ELKARRIZKETA

«Taldeek alboan konfiantzazko norbait behar dute»

Jon Miranda Labaien 2022ko aza. 12a, 07:59

Julen Caminos Yarza. J.M.

Nahasketa mahaiaren atzealdean ezagutuko dute askok Julen Caminos Yarza (Tolosa, 1993). Gaztetan musikazaletu eta lanbide bilakatu du afizioa.

Bidean produkzio etxeko arduradunetako bat da; hainbat talderekin lan egin eta musika jaialdien ekoizpenean jarduten du, besteak beste.

Noiz eta nola hasi zinen musika munduan?

Musika txikitatik gustatu izan zait. Oso gazte hasi nintzen Bonberenean. Teknikari falta zutela hasi, behin probatu eta pixkana hasi nintzen lan horretan. Jende asko ezagutzeko aukera izan nuen, eta gehienbat soinu teknikari gisa, kanpora ateratzen hasi nintzen zenbait talderekin. Bonbereneako etapa itxi zenean, talde horietako batzuekin jarraitu nuen eta managementean laguntzen nien. Kontzertu horietan ezagutu nuen Aritz Zubiate laguna eta elkar hartuta erabaki genuen Bidean produkzioak etxea sortzea, 2017 inguruan.

Nola definituko zenuke zure lanbidea?

Oso zaila da definitzen. Enpresa txiki bat daukagu Bidean produkzioak izenekoa eta musika taldeen managementa daramagu. Talde batek dituen behar guztiak ase eta sostengua ematea da gure lana. Kontzertu batean bezala, disko bat kaleratzerako orduan, ibilbide osoan akonpainamendu lana egiten dugu.

Gaztetan ezagutzen zenituen eta gustuko zenituen taldeekin lan egiteko aukera izan duzu?

Bai. Bonberenean genbiltzanean talde asko pasa ziren bertatik. Adibidez, gaztetan Kerobiaren oso zalea nintzen eta gaur egun gurekin dabiltza Bideanen. Haiekin soinu teknikari bezala aritzen naiz. Polita da ziklo hori guztia ikustea.

Zein zerbitzu eskaintzen dituzue produkzio etxean?

2017 Glaukoma eta Bad Sound System taldeen managementa eramaten hasi ginen. Nire bazkide Aritzek furgoneta bat zuen eta bertan joaten ginen kontzertuetara. Hasiera xumea izan zen, baina segituan talde gehiago gerturatu zitzaizkigun. Batzuk managementa nahi zuten eta beste batzuk furgoneta alokatu nahi zuten kontzertuetara joateko. Bi zerbitzu horiek eskaintzen ditugu, beraz, aholkularitzarena eta garraiobidearena, eta horrekin batera, ekoizpenaren arlo guztia dago. Jaialdi ezberdinen aurre-ekoizpena eta ekoizpena egiten dugu eta zenbait kontzertutan oholtzako gorabeherak kudeatzeko lana egiten dugu. Euskal Herriko jaialdietan aritzen gara, baita hemendik kanpo ere.

Soinu eta argi ekipoak, oholtzak, hesiak, kamerinoak... baliabide horiek dauzkazue?



Guk Belauntzan dugu enpresaren egoitza eta bertan material gutxi daukagu. Enpresa askorekin lan egiten dugu eta muntaiaren arabera, batekin edo besteekin elkarlanean aritzen gara kontzertua edo jaialdia aurrera ateratzeko.

Zerbitzu integrala eskaintzea da zuen ezaugarri nagusia?

Managamentak, azken batean, etengabeko aholkularitza ematea suposatzen du eta talde baten karrera laguntzea. Horrek esan nahi du, kontzertuak lotzen laguntzen diegula, disko berriak kaleratzen edota hedabideetan elkarrizketak lotzen. Gero talde horien kontzertuetara joaten gara laguntzera, eta zenbaitetan, nire kasuan bezala, soinu teknikari gisa aritzen gara. Hitz gutxitan esateko, musikariek alboan konfiantzazko norbait edukitzea da kontua. Edozer behar dutela, hor gaude gu.

Gustuko dituzten gauzak eta ez dituztenak ere esaten dizkiezue?

Bai. Zintzotasunez jardutea ere bada gure egitekoa. Taldeek maketak bidaltzen dizkigute kantu berriekin eta gure lana egia esatea da. Askotan zaila da, baina gure egitekoa da. Gero taldeak eskumen osoa du nahi duena egiteko eta haien erabakiarekin egongo gara gu, azkenera arte.

Nola egiten duzue harremana artistekin?

Modu naturalean gertatu da. Guk daramatzagun ia talde gehienak guregana etorri egin dira, ez gara joan gu haien bila. Euskal Herria oso txikia da eta elkar ezagutzen dugu. Guk lana nola egiten dugun ikusita askok izan duten hutsune hori betetzeko gerturatu zaizkigu.

Zein artista daramazue Bidean produkzio etxean?

Anari, Kerobia, Dupla, Bad Sound System, Kantu bat gara, Habi... Eta gero, Antton Telleriaren Nekatutak bakarrizketa ere badaramagu. Laguna dugu eta ikuskizun honekin hasi zenean laguntza eskatu zigun. Probatzeko hasi ginen eta ondo joan da. Lan dezente egin dugu.

Zein da gakoa artistekin lan egiteko?

Bai. Batzuetan artistekin lan egitea ez da lan erraza. Lagunak izaten saiatu behar dugu lehenik eta behin. Konfiantza badago elkarren artean, gauzak errazago egiten dira.

Tentsio une asko pasatzen al dira oholtzaren gainean eta atzealdean?


Julen Caminosek Yarza lanean. JAVIER ROSA


Bai. Tentsio handia egoten da. Egia da batzuetan bazter batera joan eta oihu bat bota behar duzula zuk bakarrik tentsioa arintzeko. Baina ekipoa ona bada eta konfiantza baduzu haiengan, gauzak ondo ateratzen dira. Gure kasuan, esango nuke, lortu dugula.

Jendeak baloratzen al du zuen lana?

Jende gehiena ez da konturatzen kontzertu baten atzean zenbat lan dagoen. Askotan urtebeteko aurrerapenez aritzen gara guztia prestatzen. Gu azkeneko hilabeteetan sartzen gara ekoizpena egitera normalean. Dena den, jendeak balioa ematen dio gure lanari.

Dena geldituta egon zen garaian nola eragin zizuen osasun krisiak?

Pandemia garaian beherakada handia izan zen. Irudimenari eragin behar izan genion irtenbide bila. Gure kasuan, udalarekin elkarlanean antolatu genuen Kultura Plazara Tolosako zezen plazan. Hori da guk Bidean produkzio etxe bezala osorik kudeatzen dugun jaialdi bakarra. Lan asko egin genuen proiektua gauzatu ahal izateko, eta azkar gainera. Taldeei eskaintza egin genienean oso gustura hartu zuten, hainbeste denboran geldirik egon ondoren pozez zeuden berriro ere jo ahal izateagatik.

'Kultura Plazara'-k jarraitzeko bokazioa du ?

Bai. Hori da ideia. Aurten zezen plazan lanak egiten ari direlako Zumarditxikira jo genuen beste formatu batekin. Ongi egon zen. Zezen plaza berreskuratzearena ongi ikusten dugu, toki egokia da. Tolosan hainbesteko aforoa duen toki gutxi dago.

Kontzertuen martxa berreskuratzen ari da?

Aurten, gain hartu digu ia. Ez dakigu pandemiaren ondorengo gogoagatik izan den edo zergatik. Horrek jende asko eskatzen du lanerako. Lau pertsona gaude jardun osoz bulegoan eta gero beste jende asko dugu inguruan taldeekin road manager bezala lanean aritzen direnak. Uda honetan, sei-zazpi lagun aritu izan gara, egun berean zazpi-zortzi emanaldi suerta daitezkeelako.

Gaur egun musikariek ahalegin handiena zuzenekoetan egin behar dute?

Bai. Zuzenekoetan defendatu behar izaten dute taldeek euren diskoa. Publikoa irabazi behar izaten dute. Jendea kontzertuetatik gustura ateratzen bada, taldeek babes hori izango dute aurrerantzean ere.

Diskogintza apalduta dago azken urteetan.

Bai. Asko aldatu dira gauzak. Orain guztia da digitala. Taldeetako askok euren diskoak auto-ekoiztea erabakitzen dute eta guk laguntza eskaintzen diegu, diskoetxea izan gabe ere. Badira gurekin aritzen diren taldeak, beste etxeekin diskoak grabatzen dituztenak, eta guztiz errespetagarria iruditzen zaigu. Irekiak gaude. Gu taldeen alboan egon nahi dugu eta gure baliabide guztiak haien eskura jarri nahi ditugu. Durangoko Azokan stand bat jartzen dugu, gure taldeen diskoak bertan egon daitezen.


Julen Caminos Yarza, kontzertu batean lanean. JAVIER ROSA


Zein da zuen lanaren alderik zailena?

Beti desordutan ibiltzen garela eta askotan etxetik kanpo. Lagunak edo kuadrilla parrandan dabilenean gu lanean aritzen gara eta haiek lan dutenean guk jai. Beti kontrara.

Toki asko ezagutzeko aukera emango zizuen batetik bestera ibiltzeak.

Furgoneta pare bat ditugu eta taldeak eramaten ditugu batetik bestera. Lokalean taldea jaso, materiala kargatu eta kontzertua den tokira joaten gara. Hemen inguruan bada, etxera bueltatzen gara eta bestela hotelera joan eta egun batzuk pasatzen ditugu bertan. Hala ere, ez dugu tarterik izaten turismoa egiteko. Juxtu-juxtu hotela eta kontzertuetako tokia ezagutzen ditugu.

 

«Kuadrilla parrandan dabilenean gu lanean aritzen gara eta haiek lan dutenean guk jai. Beti kontrara»



Zein talderi eskaintzen diozue garraiobide zerbitzu hau?

Hasieran guk eramaten ditugun taldeekin ibiltzen ginen. Duela gutxi La Oreja de Van Gogh-en bira osoa egin dugu. Orain Mikel Erentxun eta Alex Ubagorekin gabiltza.

Aurrera begira zein asmo dituzue Bideak produkzio etxean?

Kantu bat gara emanaldiarekin dezente gabiltza. Antton Telleriarekin bira amaituko dugu martxoan eta talde askok eusten diote martxari neguan. Taldeekin elkarlanean jarraituko dugu eta proiektu berriak landu nahi genituzke. Gure martxan jarraituko dugu eta taldeen iritziak jasoko ditugu gure lana hobetzen segitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!