Udaltzaingo Plan Zuzentzailea osatzen ari da Tolosako Udala

Ataria 2022ko urr. 27a, 14:25

Udaltzaingo zerbitzuaren kanpo zein barne analisia egingo dute eta udaltzaingo taldearen zein herriko eragile desberdinen ikuspegi, proposamen zein iritziak jasoko dituzte; udaltzaingo modernoa, inplikatua eta gertukoa sustatzea da helburua.

Tolosako Udala udaltzaingoaren Plan Zuzentzaile berria definitzen hasia da, 2023-2026 urte bitartean udaltzaingoaren jarduna gidatuko duten erronkak zein jarrai lerroak jasotzeko. Egungo udaltzaingo zerbitzua garai zein behar berrietara egokitzen joatea da helburua, herriari zein herritarrei udaltzaingo talde moderno zein inplikatua buru izango duen zerbitzu hurbila eta kalitatezkoa eskaintzeko, momentuko zein etorkizuneko beharrei erantzuteko gai izango dena.

Horretarako, baina, lehen urrats gisa, hausnarketa prozesua jarri du abian udalak. Hausnarketa prozesu horren baitan, barne zein kanpo diagnosia egingo da; barne hausnarketa udaltzaingoak berak egingo du eta kanpo azterketa, aldiz, herriko talde eta eragile desberdinekin elkarlanean osatuko da. Bi azterketa horietatik jasotako emaitzak uztartuz, etorkizuneko jardunbide amankomuna definitzea da asmoa.

Hausnarketa prozesuak egungo zerbitzuaren hainbat alderdi izango ditu aztergai: udaltzaingotik eskaintzen diren zerbitzuak, baliabideak, harreman kanalak, lan taldearen ezaugarriak, funtzioak, barne kudeaketa, udaltzaingoaren indarguneak edota ahuleziak.

Zerbitzuaren barne diagnosia

Zerbitzua bere osotasunean aztertu eta iritzi ahalik eta osatuena lortzeko, herriari galdetzeaz haratago, udaltzaingo taldearen ahotsa jasotzea ezinbestekoa da plana osatzeko. Ildo horretan, udaltzaingo taldea hasia da dagoeneko hausnarketa lanetan, horretarako osatutako lan-taldearen bitartez.

Barne diagnosi horretan, udaltzaingo taldeak eskaintzen dituen zerbitzuak, pertsonak (udaltzainen profilak, formazioa, lan giroa…), baliabideak (instalazioak, ibilgailuak, aplikazio informatikoak..), barne kudeaketa (koordinazioa, barne komunikazioa…), harreman kanalak eta interes taldeak (herriko talde eta eragile desberdinak) aztertuko dituzte.

Kanpo diagnosia, herriko elkarte eta eragileen eskutik

Aurrez aipatu bezala, kanpo azterketa herriko hainbat elkarte eta eragileekin elkarlanean osatuko du udalak, udaltzaingo taldearen ikuspegi eta ikuspuntuaz haratago, herria zein herritarrena jaso ahal izateko, horiek baitira, hain zuzen, zerbitzu honen hartzaile nagusiak.

Horretarako, udalak ondorengo interes taldeak definitu ditu: udaletxeko sail desberdinak, brigada, alderdi politikoak, sindikatua, Ertzaintza, Babes Zibila, ostalari zein merkatari  elkartea, Auzo elkarteak, elkarte gastronomikoak, ikastetxeak eta bestelako elkarteak.

Horri jarraiki, udalak, PFK Attest enpresaren gidaritzapean, galdetegi bat zuzendu die aurrez definitutako interes taldeei udaltzaingoaren inguruan duten iritzia jasotzeko: indarguneak, gabeziak, hobetu beharrekoak, harreman mota, udaltzaingoaren zerbitzuaren ezagutza maila…

Azterketa horren funtsa da herritarrek udaltzaingo zerbitzuaren inguruan duten iritzia ezagutu eta jasotzea, horretarako, besteak beste, zerbitzuaren indarguneak, gabeziak edota hobetu beharreko puntuak identifikatuz.

Behin lan hori eginda, kanpo zein barne azterketatik eratorritako emaitzak amankomunean jarriko dira eta momentuko zein etorkizuneko beharrei erantzuteko neurri edota ekintza zuzentzaileak jasoko dituen Udaltzaingoaren Plan Zuzentzailea osatuko da,  2023-2026 urte bitartean, herria zein herritarrekin osatutako jardunbide amankomun eta partekatua jasoko duena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!