Perretxikoen plaza

Leyre Carrasco 2022ko urriaren 22a

Giro ederrean ospatu dute Mikologika festako azken eguna. Perretxikoen erakusketa, haurrentzako tailerra, azoka eta erakusleiho lehiaketaren sari banaketa egitea ez ezik, mundu mailako errakorra gainditzea lortu dute aurtengo edizioan.

Gosearekin zebilena tripa betetzeko aukera izan du Tolosako Casino elkarteak antolatu duen Mikologika festan. Hainbat txanpiñoi pintxo dastatzeaz gain, munduan inoiz prestatu den saltsan egindako txanpiñoi kazola handienatik jateko aukera ere eskaini dute. Izan ere, mundu mailako errekorra gainditzea lortu dute goizean Mikologikako antolatzaileek. Goizeko bostetan ekin diote lanari, eta hamaikak aldera jada prest zeukaten 350 kiloko txanpiñoi kazola. Pazientzian eta suan dagoela sekretua aipatu dute antolakuntzakoek: "Aurreko urtean ez genuen sua ondo egotea lortu, baina aurtengoan sua fuerte mantentzea lortu dugu. Hori da kazola hau egiteko sekretua".

Horrez gain, eskualdeko ikasleek bezperan bildutako perretxikoen erakusketa ikusteko aukera ere izan da, baita haurrentzako eskulan tailerra ere. Tolosako dendariek ere bat egin dute Mikologikarekin, eta gaiari lotuta, erakusleihoak apaintzen hasi ziren urriaren 17an, eta gaur egin dute sari banaketa; Azpiroz Farmaziak lortu du bigarren saria, eta irabazlea berriz, Arteka izan da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!