Alokairuari buruzko hitzaldiak eta tailerra, Zutani elkartearen eskutik

Ataria 2022ko azaroaren 1a

Azaroaren 9an izango da pobrezia energetikoari buruzko hitzaldia

Zutani elkarteak Pobreziaren Aurkako Jardunaldiak antolatu ditu. Azaroaren 7,8 eta 9an izango dira eta Ezin dut alokatu eta ezin dut ordaindu da jorratuko duten gaia.

Alokairuaren inguruko hitzaldiak antolatu ditu Zutani elkarteak Pobreziaren Aurkako Jardunaldietarako. Gaia alderdi desberdinetatik landuko dutela esan dute elkarteko kideek eta horretarako hiru hitzaldi eta tailer bat antolatu dituzte datorren asterako. Guztiak izango dira 19:ooetan Tolosako kultur etxean.

Azaroaren 7an Ezin dut alokatu hitzaldia eskainiko du Juande Gomez Madrilgo Provivienda elkarteko kideak. Jatorria dela eta bazterketa pairatzen duten pertsonengan jarriko du azpimarra.  Azaroaren 8an etxebizitza kolaboratiboak izango ditu hizpide Arteale Fundazioko Mari Jose Anituak. Gasteizko proiektu bat da eta 2018. urtetik dago martxan. Azken hitzaldiarekin batera tailer bat egingo dute pobrezia energetikoari buruz. Azaroaren 9an izango dira eta Tolosaldea Garatzeneko Garbiñe Mendizabalek eta Usoa Aldazabalek eta Goienerreko Aitor Ossak eskainiko dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!