Tolosako Udalak herriko bi gazte kontratatuko ditu administrari lanetarako

Ataria 2022ko aza. 8a, 07:57

Izena emateko baldintzen artean, 16 urtetik gora eta 30 urte baino gutxiago izatea eta Tolosan erroldatuta egotea eskatzen da, besteak beste. Interesdunek eta baldintzak betetzen dituztenek, azaroaren 11 baino lehen izapidetu behar dute eskabidea Lanbideren webgunean.

Irailean, zazpi gazte kontratatzeko udalak egindako deialdiaren baitan kokatzen da oraingo kontratazioa eta helburu du gazteentzako lan aukerak areagotzea, langabezian daudenentzako aukerak sortzea eta laneratze-tasa handitzea du helburu, herrian bizi diren gazteei lehentasuna emanez, gainera. Orain, bi administrari postu betetzeko deialdia egin du udalak, hain zuzen Euskara eta Hezkuntza eta Gobernantza eta Komunitatea sailetarako administrari bat eta Udate herritarren arreta zerbitzurako beste bat.

Euskara eta Hezkuntza eta Gobernantza eta Komunitatea sailetan aritzeko postuaren kasuan, bakoitzean lanaldiaren %50 bete beharko du. Udalak Osasun eta Ongizate Emozionalaren inguruan berriki abian jarri duen parte hartze prozesuko administrari lanak egingo ditu: partaide eta eragileen deialdia bidali, datu-bilketa eta emaitzen zabalpenean lagundu, web orria elikatu... Bestetik, Tolosako Udalak abian jartzen dituen ekitaldi eta egitasmoetan hizkuntza-irizpideen jarraipena egiteko informazio bilketan lagunduko du eta datuak esplotatuko ditu. 

Udateko administrari postuari dagokionean, bulegoko zereginetan lagundu eta haiek osatu beharko ditu langileak: herritarrei telefono bidezko arretaz laguntzea, aurreneko orientazioa eta informazioa ematea udaletxera etortzen diren herritarrak laguntzea,  herritarrei baliabide elektroniko eta automatizatuen bidez egiten dituzten izapideetan laguntzea, zerbitzuaren estatistika-informazioari buruzko hileroko txostena jaso eta egitea, informazioa tratatzeko proposamenak egin eta gauzatzea edota zerbitzuaren bidez atera daitezkeen datuak tratatzea.

Bete beharreko baldintzak

Lanpostuetarako eskaera egin ahal izateko, honakoak dira bete beharreko baldintzak:

  • Tolosan erroldatuta egotea.
  • Batxilergoan edo administrazioan erdi edo goi mailako heziketa zikloa edo baliokidea izatea.
  • 16 urte baino gehiago eta 30 baino gutxiago izatea.
  • 3. HE euskara-eskakizuna edo baliokidea izatea.
  • Enplegu-eskatzaile izatea, alta egoeran, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, eta bete behar duten lanpostuari dagokion hezkuntza-maila izatea.
  • Gazte Bermerako Sistemaren Fitxategian inskribatuta egotea eta, kontratazioari eta ekintzailetzari laguntzeko jarduketa baterako hautatua izateko, onuradun izatea 18/2014 Legean xedatutakoaren arabera.

Eskaera nola egin

Interesdunek eta baldintzak betetzen dituztenek, azaroaren 11 baino lehen izapidetu behar dute eskabidea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren webgunearen bidez: www.lanbide.euskadi.eus.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!