Partaidetza «handia» izan dela esan du udalak aurrekontu partehartzaileen prozesuan

Ataria 2022ko aza. 4a, 11:56

Guztira, 213 proposamen jaso dituzte. Ekarpenak banaka eta teknikoki aztertu ondoren, orain bozketara pasako dira jasotako proposamenak tolosarrek «ideia edo ekarpenik interesgarrienak» lehenetsi ditzaten.

Bozketa fasea zabalik dago, eta azaroaren 6ra arte iraungo du. Bozketa prozesua aurrez-aurre edo online egin ahal izango da.

«Berrikuntzek harrera oso ona herritarren aldetik»

Tolosako Udala gustura agertu da aurten abiatutako prozesuan «tolosar askok» hartu dutelako parte. Joseba Ormazabal, Komunitatea, Gobernantza eta partaidetza saileko zinegotzi arduradunak esan duenez, «azken urteotan partaidetzaren alorrean Tolosatzenen eskutik egindako ibilbideak partaidetzaren kultura errotu du Tolosan; aurten berrikuntzak txertatu ditugu prozesuan online parte hartzeko aukera zabalduz, herritarrei parte hartzeko erraztasunak emateak lagundu du partaidetza areagotzen eta bistakoa da tolosarrek barneratua dutela partaidetzaren garrantzia eta udal erabakietan parte hartzeko inplikazioa; aurten partaidetza altua izan da eta oso pozik gaude berrikuntzek izandako harrerarekin eta tolosarrengandik jasotako erantzunarekin».

Jasotako ekarpenak banaka aztertu dira. Udaleko sail bakoitzak bere alorrari lotutakoak gainbegiratu ditu eta bozketara pasako dira teknikoki egingarriak direnak edo udal eskumenekoak direnak. Guztira 64 proposamen. 

Joseba Ormazabalek azaldu du antzeko proposamenak multzokatu egin direla, proposamen batzuk errepikatuta zeudela eta mantenu lanei lotutako proposamenak bozketatik kanpo geratu direla; «horiek baina urteko mantenu plangintzan jasoko dira» gaineratu du. Udal eskumenekoak ez diren proposamenak bozketatik kanpo geratuko direla esan du Ormazabalek, baina udala horiek bideratzen ahaleginduko dela.

Zaraten aurkako pantailei lotuta, «eskari asko jaso ditugu Izaskun auzoan, Iparragirren edota San Blas pasabideko zubian zaraten aurkako pantailak jartzeko, Foru Aldundiaren eskumeneko gaia denez, udala elkarlanean aritu da Aldundiarekin eta jada hasita daude pantailak jartzeko lanak eremu horretan» azpimarratu du Joseba Ormazabalek.

Bozketa prozesua ere, aurrez aurre eta online

Bozketa prozesuan 16 urtetik gorako tolosarrek parte hartu ahal izango dute eta bozketara pasatako 64 proposamenetatik, 3 lehenetsi ahal izango dituzte herritarrek.

Jasotako proposamen bakoitzak fitxa-teknikoa izango du, dagokion balorazio teknikoarekin. Guztiak udal webgunean herritarren eskura jarriko dira. 

Aurrez aurreko bozketarako, postontziak jarri dira UDATE herritarren arreta bulegoan, kultur etxean eta Usabal kiroldegian. Eskuorria bete eta postontzietan utzi ahal izango dute herritarrek. Eta udal webgunearen bidez ere bozkatu ahal izango dira proposamenik interesgarrienak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!