Mailaz igotzeko lehian egon nahi dute berriz

Imanol Garcia Landa 2022ko urr. 26a, 16:00

2022-2023 denboraldiko Redline Mekanika TAKE taldea.

Redline Mekanika TAKEk lehen hiru partidetatik bi irabazi ditu eta bat galdu. Ohiko liga formatua dute denboraldi honetan.

Ligako lehen bi partidak irabazi ondoren, Euskal Ligako lehen mailan jokatzen duen Redline Mekanika TAKE saskibaloi taldeak hirugarren partida galdu zuen asteburuan Deusto Unibertsitatea Loiola Indautxuren aurka, 62-58. «Partida zaila zen asteburu honetakoa Bilbon. Aurreko denboraldian, guk bezala, talde horrek igoera fasea jokatu zuen eta talde indartsua da», esan du Goar Artetxe entrenatzaileak. «Denboraldia oso ondo hasi dugu, bi garaipen erraz eta onak lortu genituen, eta oraingoan ez da posible izan». Berdindua joan zen partida, TAKE lau puntu aurretik izan zen sei minutu falta zirela, baina bukaeran ez zuten asmatu. «Badakigu lehenago edo geroago etor zitekeela lehen porrota, eta hobe orain iristea gauzak zuzentzen joateko».

Artetxe gustura dago taldea nola ari den jokatzen eta lehiatzen ikusita. Ligako hiru partida jokatu dituzte, eta aurretik kopako bi kanporaketa jokatu eta irabazi egin dituzte. «Taldea oso lan ona egiten ari da bi hilabete hauetan. Asteburuan iritsi zen lehen porrota baina oso kontentu nago. Talde oso gaztea da, eta ordainsari hori ordaindu dezakegu partida berdinduetan, baina sekulako lana egiten ari dira. Denboraldia oso luzea da eta hasi besterik ez gara egin», esan du entrenatzaileak.

Helburua aurreko denboraldian baino zertxobait hobeto aritzea dela gaineratu du: «Nire ustez, goian izango gara, eta lesioekin ez badugu arazo handirik, egiten ari den lanarekin eta azken bi urteetan egin dugun lanarekin, hor goian egongo gara. Igotzea oso zaila da, eta nahiz eta denboraldi ona egin beste taldeak ere hor izaten dira borrokatzen. Igotzeko helburu hori lortzeko borrokatuko dugu». Aurreko denboraldian oso gertu egon ziren: «Ikusita zein diren gure baloreak eta gure identitateak bai erasoan eta bai defentsan, ea aurrera pauso txiki hori ematen dugun. Oso zaila da, baina saiatuko gara». Aurreko denboraldian bost-sei talde zeuden oso berdinduta, eta nahiz eta Bilbao Basket eta Tabirako igo ziren, EBA ligatik beste bi talde jaitsi dira. «Maila horretatik datozen taldeak oso indartsuak dira, eta denboraldi honetan ere sortuko da igotzeko aukerak izango dituen bost-sei taldeko multzoa».

Aurreko denboraldian bi multzo eta bi fase izan bazituen ligak, denboraldi honetan ohiko liga egingo dute, eta talde guztiek beste guztien aurka jokatuko dute etxean zein kanpoan. Hamalau talde daude, eta, beraz, 26 jardunaldi izango dira. Liga irabazten duenak zuzenean lortuko du igotzea, bigarrenetik bosgarrenera sailkatzen direnak lauko finala jokatuko dute, eta horko irabazlea ere igo egingo da. «Aurtengo formatua justuagoa iruditzen zait, ligako onena igoko delako. Aurreko denboraldian gu izan ginen garaipen gehien lortu zuen taldea, baina bi fasetan jokatu zenez, ez zigun balio izan igoera lortzeko», zehaztu du Artetxek.

Hirugarren denboraldia da Artetxerentzat mutilen lehen taldea entrenatzen. «Oso kontentu nago. Lehen urtea pandemia urtea tokatu zitzaigun, eta garai horretan izan ziren buruhauste guzti horiei batu zitzaion ni berria nintzela jokalarientzat. Nire ideiekin, nire filosofiarekin, denboraldi txukuna burutu genuen, baina egia da entrenatzaile batek hiru-lau urte behar dituela lan orokor bat egiteko. Jokalariek zure kontzeptuak barneratzeko denbora behar dute». Bere helburua jokalariak gero eta hobeak izatea da: «Nire ustez helburu hori lortzen ari gara eta oso kontentu nago».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!