San Esteban auzorako hirigintza aukerak herritarrekin partekatuko ditu udalak

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko urr. 21a, 15:55

Azaroan eta abenduan parte hartze saioak egingo dituzte auzotarrekin eta herritarrekin, eremuaren garapenerako proposamenak tolosar guztiekin elkarbanatzeko.

Tolosako Udalak legealdiak daramatza San Esteban auzoko eremuaren garapena egikaritzeko urratsak egiten. Orain arte egindako ibilbidea eta landutako aukera ezberdinak herritarrekin eta auzotarrekin partekatzeko aurrera eramango den prozesua azaldu dute Olatz Peon Tolosako alkateak eta Egoitz Sorozabal Lurralde arloko zinegotzi arduradunak.

Sorozabalek nabarmendu du aurreko urteetan auzoan egindako inbertsio ezberdinei eutsi behar dietela, eta urte amaierarako, eremu horretan 100.000 euro inguruko inbertsioak eginda izango dituztela aurreratu du. «Prozesu luzea izaten ari da konplexutasun handiko eremua delako. Errealitate oso ezberdinak ditu auzoak: erabilera industrialeko eraikinak, aparkalekuak, etxebizitzak, erabilera ezberdinetako azpiegiturak... horrek guztiak beharrezkoa egin du azterketa sakona eta zehatza egitea», gaineratu du alkateak.

Sabai Arkitektoak SL enpresa gauzatzen ari da azterketa, bi fasetan. Lehen fasean, informazio eta diagnosi dokumentua garatu zuten, jada amaitua dagoena. Bigarrenean, alternatiben inguruko hasierako dokumentua lantzen ari da enpresa. Hori da herritarrekin partekatuko dutena, HAPO-aren aldaketarako oinarriak behin betikoz finkatzeko. 

Lanketaren azken fasean murgilduta, eta indarrean dagoen legediak eskatuta, azaroan abiatuko dute parte hartze prozesua. Guztira bost saio egingo dituzte: informazio saioa, hiru tailer eta amaiera edo itxiera saioa.

  • Informazio saioa: Bereziki auzotarrei zuzendua izango da, eta informazio eta diagnostiko dokumentuaren laburpena eta ingurumen ebaluazioa azalduko zaizkie. Alternatiba ezberdinetan oinarritzat hartuko diren zehaztapenak ere erakutsiko zaizkie.
  • 1. tailer irekia: Eremuaren ipar-ekialdeko zatiaren (Zuberoako etxebizitzak eta San Juan kalea 10-12 zenbakiko etxebizitzen artean gelditzen den eremua) antolamendua landuko da saio honetan. San Esteban auzoko etxebizitza gehienak bertan daude eta eremuak tratamendu berezia eta zehatza behar duela atzeman du udalak.
  • 2. tailer irekia: Eremuaren gainerako zatiaren antolamendua lantzeko saioa izango da. Batez ere, jarduera ekonomikoak eta ekipamenduak daude gaur egun gune horretan.
  • 3. tailer irekia: Aurreko saioen ostean, jendaurrean jarriko da dokumentua eta dokumentua bera azaltzeko tailerra egingo da. Ekarpenak edota iradokizunak egiteko epea zabalduko zaie herritarrei. Epe hori legealdia amaitu aurretik amaituko dela ziurtatu du Sorozabalek.
  • Azken itxiera saioa: Epe hori igarota, jasotako ekarpenak teknikoki aztertuko dira eta behin betiko proposamen teknikoaren aurkezpena egingo da. 

Urriko osoko bilkuran onartuko du udalbatzak parte hartze programa eta azaroan abiatuko da prozesua. Azaroa eta abendua bitartean egingo dituzte lehen informazio saioak eta bi tailerrak, eta datozen asteetan jakinaraziko dituzte data zehatzak. «Hurrengo legealdirako oinarriak prest uztea da egindako azterketaren eta partaidetza prozesuaren helburua, ahalik eta adostasun zabalenarekin, bai herritarrei zein gainerako alderdiei dagokienez, etorkizun hurbilean auzoaren garapena egikaritzeko», azaldu du Sorozabalek.

Eremuan udalak egin nahi dituen lanen inguruan, Lurralde arloko zinegotziak ez du baieztatu zenbat etxebizitza eraikiko dituzten. «Hasiera batean 1.200 etxebizitza egitea zen asmoa. Gerora, hirigintza prozesua aurrera eramateko baldintzetako bat kopuru hori jaistea zen».

Auzoko ekipamendu garrantzitsuenen inguruan, ondorengoa esan du Sorozabalek: «Dokumentuan zehaztuko ditugu ekipamendu ezberdinak (Ferialekua eta Bonberenea, esaterako) zenbateraino aprobetxatuko ditugun. Alternatibez hitz egien dugunean, gerta daiteke udalak posizionamendu bat izatea. Bonberenea, adibidez, eraikin historikoa da, ibilbide bat duena, baita balio bat ere. Sentsibilitate hori ere irudikatu beharko da alternatiba horietan. Alternatiba ezberdinak egon daitezke, baina irizpide modura ezarri zen, ekipamenduak, ahal den neurrian, mantendu egin behar direla. Horien arabera egingo ditugu lanak». Aurreratu duenez, datorren legealdian hasiko dira lan horiek.

Etxebizitza babestuen aldeko apustua

Peonek azpimarratu du herrian garatzeke gelditzen den eremu zabal bakarra dela San Esteban. «Garrantzia handia du eremu honen garapenak, herritarren eta auzotarren egungo zein etorkizuneko beharrei erantzun diezaion. Horregatik, beharrezkoa da orain arte landu ditugun aukera ezberdinak auzotarrekin eta tolosarrekin partekatzea, adostasun zabala lortzeko, betiere, bideragarritasun ekonomikoa eta eraikigarritasuna kontuan izanda», azaldu du. 

Eremuaren garapenerako azterketa sakona abiarazi aurretik, helburu nagusiak eta eremuaren garapenerako baldintzak finkatu zituen udalak auzotarrekin eta bertako eragileekin: «Eremua eraberritzea eta berregokitzea da helburua, genero ikuspegia txertatuz, auzo irisgarria, atsegina eta kulturalki bizia izan dadin. Oinezkoei protagonismo handiagoa emango zaie, hirigintza orekatu eta erakargarriarekin, auzoaren nortasuna zainduz eta auzoaren izaera berdea mantenduz, landa ingurunearen eta herrigunearen arteko eremuaren jarraikotasuna bermatuz. Eta noski, eremuaren garapenak tolosarren egungo zein etorkizuneko beharrei erantzun beharko die, azpiegiturei zein etxebizitzei dagokienean, etxebizitza babestuen aldeko apustuan».

Auzoaren garapena egungo beharretara egokitzeko eta auzoaren garapenerako oinarriak zehazteko 2019ko martxoan azterketa sakona abiarazi zuen udalak, «auzoaren garapena faseka egitea ezinbestekoa delako, bideragarritasun ekonomikoa bermatze aldera». Aurreko legealdietan San Esteban auzoa garatzeko planteamendu ezberdinak egin izan dituzte, momentuan momentuko egoera sozioekonomikoari eta herritarren beharrei erantzuteko. «Beharrak eta legeak aldatuz joan dira», esan du alkateak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!