Saltokientzat autodiagnostiko erreminta bat aurkeztu dute

Jon Miranda Labaien 2022ko aza. 10a, 07:59

Tolosan aurkeztu dute aldundiak bultzatutako ‘Dendatu’ ekimena; saltokiek ekonomia zirkularreko irizpideetan duten egoera ezagutzeko aukera izango dute

Etorkizun jasangarri baten aurrean, saltokiek euren posizionamendua eta lehiakortasuna hobetzeko Dendatu ekimena bultzatu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen departamenduak. Erreminta honi esker establezimendu bakoitzak Garapen Jasangarriko Helburuak zein neurritan betetzen dituen jakin ahal izango du.

Saltokietako hondakinak, bilgarriak, argiaren faktura, aireztapena, produktuen trazabilitatea eta beste hainbat aldagaien inguruan galdetuta, irizpide zirkularretan nola kokatuta dauden jakingo dute merkatariek. Tresna metodologikoa Naturklimaren webgunean egongo da eskuragarri eta autodiagnostikoa 15 minututan egin daitekeela nabarmendu du Sinnple enpresako Maria Rodriguezek: «Oso modu intuitiboan egin daiteke eta guztira 18 galdera egingo dira lau arlo ezberdinetan banatuta». Autodiagnostikoa egin ondoren saltoki bakoitzak txosten bat jasoko du egungo egoerari buruzko informazioarekin. Horrez gain, lau ekintza erraz proposatuko zaizkio merkatari bakoitzari. Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak nabarmendu duenez, tresna honek trantsizio ekologikoaren eskakizunei aurre hartzeko eta jasangarritasunari begira lehiakortasuna indartzeko balioko du.

«Jasangarriagoak izateak, energia aurrezteak, hondakinak murrizteak eta bestelako praktikek gure lehiarako gaitasuna indartzea ahalbidetuko digute, gure ingurunea zaintzen dugun bitartean», esan du diputatuak. Bat etorri da baieztapenarekin, Olatz Peon Tolosako alkatea. Bere iritzian asko dira sektoreak aurrera begira dituen erronkak eta udalak merkatarien alboan egon nahi du bide horretan. «Erronka horiei aurre egiteko nortasun ezaugarri propioak ditu Tolosako merkataritzak: kalitatea, ekintzailetza eta dinamismoa. Etengabeko hobekuntzan aritzeko grina ere bai, eta beraz, Dendatu-k lagunduko du saltokien posizionamendua eta lehiakortasuna hobetzen. Jasangarritasunean ere izan daitezela Tolosako komertzioak aitzindari», esan du alkateak. Hogei saltoki baino gehiago gerturatu dira erreminta aurkezteko saiora.

Ekitaldian izan da Gipuzkoako Merkataritza Federazioko kudeatzaile Maite Valmasedak eta erakundeek ematen duten laguntza eskertzeaz gain, Tolosa&Co elkartearen lana nabarmendu du. «Dendatu etorkizuna da, baina bertan daukagu. Bezeroek hautematen dute ekonomia zirkularrarekiko dugun erantzukizuna eta kontuan hartzen dute euren erosketa esperientzian».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!