Jose Ariztimuño 'Aitzol' omendu du Espainiako gobernuak

Ataria 2022ko urr. 31a, 17:00

Heriotza, errepresioa eta erbestea jasan zuten hogei biktima eta haien senideei erreparazio-diplomak banatu dizkiete gaur.

Espainiako gobernuak 36ko kolpe militarraren, gerraren eta diktaduraren biktima guztiak oroitzeko eta omentzeko eguna ospatu du gaur. Memoria es Democracia lelopean ekitaldia egin dute Madrilen eta heriotza, errepresioa edo erbestea jasan zuten hogei biktima eta haien senideei erreparazio-diplomak banatu dizkie Espainiako gobernuburuak. Omenduetako bat izan da Jose Ariztimuño Aitzol apaiz eta euskaltzale tolosarra eta bere senideek jaso dute diploma gaur goizean.

Aitzol Bilbora ihesi zihoala 1936ko urrian Baionan igo zen 'Galerna' ontzira. Francoren aldekoek itsasoan ontziko kapitainari gelditzeko agindu, atxilotu eta Pasaiako portuan lehorreratu zuten. Gau hartan bertan eraman zuten Ondarretako espetxera. Tolosarrarekin batera atxilotuta egon zen Jacques Pelletierrek eman zuen Aitzolen tortura saioen berri. Odoleztatuta gogoratzen du, bere kabuz zutik ibiltzeko ezgauza. Handik gutxira Ondarretatik atera eta Hernaniko hilerriko paretaren kontra fusilatu zuten Aitzol, beste 191 lagunekin batera. Bere familiak oraindik ez daki haren hezurrak non dauden. Aranzadi zientzia elkarteak Hernaniko hilerrian eginiko indusketen bidez jakin zuten bertan ez zegoela gorpurik. 

Jose Ariztimuño Aitzol Euskaltzaleak elkartearen zuzendaritzan eta Eusko Pizkundea mugimenduan egindako lanengatik da ezaguna. Baita Euzko Langileen Alkartasunaren aldeko ekinagatik ere.

Gaur Madrilen egin duten ekitaldian omendu dute 'Aitzol' apaiz eta euskaltzale tolosarra (Argazkia: EITB)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!