Zumarditxikiko aparkalekuaren alternatiba aurkezteko bilera, etzi

Ataria 2022ko azaroaren 1a

Tolosako Udalak Alde Zaharreko bizilagunei egin die dei. 18:30ean hasiko da saioa, udaletxeko batzar aretoan.

Zumarditxikiko proiektua aurrera doa eta hori egikaritzeko urratsak egiten jarraitzen du Tolosako Udalak. Ildo horretan, esaterako, joan den irailean eginiko osoko bilkuran, lanen lizitazioa martxan jarri ahal izateko mailegu aldaketa onartu zuten. 
Lizitazioa abian jarri edota proiektua gizarteratu aurretik, baina, Tolosako Udalak bertako aparkalekuaren alternatiba landu du eta horixe aurkeztu nahi die orain Alde Zaharreko bizilagunei, hain zuzen eremu honetako bizilagunengan izango baitu eragin handiena Zumarditxikiko eraberritzeak. 

Gauzak horrela etzi osteguna Zumarditxikiko aparkalekuari irtenbidea emateko udalak landutako alternatiba aurkezteko bilera irekia egingo dute Alde Zaharreko bizilagunekin 18:30ean batzar aretoan.

Azterketa ardatz hartuta
Tolosako Udalak aurkeztuko duen alternatiba lantzeko, aurrez, herriko aparkalekuaren eta bereziki Zumarditxikiko aparkalekuaren erabilerari buruzko azterketa sakona egin du Leber enpresaren gidaritzapean. Aipatu enpresa garraioaren eta trafikoaren antolaketan espezializatutako aholkularitza enpresa da. Osteguneko saioan parte hartuko dute enpresako adituek, eginiko azterketaren nondik-norakoak  eta emaitza nagusiak azaltzeko. 

Udalak esan du azterketa horren barruan, arreta berezia jarri dutela Zumarditxikiko aparkalekuan, bertara sartu edo bertatik irteten den kotxe bakoitza eta horien egonaldiak aztertuz. Emaitza gisa, bertan aparkatzen diren ibilgailuen gehiengoa  (ia %80) Alde Zaharrean bizi diren pertsonenak direla ondorioztatu dute. 

Hori dela udalak landutako alternatiba, espresuki Alde Zaharreko bizilagunei zuzendutakoa da eta horiek izango dira proposamenaren onuradunak. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!