Hutsik dauden etxebizitzak alokairura bideratzeko diru laguntzak

Tolosaldeko Ataria 2022ko aza. 2a, 19:00

Alde Zaharreko etxebizitzek 8.000 euroko laguntza jaso dezakete; gainerako eremuetakoek 4.000 eurokoa. Diru laguntza eskatzeko epea zabalik dago. Alokairua ordaintzeko laguntzak urtarrilean zabalduko dituzte.

Tolosako Udalak etxebizitza hutsak eraberritzeko eta alokairu soziala bultzatzeko diru laguntzen deialdia abiatu du, Eusko Jaurlaritzarena «osatuko» lukeena. Dagoeneko laguntzak eskatu daitezke aurrez aurre UDATEn, herritarren arreta bulegoan, edota telematikoki, udal webgunearen bidez. Herritarrei ekimenaren berri emateko lau informazio saio egingo dituzte azaroan zehar.

Informazio saioak

Etxebizitza hutsak birgaitzeko diru laguntzen deialdia zabaltzearekin batera, diru laguntzen inguruko informazio esku-orria bidali da etxe guztietara eta informazio kanpaina egingo du udalak tolosarrek etxebizitza alorrean eskura dituzten diru laguntza guztien berri izan dezaten:

 1. Etxebizitza hutsak birgaitzeko eta alokairura bideratzeko udal-laguntzak.
 2. Eusko Jaurlaritzaren Gaztelagun programa, 18-35 urte bitarteko gazteei alokairu ordainketa laguntzeko.
 3. Alokairu ordainketa errazteko udal-diru laguntza. Deialdia urtarrilean egingo da.

Informazio saioen helburua etxebizitza hutsen jabeengana iritsi eta eurekin lanketa berezia egitea ere badela azaldu dute udaletik, «etxebizitza hutsak mobilizatzea lortzeko». Hitzorduak ondorengoak dira:

  • Azaroak 9, udaletxeko pleno aretoan, 18:00etan.
  • Azaroak 15, Plaza Zaharrean, 11:00-13:30 eta 18:00-20:00 bitartean.
  • Azaroak 17, Lopez Mendizabal plazan, 11:00-13:30 eta 18:00-20:00 bitartean.
  • Azaroak 22, Musika Eskola parean, 11:00-13:30 eta 18:00-20:00 bitartean.

Etxebizitza alorra, «lehentasunezkoa»

Tolosako Udalak etxebizitza alokairuan jartzeko beharrezkoak diren erreformak egiten lagunduko die etxebizitza hutsen jabeei: «diru laguntza jasotzeko baldintza bakarra etxebizitza Tolosan egotea eta Bizigune programan sartzea da».

Olatz Peon eta Xabier Balerdi udal ordezkariek zehaztu dutenez, «Jaurlaritzak, Bizigune programaren bidez, aurrerakina eskaintzen die etxebizitza hutsen jabeei erreformak egiteko (%0ko interesarekin) eta udalak ere diru laguntza zuzena emango die herritarrei eraberritze lanetarako, gehienez ere 4.000€koa, eta 8.000€ artekoa etxebizitza hutsa Alde Zaharrean kokatuta badago».

Peon alkatearen esanetan, «etxebizitza alorra lehentasunezkoa da tolosarrei bertan bizitzeko aukera eskaintzeko». Zentzu horretan, azpimarratu nahi izan du udala «buru belarri» ari dela lanean etxebizitza berrien eraikuntza sustatzeko; «baina ezinbestekoa da, baita ere, etxebizitza hutsak mobilizatzea eta etxebizitza sarbidea errazteko bestelako neurriak hartzea, alokairu ordainketa errazteko diru laguntzak kasu».

Konpromiso bat ere hartu du Olatz Peon Tolosako alkateak: «Visesarekin elkarlanean, alokairu babestuko 111 etxebizitza sustatuko ditugu Amarotzen, eta 15 eraikiko ditugu Iurramendin».

Xabier Balerdi etxebizitza saileko zinegotziak ere beste aurrerapen bat egin du: «Iurramendi eta San Cosme-San Damian eremuetako etxebizitza tasatuetarako deialdiak urtea amaitu aurretik abiatuko dira, eta alokairu ordainketa errazteko diru laguntzen deialdia urtarrilean egingo da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!