota enpresarekin. Tolosako Beotibar pilotalekuan izango da bere lehen partida profesionala. Aurrelari bezala Laso izango du, eta aurkari Jaka eta Aranguren. Jaialdia 21:00etan hasiko da, eta debutaren partida bigarrengoa izango da.

Noiz eta nola jakin zenuen debuta egingo zenuela?

Ez naiz gogoratzen debutaren berri eman zidaten egun zehatza, baina gogoan dut Antiguako txapelketan finalerdia jokatu genuela, partida hori galdu egin genuen, eta hurrengo egunean esan zidaten aukera hori emango zidatela.

Espero zenuen iritsiko zela eguna?

Esperantza banuen profesional izango nintzela, baina hain goiz ez nuen espero. Agian enpresaren beharren arabera horrela izan da; esperantza eta ilusio hori banuen, eta pozik eta ilusio handiarekin hartu dut.

Dagoeneko Baikoko pilotari profesionalekin entrenamenduak-eta egiten ari zinen.

Sinatu baino urtebete inguru aurretik aurrehitzarmena sinatu nuen. Urtebete pasa dut beraiekin entrenatzen, oso gustura, eta hobetzeko eta ikasteko aukera izan dut. Horri esker, hein handi batean, aukera hau eman didate.

Zer suposatzen du zuretzat pilotari profesional bihurtzea?

Sekulako poza. Txikitatik ilusio hori izan dut, eta pixka bat oraindik barneratzen ari naiz. Sekulako ilusioa egiten dit, eta gogoz nago onenekin jokatzen hasteko.

Debuteko partidan Laso izango duzu aurrelari, eta Jaka eta Aranguren aurkari.

Partida handia, handiegia agian, baina hori ikusiko da egunean bertan. Ilusio handiarekin nago partida hori jokatzeko. Laso buruz buruko txapelduna da, Jaka buruz buruko txapeldun izandakoa eta pilotari handia, eta Aranguren zer esanik ez. Hasieran kosta egingo zait urduritasunagatik, baina espero partidan sartzen joatea, eta ea partida polit bat egiten dugun.

Beraiekin entrenatu ahal izan duzu?

Lasorekin ez zait tokatu, baina Jakarekin eta Arangurenekin azkenaldian dezentetan aritu naiz entrenatzen. Jakarekin egon naiz takoak jartzen hobetzeko, eta oso jatorra da.

Tolosar batek debuta egitekotan, Beotibarren behar du.

Nik uste dut logika duela. Txikitatik hemen izan gara entrenatzen, hemen ikasi dugu pilotan, eta debuta egiteko niretzako toki hoberik ez dago.

Debuta eta gero, epe motzera zer helburu duzu?

Helburu gutxi, orain disfrutatzea tokatzen da. Etapa polita da oraingoa, inongo presiorik gabe jokatzeko. Ez dakit txapelketarik-edo izango dudan, baina partidak jokatzea eta partidekin disfrutatzea izango da helburua; hobetzen joatea eta maila profesionalera egokitzea.

Eta epe luzera begira, helbururik edo ametsik?

Ametsa txapelen bat irabaztea da, baina uste dut honaino iristea asko dela, eta hemendik aurrera etortzen dena ondo hartuko dut.

Lau eta Erdiko Txapelketa bukatzen denean, binakakoaren hasiera izango da. Enpresak esan dizu promozio mailakoan parte hartzeko aukera izango ote duzun?

Beraien erabakia da, eta ez dakit nola funtzionatzen duen. Pentsatzen dut azken momentuan esango dutela nola izango den. Sartzen banaute, ondo; bestela ez da inongo arazorik izango.

Baikorekin sinatu zenuela jakin zenean, Aimar Olaizolak esan zuen afizionatu mailako atzelari onena zinela.

Hori berak esatea polita da, baina hala ere ez dut uste hori horrela denik. Atzelari handiak daude afizionatuetan, adin guztietan.

Nola definituko zinateke pilotari moduan?

Hori besteek hobeto esango lukete, baina zerbait esatekotan, bi esku txukunak ditudala, hausteko kolpea ez badut ere pilota luzatzeko gaitasuna dudala eta nahiko segurua naizela esango nuke.

Sinatu zenuenetik debuta egiteko eguna iritsi arte itxarotea zaila izaten ari da?

Pixka bat bai. Sinatu nuenean eskuetatik ez nintzen bolada onena pasatzen ari, eta denbora dezente egon nintzen partidarik jokatu gabe. Bi hilabete egon naiz horrela, eta luze egiten da, partidak jokatzera ohituta nago eta.

Bi tolosar izango zarete profesionaletan, Jon Ander Peña eta zu. Eskuz profesionaletan ez dira hainbeste izan aritu diren tolosarrak, ezta?

Uste dut ez direla asko izan, agian gehiago izango dira zesta puntan eta beste modalitateetan. Eskuz orain bi izatea ere ez nuke esango kasualitatea denik, jende askok lana ondo egin duelako baizik, bai Olaetxea anaiek eta bai kluba eramaten duten guztiek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!