'Nire erara bizitzeko erronka' kanpaina aurkeztu dute

Ataria 2022ko urr. 27a, 07:58

Adimen desgaitasuna duten pertsonek modu independentean bizitzeko duten eskubidea aldarrikatzea da Atzegiren aurtengo sentsibilizazio kanpainaren helburua.

Nire erara bizitzeko erronka lelopean, Atzegik, gizartearen zati handi batentzat oraindik ezezaguna den alderdi bat ikusarazi nahi du; «adimen desgaitasuna duten pertsonek modu independentean bizitzeko duten gaitasuna eta eskubidea».

Atzegitik zehaztu dutenez, «egia da guztiek modu independentean bizitzeko adina autonomia ez dutela, baina askok bai, eta gainontzekoen antzeko bizi-proiektua izan dezakete, betiere beharrezko laguntza jasotzen badute».

Orain arte, sentsibilizazio kanpainan bi kartel zabaltzen zituzten. Aurten lau izango dira, «bizitzeko lau modu desberdin» irudikatuz. Horiez gain, bideoak ere zabalduko dituzte ondorengo egunetan, Atzegiko sare sozialetan.

Bideoetan, Atzegiren laguntza jasotzen duten pertsonak agertzen diren euren lagunekin, kasu batzuetan. Egunerokotasunaren erronkari aurre nola egiten dioten azaldu nahi izan du Atzegik; sukaldaritza, pisu kideen arteko elkarbizitza, bikote bizitza eta abar islatuz.

Sentsibilizazio kanpainaren aurkezpenean azaldu dutenez, «oraindik jendea harritu egiten da adimen desgaitasuna duten pertsona batzuk bikotean, lagunekin edo bakarrik bizi direla jakiten dutenean, eta garrantzitsua da auzotarrek, eta oro har, gizarteak ulertzea haiek ere nola bizi nahi duten erabakitzeko eskubidea dutela». Ildo horretatik, Atzegik inguruko laguntza naturalen garrantzia azpimarratu du, erronka hitzarena bezala. Izan ere, «gainerako biztanleentzat bezala, talde honentzat ere independentzia erronka handia da, eta zailtasun handiak dituzte pisua bilatzerako orduan, pisu kideekin, antolatzerako orduan eta abar. Atzegitik bidea erraztu nahi diegu, geroz eta pertsona gehiagok euren ametsa egi bihur dezaten».

Atzegiren datu orokorrak

  • 2.173 adimen desgaitasuna duten pertsonak.
  • 2.463 pertsona kolaboratzaile.
  • 10.651 Atzegizale.

Tolosaldeko datuak

  • 162 familia
  • 167 kolaboratzaile
  • 853 Atzegizale

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!