Tolosako tokiko merkatarien ekonomia biziberritzeko kanpaina

Ataria 2022ko urriaren 24a

Miren Lasa Ariztimuño (Kutxabank), Xarles Iturbe (Tolosako Udala), Garbiñe Mozo Aroztegieta (Tolosa & Co) eta Martxelo Otamendi (Berria), gaurko aurkezpenean.

Berria egunkariak merkatari txikien jarduna biziberritzea helburu duen Berria Zabalik kanpaina abiarazi du. Parte hartu nahi duten merkatariek izena eman beharko dute bihartik azaroaren 4ra bitarte. Herritarrek 1.000 euroko saria eskuratu ahal izango dute.

Berria Zabalik kanpaina aurkeztu dute gaur. Berria egunkariaren kanpaina da eta helburua da Tolosako merkatari txikiei ikusgarritasuna ematea. «Saltoki txikiek bizitza ematen diete herriei, eta ezinbesteko eragileak dira herritarrentzat». Egitasmoaren helburua tolosarrak euskaraz kontsumitzera animatzea ere badela azaldu dute, eta hizkuntza bera gerturatzea beraien egunerokora.

Kanpaina bi kolpetan gauzatuko dela esan dute. Lehenengoan, egitasmoan parte hartu nahi duten merkatariek izena eman beharko dute horretarako prestatu den online formulario batean  bihartik azaroaren 4ra bitartean.

Sariak parte hartzen duten bi aldeentzat izango dira. Izan ere, batetik, Kutxabank-ek diruz babestuko du Tolosako dendetan gastua egiteko 1.000 euroko bonua, eta, bestetik, Berriak 1.000 euro banatuko ditu kanpainan parte hartu duten saltokien artean, Berria egunkarian publizitatea erabiltzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!