Zumarditxikiko aparkalekuaren alternatiba aurkezteko bilera, azaroaren 3an

Ataria 2022ko urriaren 29a

Informazio bilera Alde Zaharreko bizilagunei zuzenduta dago eta arratsaldeko 18:30ean izango da udaletxeko batzar aretoan; alternatiba garatzeko Tolosako Udalak herriko aparkalekuaren inguruan eginiko azterketa hartu du oinarri.

Zumarditxikiko proiektua aurrera doa eta hori egikaritzeko urratsak ematen jarraitzen du Tolosako Udalak. Ildo horretan, esaterako, joan den irailean eginiko osoko bilkuran, obren lizitazioa martxan jarri ahal izateko kreditu aldaketa onartu zen. Lizitazioa abian jarri edota proiektua gizarteratu aurretik, baina, udalak bertako aparkalekuaren alternatiba landu du eta horixe aurkeztu nahi die orain Alde Zaharreko bizilagunei, hain zuzen, eremu honetako bizilagunengan izango baitu eragin handiena Zumarditxikiko eraberritzeak.

Gauzak horrela, datorren azaroaren 3an, osteguna, Zumarditxikiko aparkalekuari irtenbidea emateko udalak landutako alternatiba aurkezteko bilera irekia egingo dute Alde Zaharreko bizilagunekin, arratsaldeko 18:30ean udaletxeko batzar aretoan.

Udalak aurkeztuko duen alternatiba lantzeko, aurrez, herriko aparkalekuen eta bereziki Zumarditxikiko aparkalekuaren erabilerari buruzko azterketa sakona egin du Leber enpresaren gidaritzapean. Aipatu enpresa garraioaren eta trafikoaren antolaketan espezializatutako aholkularitza enpresa da. Enpresako adituek ere parte hartuko dute informazio bileran, eginiko azterketaren nondik-norakoak eta emaitza nagusiak azaltzeko.

Esan bezala, azterketa horren baitan, arreta berezia jarri dute Zumarditxikiko aparkalekuan, bertara sartu edo bertatik irteten den kotxe bakoitza eta horien egonaldiak aztertuz. Emaitza gisa, bertan aparkatzen diren ibilgailuen gehiengoa (ia %80) Alde Zaharrean bizi diren pertsonenak direla ondorioztatu da. Hori dela eta, udalak landutako alternatiba, espreski Alde Zaharreko bizilagunei zuzendutakoa da eta horiek izango dira proposamenaren onuradunak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!