Bihar jarriko dira salgai 'Kantu bat gara' ikuskizunerako sarrerak

Ataria 2022ko urr. 21a, 17:59

Kantu bat gara emanaldia Iruñeko Gayarre antzokian.

Presentzialki soilik eskuratu ahalko dira Galtzaundiren egoitzan, 10:00etatik 12:00etara. Galtzaundikideek eta Atarikideek deskontua izango dute.

Jon Maia bertsolariaren Kantu bat gara ikuskizunak Tolosan egingo du geldialdia azaroaren 11n. Leidor aretoan izango da emanaldia, 19:00etan, eta Jon Maia ez da bakarrik arituko, berarekin batera izango dira eszenatoki gainean, Gorka Hermosa akordeoilaria, Pello Ramirez biolontxeloan edo eta Natxo Soto teklatuetan. Emanaldia Galtzaundi Euskara Taldearekin elkarlanean antolatu du ATARIA-k.

Emanaldirako sarrerak presentzialki soilik eskuratu ahalko dira. Bihar jarriko dira salgai, 10:00etatik 12:00etara, Galtzaundi Euskara Taldearen egoitzan. Emanaldiko sarrerek 15 euroko prezioa dute, eta Galtzaundikideek eta Atarikideek deskontua izango dute; 13 eurotan eskuratu ahalko dute sarrera. Egunean bertan ez badira sarrera guztiak saltzen, Galtzaundiren egoitzan egongo dira salgai urriaren 24tik aurrera. 

Izan ere, 30 urte dira Jon Maia bertsolariak bere aurreneko kantak idatzi zituenetik, Negu Gorriak taldearen Gure jarrera diskorako. Ordutik Euskal Herriko hainbat eta hainbat talde eta abeslarirentzat idatzi ditu kantuen hitzak: Negu gorriak, Gari, Mikel Urdangarin, Anari, Benito Lertxundi, Soziedad Alkoholika, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Gozategi, Ken Zazpi… Horietako kantu asko eta asko jendearen gogoan gelditu dira dagoeneko: Itsasoari begira, Gora Herria, Lehenbiziko bala, Nirekin, Non geratzen den denbora, Eskuetan, Itsasoa gara, Zaharra zara Bilbo eta abar…

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!