Azoka Berezia izango da igandean, Bedaion

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko aza. 9a, 07:58

Prest dute Asteburu Kulturala Bedaion; erleen munduan murgilduko dira hitzaldiarekin ostiralean, eta igandean XIII. Azoka Berezia egingo dute.

Bedaiotarrak prest daude kultur asteburuari ateak zabaltzeko. Hasteko ostiralean hitzaldia izango dute, eta igandean bi urteko etena eta gero, Bedaioko XIII. Azoka Berezia egingo dute.

Ostiralean, Balerdipeko Erleak, Balerdipean bertan izango dira hitzaldia ematen. Mattin Jauregik erleen produktuak gastronomian uztartzeari ekin dioten bidea izango du hizketagai. Hitzaldiaren ostean, uztartze horren bi adibide jarriko dituzte pintxo bidez bertaratzen direnek dastatu ahal izateko.

Igande goiza betea dute bedaiotarrek XIII. Azoka Berezia dela eta. Guzti hori antolatzeko, larunbatean auzolanera deituta daude bedaiotarrak. 15:00etan, azokarako guztia prestatzen hasiko dira.

Igandean, hilaren 13an, izango da azoka. 10:00etan irekiko dute, eta 13:45etara bitartean egongo da zabalik. «Jasangarria, bideragarria, ekologikoa, auzolanean egina, berdintasunezkoa, bertakoa eta gurea» moduan definitu dute azoka antolatzaileek.

Askotariko produktuak ikusi eta erosteko aukera izango da: Larrañeta barazkiak; Ino Jauregi, babarrunak; Lurdes Zubillaga, baserriko arrautzak; Jon Balerdi, baserriko ogia; Rosi Gon?i, mondejuak; Koro Jauregi, gozoak; Batiste Balerdi, babarrunak; Oteiza Goikoa, gaztak; Bidatz kremak; Balerdipeko Erleak, eztia eta ezti ozpina; Altzoko esnekiak; Argaia Goena haragia; Matxinbentako artisau zestogilea; Marrak jantzi eta osagarriak; Luixi, bitxiak.

«Landa eremuak ere behar du bertan erostea. Erosi bertakoa bertan», azpimarratu dute.

Hutsik egingo ez duena Bedaion Jakoba Errekondo izango da, Ilargia eta Landareak 2023 agenda, Bizi baratzea, eta Etxeko landareak eta sendabelarrek dakitena liburu sortarekin. Jendearen kezka eta jakin-minak asetzeko eta ezagutzak elkarbanatzeko aukera ere izango da. Erakustoki txokoan, aurten, eskola izango dute gaia. 70eko hamarkadan eskolak zituen zenbait elementu jarriko dituzte ikusgai: mahai eta aulkiak, testu liburuak, argazkiak...

Baserriko animaliak ere plazaratuko dituzte: behi, txekor, ardi, behor, untxi eta oiloak. Gurbil Haundi, Belarmuga eta Larrañeta baserrikoak.

Bedaioko Talogileak ere lanean jo eta su ariko dira, bertaratzen direnek jatekoa izan dezaten.

AUTOBUS ZERBITZUA AZOKARA

Azoka Berezia dela eta, Tolosako Udalak autobus zerbitzua jarri du Tolosatik Bedaiora joan ahal izateko. Lehen autobusa 10:45ean abiatuko da Tolosako San Frantziskoko geltokitik, eta 11:00etan geldialdia egingo du Alegiako eskolako geltokian. 11:10ean Ugarten geldituko da Bedaiorantz igotzeko. Bigarren autobusa 12:00etan aterako da Tolosatik, eta Alegian 12:15ean izango da eta Ugartetik 12:25ean pasako da.

Itzulera egiteko ere beste bi autobus izango dira. Lehena 13:00etan eta bigarrena 13:45ean aterako da Bedaiotik eta geldialdiak egingo ditu Ugarten, Alegian eta Tolosan.

ASTEBURU KULTURALA
  • Azaroak 11, ostirala
    • 19:00. Balerdipeko Erleak proiektuaren hitzaldia, Mattin Jauregirekin, eta beraiek eginiko pintxoen dastaketa.
  • Azaroak 12, larunbata
    • 15:00. Igandeko azoka prestatzeko auzolanerako deia.

  • Azaroak 13, igandea
    • 10:00-13:45. Bedaioko XIII. Azoka. Berezia. 17 postu izango dira askotariko produktuekin. Autobus zerbitzua egongo da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!