Udal zergak eta tasak %3 igoko dituzte eta hondakinen tasa %5

Ataria 2022ko aza. 8a, 07:59

Datorren urterako ordenantza fiskalak onartu ditu Tolosako Udalak, azken osoko bilkuran; San Esteban auzoari buruzko partaidetza programa aho batez onartu da.

Tolosako Udalak 2023 urterako zerga, tasa eta prezio publikoak onartu ditu azken osoko bilkuran, EAJren eta PSE-EEren aldeko eta EH Bilduren aurkako bozkarekin. Egungo testuinguru ekonomikoa «kontuan hartuta» hartu dute ordenantza fiskalak igotzeko erabakia. Udal zerga eta tasa guztiak %3 igoko dira eta hondakinen tasa %5 igoko da, gastuen eta sarreren arteko diferentzia «handiegia» denez, desoreka horri «aurre egiteko».

Ondasun Higiezinen gaineko Zergari dagokionez, berriz, etxebizitzei dagokiena soilik igoko dute, eta landa eremuari dagokiona ez dute igoko, «landa eremua babesteko».

Udal gobernuak proposatutako igoera «jasangarria» dela esan zuen Begoña Tolosa Ogasun zinegotziak osoko bilkuran, eta hor dagoela udalaren «ahalegin ekonomikoa»: «Udalak bere gastu guztietan KPIaren igoera jasango du, %8,5ekoa, baina ordenantza fiskaletan soilik %3ko igoera aplikatuko dugu, herritarren presio fiskala baretzeko».

Era berean, udalak «esfortzu handiagoa» egin beharko lukeela erantsi zuen Ander Figuerido EH Bilduko zinegotziak. Progresibitatean sakondu eta erreforma fiskal zabal baten beharraz hausnartu zuen, «aberastasunaren banaketa lortzeko gehien duenak gehiago ordain dezan», eta herritar zaurgarriak babesteko neurriak hartzeko eskatu zuen, hobari zein diru laguntzen bidez.

Olatz Peon alkateak esan zuen inoiz baino garrantzitsuagoa dela ziurgabetasunaren aurrean egonkortasuna ekarriko duten erabakiak hartzea. Eta gogorarazi zuen udal aurrekontuen diru sarreren ehuneko zati bat suposatzen dutela udal ordenantzek: «Esan dezakegu, herritarrok ordaintzen ditugun zergak eta tasak ahalbideratzen dituztela, hein batean, ematen diren zerbitzuak, bai kulturakoak, kirol arlokoak eta gizarte zerbitzuak, familiei zuzendutakoak edo oinarrizko beharrak asebetetzeko aukera eskaintzen dutenak».

Aldaketa gehiago

2023ko ordenantza fiskalei lotuta, beste hainbat aldaketa ere onartu dituzte. Terrazen ordenantzen garapenean ostalariek egindako eskaerari erantzunez, terrazen tasa hiru hilean behin ordaintzeko aukera izango dute datorren urtean.

Pertsona zaurgarrienak babesteko helburuarekin, muturreko kalteberatasun egoeran dauden herritarrei zerga eta tasen ordainketa zatikatu edo atzeratzeko aukera ematea ere onartu dute.

Jasangarritasunaren aldeko apustuan, ibilgailu elektriko eta hibridoengatiko hobarian aldaketak txertatu dira. Lehen, ibilgailua erosi eta bi urtez %95eko eta %50eko hobariak ematen ziren, hurrenez hurren. Eta aurrerantzean, ibilgailu elektrikoengatik %60ko hobaria eta ibilgailu hibridoengatik %30ekoa emango dute, epe mugagabean, hau da, urtero.

Obra baimenei dagokienez, tolosarren ordaindu beharreko tasa modu «proportzionalagoan» aplikatzeko tarteak zatikatu dituzte. Izan ere, lehen, 6.000 eta 30.000 euro arteko obrengatik kopuru bera ordaintzen zen (368,65 euro). Eta datorren urtetik aurrera, tarteak honela zatikatu dituzte: 3.000 euro artekoak, 3.000-6.000 artekoak, 6.000-15.000 eta 15.000-30.000 euro arteko obrak.

Azkenik, Nisae plataforma erabiltzeko aukera emango zaie herritarrei zerga eta tasa bakoitzari dagozkion hobariak eskatzeko. Horrek esan nahi du, herritarrek udalari baimena emanez gero, udalak zuzenean eskuratu ahalko duela herritarren informazioa. Modu horretara, hobariak eskatzeko prozedura «erraztu» nahi dute.

Parte hartzea martxan

San Esteban auzoaren etorkizuna erabakitzeko parte hartze prozesua ere martxan jartzea onartu zen, aho batez, HAPOaren aldaketa puntualari buruzko espedienteari hasiera ematea onartzearekin batera.

Parte hartze prozesuan, guztira, bost saio egingo dituzte: informazio saio bat, hiru tailer eta itxiera saioa, auzotarrekin, herritarrekin eta eragileekin «behin betiko alternatiba adosteko».

Beste hainbat puntu ere onartu zituzten: Gipuzkoako taxisten elkarteak proposatu eta Tolosaldea Garatzenek onartutako taxien tarifak onartzea, %10,5eko igoerarekin; itxitako ekitaldiko fakturak onartzea; udal liburutegian emandako zerbitzuengatik aurkeztutako fakturak Eusko Eki SL enpresari ordaintzea; eta administrazio orokorreko lau administrari plaza barne sustapenez hornitzeko deialdiaren etetea indarrik gabe uztea, besteak beste.

Hainbat kreditu aldaketa eta diru laguntza berri ere onartu ziren, besteak beste, erraldoi eta buruhandiak erosteko xedearekin, Tolosa CFren mendeurrenaren harira klubari diru laguntza emateko, jarduera soziokulturaletarako, pertsonal gastuetarako edota Bedaion wifia jartzeko familiei emandako diru laguntzetarako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!