60 etxebizitza tasatu eraikitzeko obra lizentziak eman ditu Tolosako Udalak

Ataria 2022ko urriaren 27a

San Kosme-San Damian eta Iurreamendi eremuetarako eman dizkie lizentzia horiek etxebizitza sustatzaileei, etxebizitzen eraikuntzarekin has daitezen.

San Kosme-San Damian eremuan 20 etxebizitza eraikitzea dago aurreikusita eta Iurreamendin, berriz, beste 40. Tolosako Udalak, jada obren lizentzia emanda, etxebizitza tasatu horiek zozketatzeko oinarriak lantzeari ekin dio, etxebizitza babestuen aldeko apustua berretsiz, tolosarrei aukera berriak ematen jarraitzeko bidean. 

Horrela, datozen asteetan iragarriko da etxebizitza promozio berri horietan izena emateko epea noiz zabalduko den eta, horrekin batera, zozketan parte-hartu ahal izateko baldintza eta gainerako xehetasunak ere zabalduko ditu Udalak. 

Etxebizitzen politika lehentasun eta ardatz

Garapena eta etorkizuna bata bestearen osagarri gisa ulertuta, legealdi honetan zehar, Tolosako Udalak lan lerro desberdinak jorratu ditu etxebizitza politiken arloan. 

Batetik hirigintza garapena bermatzeko auzune berriak sortzeko urratsak eman ditu etxebizitza babestuen alde apustu berezia eginez.  Horien artean kokatzen dira, esaterako, aipatutako etxebizitza tasatuen promozioak edota San Esteban eremuaren lanketa. Horiez haratago, diru-laguntza lerro desberdinak ere landu ditu alokairua bultzatu eta etxebizitza hutsak merkaturatzeko. 

Bi laguntza lerro horien inguruko xehetasunak emateko informazio saioak abiatuko ditu laster udalak, baita ere etxebizitza hutsak eraberritu eta alokairuan jartzeko diru laguntzen deialdia ere.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!