Peña 25 orduz igerian, minbizia dutenen omenez

Ataria 2022ko azaroaren 1a

Carlos Peñak «arrakasta handiz» osatu du, Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkartearen omenez, 25 orduz igerian eginiko zeharkaldia.

Tolosako igerilaria, larunbatean, 13:00etan irten zen Ur Kirolak Klubak Donostiako Loiola auzoan duen egoitzatik, eta 25 orduz etengabe igerian aritu ostean, igandean abiatutako puntu berean amaitu zuen erronka.

Carlos Peñak azaldu duenez: «Zeharkaldi honen bidez, nire helburua minbizia duten pertsona eta familia guztiei laguntzea da», eta gaineratu du: «Gaixotasun horrek, era batera edo bestera, denoi eragiten digu, bai pertsonalki bizitzeagatik, bai minbizia duten gertuko pertsonei laguntzen ari garelako. Hau da laguntzeko eta, nolabait, omentzeko nire modua».

Igandean, elkarteko boluntarioek, lagunek eta senitartekoek ongi etorri beroa eman zioten igerilariari. «Nekatuta eta hunkituta» iritsi zen tolosarra amaierara, eta eskerrak eman zizkien bukatzean zain zituen pertsonei, eta bidaia honekin bere helburua bete ahal izatea espero duela nabarmendu zuen.

Era berean, Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteko ordezkariek eskerrak eman zizkioten Carlos Peñari bidaia neketsuagatik eta azaldutako babesagatik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!