Izotz Alastuey eta Olatz Salvadorren kontzertua Tolosan, larunbatean

Ataria 2022ko azaroaren 3a

Gipuzkoan Gazte Tour ekimenaren baitan antolatu dute azaroaren 5eko emanaldia, 19:30ean, Leidorren.

Sarrerak 5 eurotan eros daitezke Kutxabanken webgunean.

Gipuzkoan Gazte Tour programak hainbat jarduera biltzen ditu hizkuntzaren eta arte eszenikoen inguruan. Gipuzkoako Foru Aldundiak garatzen du, beste eragile eta udalerri batzuekin lankidetzan, tartean, Tolosarekin. Isaac Palencia, Gazteriako foru zuzendariaren esanetan: «Programazio bat prestatu dugu, finkatutako artistak tokiko artistekin uztartzeko, eta, horrela, lurraldean daukagun talentua sustatzeko».

Izotz Alastuey

Izotz Alastuey donostiarra da, eta oso txikitan hasi zen pianoa eta kantua ikasten. Beti konposatu izan ditu bere abestiak, baina iaz, asteko abesti bat modu profesionalean konposatzeko erabakia hartu zuen; horrela sortu zuen bere lehen singlea, Comments, eta plataforma digitalen bidez ekoizten eta argitaratzen hasi zen.   

Bigarrena, Ain 't Like The Rest, urriaren hasieran argitaratu zen. Pop rock baladen eta musika alternatiboaren arteko fusio gisa definitzen du bere estiloa; letren bidez nerabezaroaren antsietatea eta, batez ere, desberdin izateagatik eta sentitzeagatik gizartearekin bat ez etortzeko beldurra transmititu nahi du.

Olatz Salvador

Olatz Salvador oso gaztetan hasi zen musikarekiko lotura garatzen. Piano eta solfeo ikasketak egin zituen haurtzaroan, eta, nerabe zela, gitarrarekin lehen akordeak jotzen hasi zen modu autodidaktan. Ondoren, Ainara Ortega musikariarekin ahots teknikak ikasi zituen eta Donostiako Musika eta Dantza Eskolan, berriz, musika harmonia nahiz baxua.    

20 urterekin, hammond doinuak eta sintetizadoreak jotzen hasi zen Skakeitan bandan, eta gaur egun teklista izaten jarraitzen du. Hala ere, 2014. urtera arte ez zuen eman lehen kontzertua; Le Bukowski aretoan (Donostia) izan zen, Bakarrik hobeto fest jaialdiaren lehen edizioan. Emanaldi hura inflexio puntu bat izan zen, eta, ondoren, bakarkako ibilbideari ekin zion, proiektu gisa finkatu arte. Kontzertu hura eman eta lau urtera iritsi zen bere bakarkako lehen diskoa: Zintzilik. Bederatzi abestiz eta estilo propio batez osatutako lan intimista da, xehetasun asko aurkitzeko dituen disko samurra.                                                             
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!