Erreportajea

«Nahi duguna da berriro ere kontzertuak egiteko aukera izatea»

Asier Imaz 2022ko urr. 25a, 11:59

Tolosako 3 tabernan azken bi igandeetan ez da kontzerturik izan bizilagun batek aurkeztutako kexa baten ondorioz.

Duela hiru urte eta erdi zabaldu zuten Tolosako Oria kalean kokatutako 3 taberna. Otorduak eta edariak emateaz gain, ohikoa da bertan erakusketak ikustea eta baita zuzeneko musika entzutea ere. Baina, azken bi asteetan astero izan ohi ziren kontzerturik ez da izan. Eta, momentuz bizilagunen kexa eta udalaren etete eskaera tarteko ez dituzte gehiago iragarriko.

Patxi Ruiz de Eguilaz 3 tabernako jabeak azaldu duenez, hasieratik izan dute buruan kulturari lekua ematea. Erakusketak jartzen dituzte, bakarrizketak antolatu dituzte, tertulia filosofikoak, liburutegi modukoa ere zabaldu dute, umeentzako jolasak egiten dituzte, eta kontzertuak egiten dituzte. «Tabernaren inaugurazioarekin batera hasi ginen kontzertuekin, eta ordutik astero bat izan dugu». Hori bai, kontzertuak akustikoak izaten direla argi utzi du; «bi bozgorailurekin, zarata gutxiago egiteko», eta igandeetan, «18:00ak aldera hasita, eta beti 21:00ak baino lehen bukatuta».

Kontzertu horietarako baimen berezirik ez zuten eskatzen, Tolosako ordenantzak leku publikoetan gisa horretako kontzertuetarako ez duelako behartzen; «uda hasieran, baina, udal teknikari batek deitu zidan esanez Tolosako agendan gure kontzertuak iragartzeko udalaren baimena behar zutela, eta ordutik baimena eskatzen hasi nintzen».

Kontzertuetarako eskaera eta baimena ematea normaltasunez egin dute astero, duela bi astera arte; «iragarrita zegoen kontzerturako baimena eman ordez, erantzun zidaten bizilagunen kexak direla eta udal teknikariek txosten bat egin arte ezin ziotela eskariari erantzun». Olatz Peon alkatearen deia ere jaso zuen Ruiz de Eguilazek: «Larunbatean deitu zidan kontzertua ez egiteko eskatuz eta urgentziazko bilera bat egitekotan geratu ginen».

Bada, duela bi asteko kontzertua bertan behera geratu zela iragarri zuen, eta alkatearekin bilera iragan ostegunean izan zuen; «bilera horretan lau atarik osatzen duten komunitatearen izenean aurkeztu zuela kexa bizilagun batek azaldu zidaten, eta txostena egin behar dutela teknikariek. Alkateari esan nion harritzen ninduela komunitate horrek kexa agertu izana, harreman ona dudalako, eta horrelako zerbait balitz jakinaraziko zidatelako».

Bileraren ostean, atari horietako bizilagun batzuekin hitz egin zuen, eta euren izenean aurkeztutako kexaren inguruan ez zekitela ezer esan zioten. Alkatearekin jarri ziren bizilagunak harremanetan, esanez ez zutela gai horren inguruko berririk, eta Ruiz de Eguilaz berak ere gauza bera egin zuen. «Hori jakin ostean, alkateak esan zidan saiatu zela kexa agertu zuen pertsonarekin harremanetan jartzen, baina ez zuela erantzunik izan».

Igaro den iganderako ere kontzertu bat iragarrita zuten 3 tabernan, baina hori ere bertan behera utzi zuten. «Udala komunitatearen izenean aurkeztu den kexa hori egiaztatzen egongo da, baina, iruditzen zaigu kontzertuak etetea eskatzeko erabakia hartu aurretik kexa horren inguruan gehiago jakin behar zutela. Guk nahi duguna da hau guztia konpontzea eta berriro ere kontzertuak emateko aukera izatea».

Herritarren babesa

Kulturari bultzada ematearekin batera, astea borobiltzeko oso ondo etortzen direla kontzertuak dio. «Momentuz igande honetarako ez dugu ezer lotuta, baina, bai datorren astelehenerako, festatxo bat egingo baitugu gau beltzaren bueltan”.

Kontzertuen afera konpondu bitartean, sare sozialetan herritarren babesa jaso dute, eta sinadura bilketa ere jarri dute abian Change.org plataforman, kontzertuak ez debekatzea eskatzeko. Herenegun jarri zuten, eta dagoeneko 600 pertsona baino gehiagok sinatu dute. «Jasotako erantzunarekin oso pozik gaude, eta indarra ematen digu». Tabernan bertan ere jarri dute sinatuz babesa azaltzeko aukera. «Bizilagun batzuk ere prest agertu dira idatzi bat egiteko kontzertuek ez dutela eragozpenik sortzen eta positiboak direla azalduz».

Izan ere, 3 tabernako jabeak nabarmendu du bizilagunekin «harreman ona» dutela, eta bezero asko bertakoak direla, «baita kontzertuetara joaten direnak ere; balkoitik ere ikusten egoten dira batzuk, eta askorengatik jaso dudan inpresioa da ez diela molestatzen, alderantziz, plaza hobetu egin dela esaten didate, lehen gune ilun bat zelako».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!