Jada eman daiteke izena Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoan

Tolosaldeko Ataria 2022ko urr. 21a, 16:30

Aurten, igandean ordez, larunbatean izango da lehiaketa, azaroaren 19an, Alondegia plazan. Azaroaren 10ean amaituko da epea.

2019ko lehiaketaz geroztik, antolatu ezinik ibili da Gure Kaiola elkartea. Aurtengoa, ondorioz, «ilusio handiarekin eta berrikuntza ugarirekin» ari dira prestatzen. Egitarauaren berri aurrerago emango badute ere, lehiaketaren izen-ematea ireki du Tolosako elkarte gastronomikoak.

Aurten, azaroaren 19an (larunbata) izango da lehiaketa, Alondegia plazan. 22 bikotek parte hartuko dute gehienez eta plazan bertan kozinatu beharko dute Berastegiko Sebas Gartziarenaren babarruna (azken edizioan saridun izandakoa). Bikote onenak 400 euro, txapela eta produktu sorta bat irabaziko ditu. Izen-ematea WhatsApp edo mezu bitartez egin daiteke 605 426 533 zenbakian edo gurekaiola@hotmail.com helbide elektronikoan; epea azaroaren 10a izango da.

Lehiaketaren oinarriak:

  1. Lehiaketa Tolosako Alondegi Plazan izango da.
  2. Parte hartzaile bakoitzak kilo bat babarrun prestatu beharko ditu.
  3. Antolatzaileek emango diete babarruna parte hartzaileei. Tolosako Udalak antolatutako Tolosako Babarrun Ekoizleen Lehiaketan saritutako ekoizlearena izango da babarrun hau. Kasu honetan, Berastegiko Sebas Gartziarenaren babarruna.
  4. Nahi adina osagai erabil daitezke, betiere babarruna nagusitzen bada. Prestatzerakoan erabilitako osagaiak bakoitzaren kontu izango dira.
  5. Parte hartzaileek Tolosako Alondegi Plazan bertan egin beharko dute babarruna, goizeko 8:00etatik aurrera.
  6. Prestatutako babarrunak aurkezteko ordua: eguerdiko 12:00ak.
  7. Babarrunak lehiakideei itzuliko zaizkie epaimahaiaren erabakiaren ondoren.
  8. Gehienez 22 bikotek parte hartuko dute lehiaketan (izendapen askeko 2 bikote barne, bat Tolosako Udalaren aldetik eta beste bat Gure Kaiola Elkartearen aldetik).
  9. Izen emandako lehiakideen kopurua plaza erabilgarriena baino handiagoa bada, zozketa egingo da Gure Kaiola Elkartean azaroaren 11n, ostirala, 20:00etan.
  10. Zozketaren ondoren, antolakuntza lehiakideekin harremanetan jarriko da izen-ematea baieztatzeko. Baieztapen hori egin ahal izateko, lehiakideek, izena ematerakoan, lehiakide-bikotearen izen-abizenak eta harremanetarako telefonoa adierazi beharko dituzte.
  11. Izena emateko epea azaroaren 10ean, osteguna, 24:00etan amaituko da.
  12. Arauak errespetatzen ez dituen oro deskalifikatuko da.
  13. Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da.
SARIAK
  • 1. saria: 400 euro, txapela eta produktu-sorta.
  • 2. saria: 200 euro eta produktu-sorta.
  • 3. saria: 100 euro eta produktu-sorta.

Oharra: Sari banaketaren ondoren, bikote lehiakide guztiak Gure Kaiola Elkartearen lokalean (Santa Maria kalea, Tolosa) ospatuko den bazkarira gonbidatuta daude. Bikote lehiakide bakoitzak beste bi lagun gonbidatu ahal izango ditu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!