Tolosako Hezkuntza Mahaia eraiki eta martxan jartzeko lehen saio irekia egingo dute gaur

Ataria 2022ko urriaren 26a

Kultur etxean izango da, 17:30eatik 20:00etara. Hezkuntza arloaren herri ikuspegia indartu, eragileen arteko koordinazioa eta komunikazioa hobetu eta bisio partekatu bat eraikitzeko gunea sortzea da helburua.

Tolosako Udalak garrantzia berezia eskaini nahi dio Hezkuntza arloari, «etorkizuneko giltzarri nagusietako bat delako». Ildo horretan, Tolosako Plangintza Partekatua 2017-2027 dokumentu estrategikoan, herri hezitzaile eta ireki bat sustatzeko ildo estrategikoarekin batera, Hezkuntza Mahai bat martxan jartzeko proposamena jaso zuen, eragileen artean koordinazioa sustatzeko, hezkuntzako erronkei erantzuteko eta baliabideen osagarritasuna lortzeko ere.

Azken urteotan, hori lortze aldera, urrats ugari eman ditu. Horien artean nagusiena, Tolosatzen Eskola Irekia proiektua martxan jartzea, bereziki, sendotze komunitarioa bultzatze aldera. Proiektu horren bitartez, hezkuntza komunitatearen beraren diagnostikoa ere egin zuen udalak.

Horrela, orain, 2017-2027 Plangintza Partekatuan zein Tolosatzen Eskola Irekiaren baitan hezkuntza alorraren inguruan egindako lanketari jarraipena emanez, Tolosako Hezkuntza Mahaia eraikitzeko eta martxan jartzeko parte-hartze prozesua abiatu du, Emun Aholkularitza enpresaren gidaritzapean. Prozesu horretan, bi saio ireki egingo dituzte; gaur izango da lehena, 17:30eatik 20:00etara, kultur etxean. Bigarrena, azaroan egitea aurreikusten du udalak.

«Helburu nagusia hezkuntza arloaren herri ikuspegia indartu, eragileen arteko koordinazioa eta komunikazioa hobetu eta bisio partekatu bat eraikitzeko gunea sortzea da, udala herrira zabaltzeko eta hezkuntza komunitatea kohesionatzeko», azaldu dute udaletik.

Gaurko saio irekian, parte-hartze prozesuaren aurkezpena egingo diete parte-hartzaileei, betiere, dinamika bidez eta, horrez gain, Hezkuntza Mahaiaren oinarriak, ezaugarriak eta, oro har, ekintza plana (onurak, zailtasunak, helburuak, funtzioak...) zein izango diren azalduko diete. Amaieran, erronkak identifikatu eta saioaren balorazioa egingo dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!