Zortzi onenetan sartzea, lehen helburua

Imanol Garcia Landa 2022ko urr. 26a, 17:00

2022-2023 denboraldiko Eguzkitza Sagardotegia TAKE taldea.

Lehen eta bigarren mailak bateratu egin dira, eta lehen fasean lehen bi postuetan bukatu nahi du Eguzkitza Sagardotegia TAKEk.

Ezohiko liga jokatzen ari da Eguzkitza Sagardotegia TAKE taldea. Saskibaloiko Gipuzkoako lehen mailan jokatzen du, baina denboraldi honetan ez da bigarren mailarik izango. Lehen mailan ez dute talde askok izena eman, eta horregatik federaziotik erabaki dute lehen bi mailak elkartzea. Beraz, 22 talde daude eta lau multzo egin dituzte, bi multzo bost talderekin eta bestea biak sei talderekin. Bost taldeko multzoetako batean daude TAKEkoak, eta lehen bi partidak irabazi egin dituzte. «Hasiera ona izan da, lehen fase honetan ondo hastea interesatzen zaigulako», esan du Jon Azaldegi entrenatzaileak.

Bi partidetan puntu askogatik irabazi du Eguzkitza Sagardotegia TAKEk, baina ez direla partida berdinak izan azaldu du Azaldegik: «Astigarragako taldearen aurkakoan, nahiz eta markagailuan diferentzia handia izan, lehen eta bigarren laurdenetan partidan mantendu ziren. Gero, bigarren zatian aldea markatzea lortu genuen. Aldiz, Luberri Baserria KM0 taldearen aurka bai nabaritu zela bi taldeen arteko aldea». Azken partida hori 14-59 irabazi zuten. Lehenengo fasean lau partida bakarrik jokatuko dituzte TAKEkoek, multzoko beste lau taldeen aurka. Horietatik bat etxean jokatuko dute, eta beste hirurak etxetik kanpo. Fase horretan multzo bakoitzeko lehen bi taldeak bigarren fase batean elkartuko dira, eta horien artean liga bat jokatuko dute, joan-etorriko norgehiagokekin. Bigarren fase horretan lehen bi postuetan geratzen direnek finala jokatuko dute. Irabazleak igoera ziurtatua du, eta bigarrenak zain egon beharko du goiko mailetan igoerak eta jaitsierak nola izango diren ikusi arte.

Hain justu, taldearen lehen helburua multzoko lehen bi postu horietako batean izatea da. «Zortzi talde onenen bigarren fase horretan sartu nahi dugu, eta hor lehiatu», esan du Azaldegik. «Aurreko denboraldian hartutako dinamika onari denboraldi-aurrean jarraipena eman diogu. Ondo entrenatzen ari gara eta emaitzak lan horren isla izan dira». Zortzi onenen taldean sartzeak ere badu beste ondorio bat: datorren urtean berriro ere lehen eta bigarren maila badago, zortzi horiek ziurtatuta izango dute lehen mailan postua.

Hurrengo partida Atletico San Sebastian taldearen aurka izango da, etxean, azaroaren 6ko asteburuan, eta partida hori irabaziz gero hurrengo fasean izango dira. «Zaila izango da beraiei irabaztea, goiko maila batetik jaitsi direlako. Saiatuko gara lehiatzen, eta etxean jokatuko dugun partida bakarra izanik, ea horrek indarrak ematen dizkigun irabazteko». Bide batez, ez du oso justua ikusten Azaldegik nola planteatu den lehen fasea, lau partidetatik hiru kanpoan jokatzen dituztelako.

Bigarren denboraldia du Azaldegik klubeko nesken lehen taldea entrenatzen, Beñat anaia laguntzaile duela, eta denboraldi hau ezberdina izaten ari dela dio: «Azken finean urte bakoitza ezberdina da, baina esan daiteke Beñatek eta biok aurreko denboraldian asko disfrutatu genuela entrenatzen, eta aurten ere bide beretik hasi dela. Aurreko denboraldian egin genituen gauza batzuk aldatu egin ditugu, batez ere entrenatzeko moduari eta metodologiari dagokionez. Taldea eramateko moduarekin oso gustura gaude, jokalariek gogo handia dutelako bai entrenatzeko eta baita lehiatzeko ere».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!