Ligatzeko aplikazioei buruzko hausnarketa

Ataria 2022ko azaroaren 3a

Sex sua musikala hartuko du Tolosako Leidor antzokiak bihar 20:00etan; sarrera doakoa da eta ez da gonbidapenik behar.

Teknologia berrien ondorioz sortzen ari diren harreman kodeei buruzko gogoeta egin nahi du Sex Sua musikalak. Aktore bakarra du oholtza gainean, Andoni Mutiloa, eta berarekin batera ilusio faltsuen bidean barneratuko da ikuslea, umorez eta dramaz betetako bidaia egiteko. Bihar ikusi ahal izango da musikala Tolosako Leidor aretoan, 20:00etatik aurrera. Sarrera doakoa da eta ez da gonbidapenik behar. 

Andoni Mutiloa azken bi urteetan Esnatu Naiz kabareta eskaintzen aritu da eta 60 emanaldi baino gehiago eskaini ditu. Orain ikuskizun berria du eta ikuslea gogoeta egitera gonbidatu nahi du beste behin. LGTBI+ kolektiboaren aldeko aldarrikapena ere badela dio Mutiloak, «genero eta sexu-joera ezberdinen aldeko mezua ere zabaldu nahi dugu ikuskizunaren bidez».

Sex sua musikalak antzerkia, dantza eta musika nahasten ditu eta Mutiloak umorez zein dramaz betetako bidaia egiten du. Protagonista Hiruki da eta ez du genero zehatzik. «Ez du horren beharrik. Etiketa guztiak gainditzen ditu. Ikuskizuneko gidaria da. Obraren amaieran, ordea, Imanol pertsonaia agertuko da eta bere esperientzia pertsonalean oinarrituko da ikuskizunaren bukaerako hausnarketa egiteko». 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!