Euskal pastelaren 1.000 zati banatuko dituzte larunbateko Tolosa Goxua azokan

Tolosaldeko Ataria 2022ko urr. 25a, 16:54

Euskal pastela balioan jartzeko lan egiten duen Eguzkia elkartea izango da gonbidatu nagusia, eta lehen aldiz, bi kategoria izango ditu postre lehiaketa herrikoiak: euskal pastelena eta sagar tartena.

Oraingoz udazken girorik ez izan arren, udazken betean sartuta, Mikologika azoka ospatu zuten pasa den astean Tolosan. Larunbat honetan, berriz, urteko azokarik gozoena egingo dute: Tolosa Goxua. Xarles Iturbe Tolosako Udaleko Merkataritza, Feriak eta Turismo saileko zinegotziak adierazi duenez, gozogintza sektoreko profesionalen eta gozozaleen egutegian «ondo markatutako eguna» da. «Ondo irabazia du arrakasta hori, hango eta hemengo postre eta gozoak ezagutu eta dastatzeko aukera ematen baitu festa kutsuko azoka honek».

Herriko gozogileekin elkarlanean, tradizioa eta berritasuna uztartuz, erreferentzialtasuna lortu duen azoka berezia da. Trianguloa plaza izango da gozotegien lanaren erakusleihoa, eta guztira, 23 postu egongo dira, 9:00etatik 14:00etara bitarte. Tolosaldeko, Euskal Herriko beste txokoetako eta Kantabriatik etorritako gozogileen 19 postu eta eztigintzako beste lau jarriko dituzte.

Aurreko urteetako edizioekin alderatuta, berrikuntzak izango dira. Batetik, euskal pastela edo biskotxa izango da aurtengo protagonista. Bere tradizioa berreskuratu eta balioan jartzea helburu duen Eguzkia elkartea gonbidatu dute, eta bertako kideen laguntzarekin, euskal pastel erraldoiak 1.000 zatitan banatu, eta gerturatzen diren bisitariei emango dizkiete, herriko lau gozogile artisauen laguntzarekin. Eguzkiako kideek ekarriko dituzte pastel horiek; bi gereziekin beteta egongo dira, eta hiru, kremazkoak izango dira. Tamaina txikiagokoak ere ekarriko dituzte, banakakoak edo sei lagunentzakoak, saltzeko.

28. edizioa izango da aurtengoa. Lehen aldi hura gogora ekarri du Rafa Gorrotxategik, urte hartan uholde handiak izan baitziren Tolosan. Aurten omenduko duten euskal pastelaren inguruko xehetasunak eman ditu gozogileak. «Lehen, tradizio handiko gozoa izaten zen, batez ere Lapurdin. Hastapenetan, txerri-gantzarekin eta eztiarekin egiten zuten, betegarririk gabe. Beranduago, gereziekin edota masustekin betetzen hasi ziren; gaur egun, gurinarekin egiten dute, eta kremazkoa edo txokolatezkoa izaten da gehienetan».

Euskal pastelaren gailetak

Urteroko postre lehiaketa herrikoian ere izango du presentzia euskal pastelak, baita sagar tartak ere, aurten, estreinakoz, bi kategoriatan banatu baita txapelketa. Parte hartu nahi dutenek, 9:30eatik 10:30eara bitartean utzi beharko du bere postrea Trianguloa plazan, erabilera bakarreko erretilu batean. Hala ere, aurrez izena eman beharko dute Goxua.eliker.eus webgunean. Kategoria bakoitzeko postre bana aurkeztu ahal izango du bakoitzak.

Eva Argiñanok, Elena Arzakek, Armintz Gorrotxategik eta Eguzkia elkarteko Beñat Darriguesek osatutako epaimahaiak ebatziko du zeintzuk diren txapelketetako postrerik onenak. Kategoria bakoitzeko irabazleak 200 euroko erosketa txekea jasoko du, Tolosako lau gozotegi artisauetan (Eceiza, Ibañez-Gozona, Rafa Gorrotxategi edota Saizar) erabiltzeko. Bigarren puntuaziorik altuena lortzen dutenek, berriz, 160 euroko erosketa txartel bana lortuko dute.

Haurrekin abiatutako lanketak jarraipena izango du aurten ere. Etxeko txikienen artean gozogintzarako grina sustatzea ere bada Tolosa Goxuaren beste asmoetako bat. Bada, helburu horrekin, azken urteotan haurrentzako tailerrak antolatu dituzte. Aurten, Euskal pastelaren gaileta egiten ikasiko dute 8 eta 12 urte arteko gaztetxoek. Ordu erdiko lau txanda izango dira, 10:30ean hasita. Izen-ematea doakoa da, eta parte hartu nahi dutenek aurrez eman behar dute izena Goxua.eliker.eus webgunean.

Gozogintzaren erronkak definitu nahian

Tolosa Goxuaren aurtengo edizioa, ordea, azokaz haratago doa. Eliker Kalitatezko Elikaduraren Zentroaren eskutik, gozogintza sektoreak dituen erronkei erantzuteko, sektoreko profesionalen topaketa egingo dute azaroaren 23an, asteazkena, Rafa Gorrotxategi museoan. Berez, asteburu honetan zen egitekoa, baina atzeratu egin dute.

Elikerrek lan lerro ezberdinak dituen ikerketa bat abiatu du azukrearen kontsumo aldaketei lotuta, sektorearen etorkizuna bermatzeko helburuarekin. Lan lerro berriak sortzeko hainbat proposamen jorratu dituzte azterketa horretan, hala nola, barazkien erabilera sustatzea gozoen azukre eta gantz kopurua murrizteko edota merkaturatze eredu berriak lantzea, bertako gozoak gastronomiako altxor gisa tratatuz. Lan lerro guztiak eta ikerketaren emaitzak partekatuko dituzte topaketan. «Gozogintza osasungarriago bat sortzeko jomuga du Elikerrek, sektorearen etorkizuneko beste negozio-lerro baten gisan», esan du Iturbek.

Egitaraua
  • Urriak 29, larunbata
    • 9:00-14:00. Tolosa Goxua azoka berezia, Trianguloa plazan.
      • 9:30-12:00. Postre lehiaketa herrikoiak: Euskal pastela eta sagar tarta. Izen-ematea: Goxua.eliker.eus webgunean.
      • 10:30-12:30. 8 eta 12 urte arteko haurrentzako tailerra: Ikasi Euskal pastelaren gaileta egiten, Tolosako gozogileekin. 4 txanda egongo dira. Izen-ematea: Goxua.eliker.eus webgunean.
      • 12:20. Tolosa Kantari.
      • 12:30. Euskal pastel erraldoiak: Tolosako gozogileek Eguzkia elkarteko kideekin batera prestatu eta banatuko dituzte.
  •  Azaroak 23, asteazkena
    • 15:30. Gozogintza sektoreko profesionalen topaketa eta Elikerren ikerketaren ondorioen aurkezpena, Rafa Gorrotxategi museoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!