N-1ean zarataren aurkako pantailak jartzen hasiko dira hurrengo astean

Tolosaldeko Ataria 2022ko urr. 21a, 14:59

Herrikide ikastetxearen parean hasiko dira pantaila akustikoak jartzen, Lizartzara doan GI-2135 lotuneko estrukturan bukatuz. Milioi eta erditik gorako kostua izango dute lanek, eta zazpi hilabeteren bueltan amaitzea espero da.

Zarataren aurkako pantailak Gasteizko noranzkoan jarriko dira N-1 errepidean. Gipuzkoako Foru Aldundiak datorren hastean hasiko ditu Tolosan egingo dituen lanak. Aurrez jarrita dauden pantailei jarraipena emango zaie. «Era berean, ukitutako tarte osoan dagoen euste sistema ordezkatuko da, indarrean dagoen araudira egokitzeko», azaldu du Aintzane Oiarbide Bide azpiegituretako diputatuak Izaskun auzoan.

Lanen kostua 1.581.899,20 eurokoa izango dela zehaztu du Oiarbidek, eta datorren urteko apirilean amaituta egotea aurreikusten dute: «N-1 errepideak trafiko handia du. Eguneko bataz besteko intentsitatea 47 mila ibilgailutik gorakoa da. Gainera, hainbat herriren ondotik doan bide bat da eta kutsadura akustikoa eragiten du». Foru aldundiak egindako azterketa batean, Gipuzkoan zehar, baimendutakoak baino zarata maila handiagoak jasaten dituzten eremuak identifikatu dituztela esan du diputatuak, «eta Tolosako inguru hau horietako bat da», gaineratu du. «Horregatik, neurri zuzentzaileen ondoren Tolosak bere egoera akustikoa hobetuko du».

Tarte gehienean 4 metroko metalezko pantaila akustiko fonoxurgatzaileak jarriko direla esan du Aintzane Oiarbidek: «Lurraren kotak 2 metroko altuera duen puntuetan, pantailak 2 metrokoak izango dira, guztira 4 metroko apantailamendua lortuko delarik. GI-2135 lotunean dagoen estrukturan ere 2 metroko pantailak jarriko dira».

Egin beharreko lanek trafikoan ez dute eragin nabarmenik izango Bide azpiegituretako diputatuaren esanetan: «Bazterbidea okupatuz egingo dira lanak. Errailak estutuko dira baina bi mantenduko dira. Errail bakarra uztea eskatzen duten lanak gauez edo asteburuan egingo dira».

Olatz Peon Tolosako alkateak Gipuzkoako Foru Aldundiaren inbertsioa eskertu du, «udalerriarentzat berri ona dela» eta «herritarren egunerokoa hobetuko dela» esanaz. «Urteetan herritarrek eskatu ondoren, 2020an jarritako pantailek herriko erdigunean kutsadura akustikoa murrizten lagundu dute, eta oraingoan, N-1 errepidean jarriko diren pantailek Bidebietako, Igarondo kaleko eta Izaskun auzoko bizilagunen bizi-kalitatea eta atsedena hobetuko dute».

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!