IV. Gipuzkoako Eskolarteko Boulder Ligaxka Mixtoaren jardunaldia egingo dute Tolosan

Ataria 2022ko urriaren 28a

Gipuzkoako Mendizale Federazioak antolatu du, eta azaroaren 13an izango da, Usabal kiroldegian, 9:30ean hasita. Izena eman nahi dutenek egunean bertan izango dute aukera, 3 euro ordainduta.

Gipuzkoako ikasle guztiak ekitaldi honetan parte hartzera animatzen dituzte. Bertan, euren burua gainditu eta eskaladaren munduan esperientzia berri bat bizi ahal izango dute.

Egitaraua eta parte-hartze oinarriak:
  • Eguna eta lekua: Urriaren 30a, Ibarra Kiroldegia, Aretxabaletan eta azaroaren 13an, Usabal Kiroldegian Tolosan.
  • Partaideak eta mailak: Gipuzkoako ikastetxeetako neska-mutilek har dezakete parte. Mailak: alebinak (2011-2012 jaiotakoak), infantilak (2009-2010 jaiotakoak) eta kadeteak (2007-2008 jaiotakoak).
  • Izen-ematea: Probaren egun berean, prezioa 3 € partaideko izango da.
  • Ordutegia: Eskalada: 9:30-13:30. Diplomak: 13:30-14:30
  • Helburua: Errespetu eta adiskidetasun balioetan oinarrituta, norberaren trebetasunak partaideekin neurtzeko aukera izango dute.
  • Proba sistema: Zirkuitu itxi bat egongo da. Zirkuituaren helburua haurrek bloke guztiak probatzea da (15 bloke) errazenetik zailenera. Start-a eta boulder-aren top-a pegatinekin seinaleztatuta egongo da, baita bloke bakoitzaren zenbakia ere. Haur bakoitzak fitxa bat izango du lorpenak apuntatzen joateko, X bat bidea osatzea lortzen ez diren saiakerengatik eta T bat bidea lortutako saiakerengatik. Maila bakoitzean sailkapen misto bakarra egongo da, hau da, sexu bereizketarik gabe. Maila bakoitzean sailkatutako lehenengo hirurek izendun diploma bat jasoko dute.
  • Opariak: Partaideek Camp Base-ren kamiseta bana jasoko dute.
  • Joan-etorria: Ibilgailu partikularrak erabiltzeak, arazo desberdinak sor ditzake: segurtasunezkoa, trafikozkoa, aparkalekukoa, CO2   igorpenak, etab. Garraio kolektiboa erabili.
  • Ezustekoak: Ezustekoren bat gertatuz gero, antolatzaileen esku egongo da zer egin erabakitzea.
  • Partaideen irudiak: Jarduera publikoa izanik, bai prentsan eta bai Federazioaren edo elkarte antolatzailearen webguneetan argitaratzeko bideo eta argazkiak aterako dira. Hala ere, umeen arduradunak argazkiak ez publikatzea eskatu dezake, bertan edo gmf-administrazioa@kirolak.net helbidean.
  • Edukiera: Rokodromoko gehienezko edukiera 100 partaidekoa da. Beraz, izen-ematen dutenen kopuruak edukiera gaindituko balu, partaideak 2 txanda desberdinetan banatuko dira: 9:30ean lehenengoa eta 11:30ean bigarrena.
  • Oharra: Izen-emate libreak antolaketako baldintzak onartzea dakar.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!